euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ameriketako euskal argitaldarien bilera Montevideon, "Euskararen Eguna-Euskal Liburua" saioen baitan

2015/12/02

Ekitaldietako programa
Ekitaldietako programa

PUBLIZITATEA

Euskararen Eguna eta ospakizun honen inguruan mundu osoan antolatutako ekitaldiak erabateko protagonista dira egunotan Diaspora osoan. Jarduera horien artean, Argentinakoekin eta beste herrialde batzuetakoekin batera, Uruguaikoak nabarmendu dira, "Euskara Eguna 2015 - Euskal Liburua Ameriketan" izeneko jardunaldiak egingo baitira Montevideon, abenduaren 3, 4 eta 5ean, Euskal Erria EEa antolatzaile, tartean Ameriketako euskal argitaldarien bilkura bat. Azpimarratzekoa, lehenengoz aspaldiko partez, Nafarroako Gobernuko ordezkari ofizial batek parte hartuko duela ospakizunean: Mikel Irujok Nafarroako Gobernuaren ordezkari denak Bruselan.

Montevideo, Uruguai. Izan ere Mikel Irujok berak --oroitu euskal diasporarekin harreman estua duen pertsona dela, Caracasko erbestean jaiotako pertsona baita, Montevideori lotutako Pello Irujo eta Arantzazu Amezagaren seme-- Nafarroako Gobernuaren izenean eta Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak Eusko Jaurlaritzarenean abiatuko dituzte bihar aratsaldeko lauetan Montevideoko Euskararen Eguneko jardunaldi hauek, Ongi Etorria emanez bildutakoei. Ekitaldiak hiriburuko Euskal Erria Euskal Etxean egingo dira, euskal elkarte hau antolatzaile, eta Nafarroako eta Euskadiko gobernuen babespean.

Bi gobernu ordezkarien harrera hitzen ondotik, Caracasen jaiotako beste irujotar batek, Xabier Irujok --Mikelen anaiak-- Nevada-Renoko Unibertsitatetik etorririk, emango du ekitaldietako lehenengo hitzaldia "Euskara erbestean (1936-1975)" gaiari eutsiz. Seietan, berriz, Euskal Erria Euskal Etxeak gela bat izendatuko du "Euskaldunberri" izenarekin, euskaldun berriek, tartean bertakoek, euskarari eginiko ekarpen handia goraipatzearren. Ondoren euskara eskola baten aurkezpena egingo dute ikasle-irakasleek, jokoekin, sariekin eta pintxo-pote txiki batekin.

Euskal argitaldarien eta euren liburuen aurkezpenak etorriko dira ondoren, eta zazpietan Montevideo bertako Euskal Erria euskal argitaldari berriak Sophia D. Etxeberriaren "Sophia's Poems" liburua aurkeztuko du; ondotik, Buenos Airesko Ekin argitaldariak Arantzazu Amezagaren "Contraviaje" (2015eko Sabino Arana Saria) aurkeztuko du zortzietan, argitaletxe bera tarteko, "Historia de Euskadi Irratia", Deustuko Unibertsitateko Leyre Arrietaren eskutik.

Argentinako Lauburu argitaletxe gazteak, bere aldetik, bere buruaren aurkezpena egingo du, orain arte kaleratutako izenburuen aipua eginez, Cesar Arrondoren eskutik. Eta Ameriketako laugarren argitaletxe batek ere hartuko du parte, izan ere Nevada-Renoko Unibertsitateko William Douglass Euskal Ikasketa Zentroko (WDCBS Press) Argitalpenak ere aurkeztuko baitituzte, tartean "That Old Bilbao Moon", 2015eko Euskadi Saria bereganatu duen Joseba Zulaikaren liburua ere.

Osteguneko azken aurkezpena, "Mitotlogía Vasca" izenekoa izango da, Bakarne Atxukarro, Izaskun Zubialde eta Asun Egurzarena, jarraian Zuretzako filma, Javi Zubizarreta euskal-amerikarra zuzendari, Estatu Batuetan euskaraz errodatua eta Red Rock Zinemaldian saritua uzan zena.

Ostiralean, ostera, bere buruaren aurkezpen orokorra egingo du Euskal Erria argitaletxeak, Xabier Irujoren eskutik, arratsaldeko zazpietan. Segidan, Xabier Irujok berak eta Alberto Irigoyen historialari uruguaitarrak "El euskera en la Sociedad de Confraternidad Vasca" gaia jorratuko dute. Ondotik, Buenos Airestik heldutako Maria Elena Etcheverry de Irujok hiriburu hartan egoitza duen Ekin argitaletxe historikoa aurkeztu eta bere senar zen Andres Irujo izena daramaten sariak hartuko ditu hizpide. Bederatzietan, hizlari eta gonbidatuen komentarioen txanda izan go da, 10etan bertaratutakoek elkarrekin topa egiteko.

Gernika eta Uruguaiko euskaltzaleak gogoan Gernika Plazan

Larunbatean, azkenik, Xabier Irujo Nevada-Renoko William Douglass Euskal Ikasketa Zentroko irakaslea mintzatuko da Montevideoko Gernika Plazan, hamaika et'erdietan, "Gernika, 1937, azoka eguneko sarraskia" izenburupean, eta eguerdian omenaldia egingo zaie bertan, Uruguaiko historian euskara bultzatu eta mantendu duten euskaldunei.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia