euskal diaspora eta kultura
2009/10/09
PUBLIZITATEA
Baigorri, Nafarroa Beherea. Iazkoan ehunda laurogei bat lagun baziren, aurtengoan berrehundik puskat gora izan dira urtero Nafarroa Beherean urriaren lehenengo asteburuan egiten den 'amerikanoen' bazkari eta egunpasa honetara joan den igandean bildutakoak. Giroa ezinhobea zen Baigorriko Xokoa bilkura eta ospakizun lekuan, bertan ezarritako mahaietan egin baitzen bazkaria. Bazkaldu bitartean, kantuak ere egin ziren akordeonak lagundurik eta Angèle Martikorena Añorga --Erramun Martikorenaren arreba; ama Kalifornian jaiotako euskalduna zeukaten Angèle eta Erramunek-- kantu animatzaile ibili zen, baita antolatzaile lanetan ere, Henri Oçafrain-ekin batera.
[Henri Oçafrain bankarra, urteroko amerikanoen festako antolatzaile da hondarreko bost urtez (argazkiak eta bideoa EuskalKultura.com)]
Duela bost urte euskalerriratu zen Henri Oçafrain bankarra, Kaliforniako San Frantziskon andana bat urtez bizi izan ondoren. Kalifornian sortu ziren bere semea eta alabak, hiruak Baigorriko bestan zirelarik. Oraindik han-hemenka ibiltzen da, bihotza arras euskalduna, baina Kalifornia eta Euskal Herri artean erdibituta. Kaliforniatik itzuli ondotik hasi zen, aspaldidanik ari den festa honetaz arduratzen. Eta kontent zen joan den igandean, Ameriketara emigratu eta urteak eta gero atzera etorri ziren adinekoekin batera, Ameriketan jaiotako euren seme-alabak, orain Euskal Herrian bizi direnak ere, bileran ikusi baitzituzten, haien haurrak ere ekarririk. "Hogei bat haur baziren aurten", zioen Henri-k, "eta emendatzen".
[Eta bazkariaren ondotik, bala, Ameriketan Euskal Herriko moldean, Euskal Herrian Ameriketako moldean ]
Bazkaldu eta gero dantzari ere egin zitzaion tokia, "lagunekin eta giro onean egonik ez baita gauza ederragorik", entzun genuen bertan. Lehenengo urtez elkarretaratze honetan, ikusi genuen, Bilbotik etorria, Pedro Oiarzabal historialaria, Nevada-Renoko Unibertsitatean hainbat urte eman dituena eta hemendik gutxira San Frantziskoko euskaldunei buruzko liburua aurkeztuko duena, duela gutxi argitaratua baitu, ingelesez, Eusko Jaurlaritzaren Urazandi bildumaren baitan. Baina horri buruz mintzatuko gara aurrerago.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus