euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ameriketako euskal artzainek omenaldia jasoko dute hil bukaeran Alduden zein Gernikan egingo den topaketan

2007/09/04

Artzain Mundua elkartearen logoa
Artzain Mundua elkartearen logoa

PUBLIZITATEA

Artzain Mundua elkarteak deialdia luzatu zien atzo Ameriketako euskal artzainei eta han lanean urteak pasa eta gero Euskal Herrira bueltatutakoei. Hil honen bukaeran batzuk zein besteak bildu eta euskal gizartearen omenaldia jaso ahal izango dute, Alduden (Nafarroa Beherea) eta Gernikan (Bizkaia) egingo dituzten ekitaldietan. Bilkura honetan Ameriketako euskal artzainen memoria gordetzeko sortutako Iragana Gaurkotuz ekimenaren datubaserako izen berriak bilduko dituzte.
Artzain Mundua elkarteak Ameriketan artzain lanetan aritu ziren/direnen memoria gorde eta ezagutzera emateko deialdi berri bat egin zuen atzo Gernikan. Elkarteak omenaldia egingo die etxea utzi eta Ameriketara artzain joan zirenei, eta baita itsasoz bestalde lanean makina bat urte ibili ondoren Euskal Herrira bueltatzea erabaki zutenei ere. Omenaldi ekitaldiak hil honen bukaeran izango dira, bata Alduden, Nafarroa Beherean (irailaren 30ean), eta bestea Gernikan, Bizkaian urriaren 1ean. Iparralde, Nafarroa eta Euskal Autonomi Erkidegoko artzainak bilduko dira bertan.

Bi herri hauek aukeratzearen arrazoia Ameriketara joan ziren artzain askoren sorleku izan direla da. Iparraldeko artzain asko eta asko Aldudeko bailaratik atera ziren Ameriketarat --Aldude, Urepel, Banka eta Baigorri herriek osatzen dute bailara-- eta bertan sortu zen baita ere Fernando Aire, Xalbador bertsolari ezaguna. Xalbador bera artzaina zen eta bere familiako kide asko joan ziren Ameriketara lanera, berak bertsotan ederki azaldu zuelarik haien herrimina.

Bestalde Gernika eta Busturialdea ere --Forua, Kortezubi, Arratzu, Muxika, Aulesti, Munitibar, Gizaburuaga, Bolibar... -- Ameriketara joan ziren artzain askoren sorlekua izan dira eta egun ere bertan biltzen dira Euskal Herrira bueltatu zirenetako asko, astelehenero egiten den azoka ezaguna aitzaki hartuta. Oraingoan beraientzako propio prestaturiko jai giroan bilduko dira. Alduden zein Gernikan egingo diren bazkarietara bildu nahi duten artzain eta lagunek izena eman behar dute hilaren 20a baino lehen. Tiketen prezioa 15 eurotakoa izango da eta salgai daude jada antolatzaileek Bizkaia, Nafarroa eta Iparraldeko hainbat herrietan jarri dituzten salmenta guneetan (informazioa 943-251007 telefonoan).

EGITARAUA

Irailaren 29a, larunbata. Baigorri

-20: 00. Baigorriko Bil etxean. Ameriketako artzaintzari buruzko lekukotasunak. Ameriketako artzaintzaren inguruko testigantzen bideo eta irudi emanaldia. Musika-Kontzertua: Xalbador-Ihidoy eta Magali Zubillaga. Hitzaldia: Lertxumarrak, Joxe Mallearen eskutik. Aurkezlea: EKE.

Irailaren 30a, igandea. Aldude

-11: 00 Artzainen omenezko meza
-12:30 Euskal Artzainei omenez harriz egindako monumentuaren aurkezpena, Bertsolariak, dantzariak etab. Artzain Munduak emandako diplomaren adierazpena.
-14:00 Aldudeko pilotalekuan bazkaria.

Urriaren 1a, astelehena. Gernika

-11:00. Harrizko monumentuaren aurkezpena
-12.00 Batzar Etxea eta Gernikako Arbolaren bisita
-13:00 Artzainon Omenezko Saioa ( Lizeo Antzokian). Ameriketako artzaintzaren inguruko testigantzen ikus-entzunezko emanaldia. Artzain bertsoak eta musika. Euskal Herriko artzainen gaineko errekonozimendu jardunaldia (Diploma, Lepo-zapiaren banaketa….)
-14: 30. Bazkaria. Maloste Kiroldegia


Lotura interesgarriak

Artzain Mundua
www.artzainmundua.net

Nazioarteko III Artzain Foroari buruzko erreportaia
EuskalKultura.com-en argitaratua 2005eko irailaren 23an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia