euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

'Amerikanuak', Elko Nevadako euskal immigranteen film dokumentala Donostiako Zinemaldian estreinatuko

2010/09/13

Dokumentaleko fotograma bat, Elkoko 'Biltoki' euskal jetetxeko Ramon Zugazaga gernikarra hizketan
Dokumentaleko fotograma bat, Elkoko 'Biltoki' euskal jetetxeko Ramon Zugazaga gernikarra hizketan

PUBLIZITATEA

Gipuzkoar hiriburuko Principe zinema aretoek, datorren larunbatean, irailak 18, 'Amerikanuak' produkzio independentearen estreinaldia eskainiko dute Donostiako Zinemaldian (aurten irailaren 17tik 25era), 'Zinemira– Euskal Zinemaren Panorama' sailean. 'Amerikanuak'ek Nevadako (AEB) Elko herrira joandako zenbait immigrante euskaldunen istorioa kontatzen du. Euskaraz errodatua, funtsean nostalgiari buruzko filma bat da, herrialde arrotz batean bizitza duina eramateko borrokari eta komunitate bateko kide sentitzeari buruzkoa.

Bilbo, Bizkaia. Amerikanuak euskaraz egindako proiektu independientea da, ekoiztetxe txiki baten filosofiarekin landua. Lan taldeari eta parte hartutako pertsona bakoitzak eskainitako kreatibitate eta esperientziari esker sortua.

amerikanuak (teaser) from Berde Produkzioak on Vimeo.

Zinemaldiaren programazioan barnean, 'Zinemira-Euskal Zinemaren Panorama'k aurten Euskal Herrian ekoitzi diren lanik esanguratsuenen panoramika eskainiko du bigarren urtez. Aurtengo edizioak zortzi film bilduko ditu eta, izan ere, Amerikanuak sail honetan parte hartzeko (eta estreinatua izateko) aukeratua izan da. Estreinaldia Donostiako Principe zinema aretoetan, datorren irailaren 18an eskainiko da 19:30etan. Igandean, 19, bigarren pase bat egongo da arratsaldeko 19:00etan eta astelehenean, 20, Donostiako Antiguo Berri-n ikusi ahal izango da 20:00etan.

Amerikanuak-ek Nevadako (AEB) Elko herrira joandako zenbait immigrante euskaldunen historia kontatzen du. Funtsean, nostalgiari buruz hitz egingo digu, herrialde arrotz batean bizitza duina eramateko borrokari eta komunitate bateko kide sentitzeari buruz. Alfonso Igoa, Pete Paris, Jose Yaniz “Txapo” edo Juan Juaristiren “Parrillas” oroitzapenen bidez, euskal diasporaren parte hau Ameriketako mendebaldean zelan egokitu zen ezagutuko dugu. Hortan dihardu filmak. Arduradun dira Gorka Bilbao (Gernika, 1974) eta Nacho Reig (Teruel, 1969) eta eurekin batera “Berde Produzkzioak” ekoiztetxeko Zigor Etxebarria eta Jose Luis Barredo. Talde-lana izan da eta parte hartu duten guztiek beraien ahalegin eta ilusioa ipini dute proiektu independente hau aurrera atera ahal izateko.

'Amerikanuak' dokumentala Gorka Bilbaoren eskutik jaio zen. Hamabost urtez AEBetan artzain aritua zuen aitona Bilbaok, eta hala piztu zitzaion gaiarekiko interesa. Laguna duen Nacho Reig zuzendaria proiektura batu eta egitasmoa bien artean garatu zuten. Lehenengo grabaketak 2009. urte hasieran hasi ziren, Gernikako Udalaren laguntzarekin eta “Berde Produkzioak” ekoiztetxearen baliabideekin. Bost astetan zehar, lau pertsonek osatutako lan taldea Elko-ko (Nevada) euskaldunen egunerokotasunaren radiografia jasotzera abiatu zen.

“Gure asmoa 50. hamarkadaren erdira arte Ameriketako mendebaldera dirua irabazteko, aurrera egiteko eta ondoren beraien herrialdera bueltatzeko posibilitateak erakarriak izan ziren euskaldun gazteen azken gotorlekua eraskustea izan da, azken batean asmo horrekin joan eta arrazoi batengatik edo besteagatik, bertan gelditu egin zirenen istorioa kontatzea. Moldaera, lan gogor, deserrotze eta nostalgia istorioak dira, lehenengo pertsonan kontatuak”, gaineratzen du Gorka Bilbaok.

Pelikula dokumental independentea

“Ekoiztetxe txiki baten filosofiarekin egindako dokumental bat dela esango nuke”, azpimarratzen du Berde Produzkzioak ekoiztetxeko Zigor Etxebarriak. Nahiz eta hasiera batean Elkora grabatzen joan zen taldea txikia izan, apurka apurka taldea handitzen joan da proiektuarekin batera. Parte hartu duten guztiek kreatibitatean parte hartu dute. “Behin bukatuta dagoenean parte hartu duten guztiotan pentsatzen hasita, Amerikanuak auzolanaren fruitu dela esango nuke. Elkarlanean eta lagun artean aurrera atera den dokumental bat da”, adierazten du Zigor Etxebarriak.

“Erabili dugun metodoa zinematografikoan inspiratua dago, hizkuntzan nahiz teknikan, gertaera historikoen dokumentaletan ohikoa den narraziotik ihes egiteko helburuarekin. Gure xedea ez da gertaera historiko bat kontatzea izan edo pertsonaia askoren bidez bizimodu baten desagerpena aztertzea. Euskal diasporan garrantzi handia izan duen bizimodu bat baizik, urte gutxitan desagertzekotan dagoena”, gehitzen du Gorka Bilbaok.

Euskaraz sortutako proiektua

Amerikanuak euskaraz filmatutako produkzioa da. Dokumentala hasieratik euskaraz sortu zen. Izan ere, dokumentalaren protagonistek euskara erabiltzen dute beraien egunerokotasunean; bestetik, filmaren arduraduei hizkuntzak izan duen eboluzio berezia azaltzea oso interesgarria iruditu zitzaien. "Azken finean, zinema errealitatea irudikatzeko tresna bat da, eta Amerikanuak-ek bizi garen inguruko gaiak jorratzen ditu eta hor euskara elementu garrantzitsuenetariko bat da". "Beraien pelikula da, eta beraientzako lana euskaraz burutzea naturala da".

Bestalde, Amerikanuak Zinemaldiaren programazioko parte izatea ohore bat da taldearentzat. “Garrantzitsuena, nahi genuen istorioa nahi genuen bezala kontatzeko aukera izatea izan da. Proiektu oso pertsonala izan da, hortan sinistu eta momentu oro bizi izan dugun lana. Behin bukatua, zinema areto batean ikusteak izugarrizko emozioa sortaraziko digu”, azpimarratzen du Berde Produzkzioak ekoiztetxeko Jose Luis Barredok.

AUDIENCE TALDEAK EGIN DU SOINU BANDA

Soinu bandak garrantzi handia dauka dokumentalean, izan ere musikak naturaltasun handiz lotzen du istorio bat bestearekin, melodia hori entzutea istorioaren hurrengo pauso logikoa izango bailitzen. “Audience” taldea bizkaitarra da, basea Gernikan duena, eta berak hartu du Amerikanuak filmerako soinu banda sortzeko ardura. Kide ditu Gaizka Insunza (Ahotsa, gitarra eta pianoa); Ager Insunza (Ahotsa, guitarra, pedal-stell gitarra, pianoa y biolina); Hannot Mintegia (Ahotsa, gitarra eta tronpeta); Andoni Lauzirika (Baxua) y Mikel Sagarna (Bateria eta perkusioa).

“Musika Audiencek egitea ez da kasualitatea izan. Kolaborazio proiektu natural batean murgilduta gaude aspalditik, eta batak zein besteak laguntasuna behar dugunean holakoak pasatzen dira, gauzak egiteko eran eta gustuan guztiz bat egiten dugula”, azaltzen du Zigor Etxebarriak.

“Gure musika beti izan da pixka bat zinematografikoa”, dio bere aldetik Audience taldeko Gaizka Insunzak, “eta pozik gaude bide horretan sakondu ahal izan dugulako. Irudi batzuekin eta zuzendariaren erreferentzia batzuekin musika sortzea berria izan da guretzat”. Dokumentalaren arabera sortu dute musika, eta, beraz, ohiko kanta formatutik aldentzen diren konposizioak egin dituzte. Azken finean, irudien iraupenaren arabera sortu dute musika. Amerikanuak dokumentalerako sortu dituzten kantez gain, aurreko diskoetako hiru kanta ere badaude filmean. Haietako bat berriz grabatu dute, halere, abestiaren sonoritatea dokumentalaren girora moldatzeko.

10 urte eta 4 album publikatuak da Audience taldearen ibilbidea. 2002an plazaratu zuten euren lehen LPa, Some lovely hands on dry skins. 2003an bigarrena, Second Handed. Urtetan grabazio estudioetatik kanpo egonda, 2007an, hirugarren diskoa publikatzen zuten, Trying wings on roots . Eta 2009 urte amaieran, momentura arte azken lana duten A shake in calm water.

FITXA TEKNIKOA

Gidoia eta zuzendaritza: Nacho Reig
Edizioa: Gorka Bilbao
Kazetaria: Lorea Uresberueta
Ekoizpena: Zigor Etxebarria, Jose Luís Barredo
Lankidetza: ETB
Produkzio laguntzailea: Lorea Uresberueta
Musika: Audience
Argazki zuzendaritza: Gorka Bilbao
Nacho Reig-ek eta Gorka Bilbao-k sortua

Harremanetarako:
Simple Komunikazioa
Joana Uriarte
94 413 05 07
626 65 32 39
www.simplecomunicacion.com
joana@simplecomunicacion.com



Komentarioak

« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia