euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ipar Ameriketako euskal artzainen bizimodua ikusgai erakusketa batean Bertizko Natur Parkean

2014/07/08

Elkarteko kide Rafael Lizasoain, Laura Igantzi eta Adriana Marmaun erakusketaren inaugurazioan (argazkia Euskal Artzainak Ameriketan)
Elkarteko kide Rafael Lizasoain, Laura Igantzi eta Adriana Marmaun erakusketaren inaugurazioan (argazkia Euskal Artzainak Ameriketan)

PUBLIZITATEA

Apurka apurka bildutako argazkiekin osatu du erakusketa Euskal Artzainak Ameriketan elkarteak, eta abuztuaren 31 arte izango da ikusgai Bertizko Natur Parkean. Artzainek euren bildumetatik aukeratutako eta utzitako irudiotan Oesteko mendi eta larretako bizimodu latza ikus daiteke. Elkarteko Laura Igantzi pozik agertu da erakusketak artzainen esperientziaren berri eman eta zabaltzen lagunduko duelako. Ildo beretik, datorren uztailaren 13 omenaldi oso berezia jasoko dute artzainek Iruñeko San Ferminetan, txistularien alardea eurei eskeinia izango baita.

Bertiz, Nafarroa. Datorren abuztuaren 31 arte izango da ikusgai Bertizko Natur Parkean Euskal Artzainak Ameriketan elkarteak antolatu duen argazki erakusketa. Ipar Ameriketara joan ziren artzainen bizimodua ezagutzeko aukera aparta izango da, erakusketa osatzen duten argazkiak artzainek beraiek utzitakoak baitira. Bizitzako garai berezi bateko oroigarri, une latzak, lan gogorra eta aparteko adiskidetasun eta elkartasuna gogora ekartzen dutenak. 

Argazkiez gain, hamaika panelen bidez artzainen bizimodua nolakoa zen azaltzen da, lau hizkuntzatan: euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez eta ingelesez. Amaitzeko ardi-kanpo bat ere badago ikusgai: bertan hartzen zuten atseden artzainek. 

Herriz herri argazkiak biltzen

Erakusketan biltzen diren argazkiak pixkanaka bildu dira, elkarteko Laura Igantzik EuskalKultura.com-i azaldu dionez. "Elkarteak urtero egiten dituen bestetan bildu ditugu batzuk, Bortzirietan, Baztanen... Erakusketaren arduradunak, Adriana Marmaunek, Erro Ibarrakoak bildu zituen eta orain Malerrekako herrietakoak ari gara biltzen. Ituren eta Zubietakoak jaso ditugu eta horiek agertzen dira erakusketan".

Artzainak ilusioz hartzen ari omen dira erakusketa. "Batzuk ikusi ditugu bere burua bilatzen argazkien artean, eta jendea oso interesatuta dabil", esan du Igantzik. Erakusketaren bidez gizarteak artzainen esperientziaren berri izango duela-eta pozik agertu dira elkarteko kideak.

Sanferminetako alardea

Ildo beretik, datorren asteburuan beste omenaldi bat jasoko dute Ameriketako euskal artzainek, eta ez nolanahikoa: beraiek izango dira protagonista Iruñeko San Ferminetako Txistularien Alardean. "Duela urte batzuk Iruñeko Txistulari Bandak alarde tematikoa egitea erabaki zuen. Aurten Ameriketara joan ziren artzainei buruzkoa izango da eta azaldu didatenaren arabera, country erritmoak eta euskal kantak nahastuko dituzte", azaldu du Igantzik.

Elkarteko ordezkaritza bat bertan izango da, omenaldi eder honetaz zuzenean gozatzeko. "Euskal Artzainak Ameriketan elkartearen kantua ere --Nelly Yancik idatzik zuen, "Euskal Sheep Company" du izena-- moldatu eta joko omen dute", amaitu du Igantzik.

 

 

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia