euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Ameriketako emakumeei poesia eta musika omenaldia eskaini zien Villegas’ko Euskaldunek Euskal Etxeak

2008/10/31

Ezkerretik eskubira: Nekane Olazar, Sergio Recarte, Alfredo Urquiza, Rodolfo Esain (EEko presidentea), bere emazte Beatriz Puentes eta Nieves Castillo Alzuri, euskara irakaslea (argazkia VEEE)
Ezkerretik eskubira: Nekane Olazar, Sergio Recarte, Alfredo Urquiza, Rodolfo Esain (EEko presidentea), bere emazte Beatriz Puentes eta Nieves Castillo Alzuri, euskara irakaslea (argazkia VEEE)

PUBLIZITATEA

Ameriketako historian, kulturan eta literaturan protagonistak izan diren emakumeei buruzko ikuskizuna eskaini zuen pasa den urriaren 18an Villegas’ko Euskaldunak Euskal Etxeak. Musikaz lagundutako olerkien errezitaldia eskaintzearen arduradunak Alfredo ‘Indio’ Urquiza aktorea eta Mario Acosta pianojolea izan ziren. Jende asko hurbildu zen Udaletxeko ekitaldi aretora emanaldia entzuteko eta interes handiz jarraitu zuten Euskal Etxeak eta Udalak antolatutako kontzertu hau. “’Mujeres de América’ Ameriketako gure emakume indartsu, borrokalari eta nortasun handikoei eskaintzen diegun omenaldia da”, laburbiltzen dio EuskalKultura.com-i Urquizak.

Gral Villegas, Argentina. Urriaren 18an Gral. Villegas-en Urquizak eskaini zuen ikuskizunean poesia eta musika bildu ziren,  Amerikako emakumeei omenaldia eginez. "Konkistaren garaiko emakumeek, ‘La Pasto Verde’ eta ‘La Tigra’ adibidez, eta baita independentziako gerrako garaikoek ere, Juana Azurduy eta ‘La Macacha’ Güemez, batzuk aipatzearren, gaur egungo pentsaera berriei bidea egiteko modu bakarra gizarteko eskemak haustea dela gogorazten digute”, azaltzen du artista villegastarrak.

Mario Acosta pianojolearen laguntzaz, Sor Juana Inés de la Cruz, Alfonsina Storni, Juana de Ibarbourou eta Gabriela Mistralen poemak ere errezitatu zituen Villegas-eko aktoreak bertako Udaletxeko ekitaldientzako aretoan.

“Euskal Herriarekiko nire lotura bere literatura eta poesietatik datorkidala esango nuke", erantzuten du Alfredo ‘Indio’ Urquizak euskal kulturarekin zer harreman duen galdetzen zaionean. "Izan ere, izen handiko olerkari euskaldunen bertso batzuek ere osatzen dute nire errepertorioa, besteak beste, Unamuno, Blas de Otero, Gabriel Celaya, Angela Figuera Aymerich”.

'Amerikako Emakumeak' 2008

[Alfredo Urquiza aktorea eta Mario Acosta pianojolea 'Amerikako Emakumeak' musika eta poesia ikuskizuna eskaintzen, Amerikako historian berebiziko itzala izan zuten emakumeen omenez (argazkia VEEE)]

Blas de Otero eta Angela Figuera 'bis'-ean

Alfredo Urquiza Gral. Villegas-en jaioa da. Gaztetatik oso harreman estua dauka bere herriko euskaldunekin, batez ere Sergio Rekarte euskal etxeko kultura-arloaren arduradunarekin. “Olerkien errezitaldi-ikuskizun hauek ez dira ohikoak, eta oso pozik nago Argentinan aurkezteaz gain Alemanian, Frantzian, Espainian, Mexikon, Perun, Kuban eta Uruguaien ere aurkeztu dudalako nire mezu hau”, aipatzen du Urquizak.

Villegas-eko publikoak txalo zaparrada batekin eskertu zien artistei emanaldia eta hauek, egitarautik kanpo, Blas de Otero eta Angela Figuera Aymerich olerkari euskaldunen bi poesia eskaini zituzten, “batez ere egin ziguten harrera ona eskertzeko. Oholtzan Argentinako bandera eta ikurrina zeuden, eta bandera horiek duintasun eta aske izateko asmo berbera adierazten dute”, gehitzen du Urquizak.

'Amerikako Emakumeak' 2008 (2)

[Villegas'ko Euskaldunak Euskal Etxeak antolatu zuen 'Amerikako Emakumeak' ikuskizunaz gozatzeko bildu zen ikuslegoa General Villegas herri argentinarreko munizipalidadean (argazkia VEEE)]

“Euskal Etxearentzat horrelako ikuskizuna ekartzeak plazer handia da. Alfredo, nahiz eta La Platan bizi eta gure herriko ‘semea’ da eta bere kontzertuak oso arrakasta handia izan zuen", bukatu zuen Sergio  Rekartek.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia