euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ameriketako Euskal Artzainen festa Bardeetan egingo da 18an, artaldeak negupasa sartzen diren egunean

2014/09/04

Artaldea Bardeetan. Horrelako irudiek Ameriketako garaiak gogora ekarriko dizkiete artzainei hilaren 18an, zalantzarik gabe (argazkia David Busto Méndez CCBY)
Artaldea Bardeetan. Horrelako irudiek Ameriketako garaiak gogora ekarriko dizkiete artzainei hilaren 18an, zalantzarik gabe (argazkia David Busto Méndez CCBY)

PUBLIZITATEA

Urtero urtero irailaren 18an Nafarroako artzainek Bardeetara ekartzen dituzte negupasa uda Pirineotako larretan eman duten artaldeak. Trashumantziaren azken aztarnetako bat da ohitura hau eta aurten gainera azkeneko aldiz egingo omen da. Hori dela eta, Euskal Artzainak Ameriketan elkarteak bertan ospatuko du aurten bere urteroko festa. Elkarteko kide bat, Jose Aguas artzaina, izango da artaldeen sarrera markatzen duen tiroa botako duena.

Lesaka, Nafarroa. Euskal Artzainak Ameriketan elkarteak 600 bat bazkide espero ditu festa egun hau ospatzeko antolatu duen bazkarira; urtetan Ameriketan ibilitako artzainak eta euren senitartekoak dira gehienak. Horiekin batera, Estatu Batuetatik ere etorriko dira zenbait partehartzaile: Kaliforniako Melchor Graginera, Berñardo Yanci, eta beste batzuk.

Bardeetan urte haietako giroa gogoratu eta bizitzeko aukera ederra izango dute, Pirioneotatik jaisten diren artaldeen sarrera ikustearekin batera. Gainera, elkarteko kide bat izango da protagonista; izan ere, Jose Aguas bazkideak botako du artaldeen sarrerari hasiera ematen dion tiroa.

“Jose beti artzain ibili da”, esan dio EuskalKultura.com-i  Euskal Artzainak Ameriketan elkarteko presidente Laura Igantzi lesakarrak. “80 urte ditu eta oraindik ere baditu 2.000 ardi”. Ekitaldia ikusi ondoren bazkaria egingo dute elkarteko kideek.

Datorren urtean, Boisera

Sasoiko dabiltza euskal artzain hauek, eta urteak izanagatik beti prest dira aspaldiko lagunekin biltzeko. Iaz aurrenekoz Estatu Batuetara bidaia antolatu zuen elkarteak eta bazkideentzat esperientzia hunkigarria izan zen Oesteko lurretan ibiltzea eta han gelditu ziren euskaldunak berriz ere ikustea.

Hain izan zen zirraragarria bidaia, datorren urterako beste bat ari direla prestatzen, eta oraingoan, gainera, Boiseko Jaialdi 2015 festan ere izango dira. Jaialdi AEBetako euskaldunek bost urtetan behin egiten duten festa nagusia da eta hainbat hirietako euskal amerikanoak bertara bildu ohi dira. Topagune bikaina izango da, beraz. Horrez gain San Frantziskon, Napa Valley-n eta Nevadako Elkon, Renon eta Winemuccan izango dira.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia