euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Amerikanoen besta igandean Ortzaizen, Barkos lehendakariak hartu eta Izaban arrakastaz bildu ondoren

2016/09/30

Euskal Artzainak Ameriketan elkarte nafartarreko kideak Uxue Barkos lehendakariak errezibituak Nafarroako Jauregiko Tronuaren Aretoan
Euskal Artzainak Ameriketan elkarte nafartarreko kideak Uxue Barkos lehendakariak errezibituak Nafarroako Jauregiko Tronuaren Aretoan

PUBLIZITATEA

Bolada bereziki aktibo eta esanguratsua ari da izaten honakoa Euskal Herriko 'amerikanoentzat'. Irail hasieran, 'Euskal Artzainak Ameriketan' elkarteak urtero antolatzen duen elkarretaratze handia egin zuten, aurtengoan Izaban; baina egun bat lehenago, Nafarroako Barkos lehendakariak Nafarroako Jauregian errezibitu eta ohoratu zituen. Irailaren 4an, berriz, Gipuzkoako Legazpin, urtero bezala omendu zituen bertako Artzai Egunak. Datorren igandean, ostera, elkarretaratzea daukate Baxenabarreko Ortzaizen.

Iruñea-Pamplona. Ortzaizen eginen dute heldu den igande honetan, urriaren 2an, bertako Mendi Alde ostatuan, urtero urriko lehenengo igandean egin ohi duten bazkari eta egunpasa. Ameriketan artzain ibilitako adineko gizasemeak, euren emazteak eta Ameriketan zein Euskal Herrian sortu heien familiak bildu ohi dira urtero hitzordu honetara, normalean hiru eta batzuetan lau belaunaldietako 'amerikanoak' (Ameriketarako euskal emigrazioak hunkitutako) baitaratuz, beti ere elkarren lokarri duten amerikar bateko edo besteko konexioa aitzaki edo estakuru.

Barkos lehendakariak errezibituak

Aurreko asteetan, baina, amerikanoen egutegiak bestelako egun gorriz markatuak izan ditu: Euskal Artzainak Ameriketan elkarteak aurten Erronkariko Izaban antolatutako urteroko elkarretaratze handia; eta haren bezperan elkarteko ordezkaritza zabal bat errezibitzeko Nafarroako Gobernuko lehendakari Uxue Barkosek Nafarroa Jauregian eginiko harrera-ekitaldia, aitorpen eta errekonozimendu hitz goxoez.

Izan ere, Nafarroako lehendakari Uxue Barkosek, Tronuaren Aretoan hartu zituen, irailaren 2an, 'Euskal Artzainak Ameriketan' elkarte nafartarreko ordezkariak eta bertan egindako harreran zehar "beraien lan-bizitza guztian" Foru Komunitateko gizarte guztiari egindako ekarpena eskertu zien, bai eta "guztioi ematen diguzuen ahalegin eta hobetzeko grinaren eredu bikaina" ere. Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilari Ana Ollok ere parte hartu zuen ekitaldian.

Uxue Barkos gustura agertu zen Nafarroako Gobernuak Ameriketako Euskal Artzainen Elkarteko kideei eskainitako harrera-ekitaldian parte hartu izanagatik. Elkarte horretan "beharrak jota gure lurretatik kanpora joan behar izan zuten gure seme-alabetako asko batzen dira; pertsona horiek, denbora eta distantzia beren alde izan ez arren, eutsi egin diote gure lurrarekiko, bertako hizkuntzarekiko eta kulturarekiko erroei eta maitasunari".

"Bertute onenen adierazgarri zarete"

Tronuaren Aretoak "bere ateak ireki dizkio gaur, ohore guztiekin, gure herriko historiaren orrialde baliotsuenetariko bat idatzi duzuen pertsona-talde bati, eta giza nahiz gizarte bertute onenen adierazgarri zarete", aipatu zuen Barkosek.

"Amerikako euskal artzainek lan oso gogorra egin duzue, baldintza oso zailetan, eta adorez, erantzukizunez eta leialtasunez egin duzue beti. Ahaleginaren eta sakrifizioaren, adorearen eta zintzotasunaren eredu argia zarete guretzat", adierazi zuen Lehendakariak. Barkosentzat, "ideia paregabea da zuek protagonista izan zareten halako esperientzia garrantzitsu bat bizirik iraunarazten duen elkarte bat edukitzea, eta urtero festa batean biltzea, gure geografiako tokiren batean, oroitzapenak nahiz berrikuntzak partekatzeko eta Nafarroako gizarte guztiaren omenaldia jasotzeko". 

Ekitaldian elkarteko buruzagi den Laura Igantzik eta Ana Maria Marin idazleak hartu zuten parte, opariak trukatuz eta bertan zeuden askorentzat balio eta esangura berezia izan zuen taldeko argazki bat eginez.

10. urtebetetzea Izaban

Biharamunean, berriz, larunbatez, urteroko Artzain ohi 'amerikanoen' jaia egin zen Izaban. Edizio honetara Nafarroa eta Iparraldeko 440 bat 'amerikano' bildu ziren, hamargarren urtez, Lesakan 2006an egindako lehenaren ondoren. Antolatzaileen esanetan, sentipenak gazi-gozoak ziren, bazkarioa eta alaitasuna, batetik, hamar urtez artzain amerikanoen istorioa eta lanaren berri zabaltzearren egindako lanarengatik baina ber denboran tristezia puntu bat ere, ikusirik zenbat jende joan zaigun eta galdu dugun hamar urteko epe honetan, adierazi dio EuskalKultura.com-i Laura Igantzi bozeramaleak. Dena den, "lanean segituko dugu, indarrak lagun ditugun heinean, erakundeek gogoar har dezaten eta merezi duen lekuan jar dezaten gure herri honen historiako parte den ahalegin eta ekarpen hau", "euren eskuekin idatzia izan baitzen, lana, zintzotasuna eta dedikazioaren arma bakarrarekin, gure herriaren irudia eta izen ona goian atxikiz", esan du.

Izabako elkarretaratzean, bertako alkatearen eta Fidel Alkat eta Julio Beretens artzainen lana azpimarratu du Igantzik. "Eguna izugarri ondo pasatu zen, artzain ogi-apurren , otordua azpimarragarria izan zen, ardoa, fanfarreak, dantzariak, bisita gidatua Izaban zehar, Patxi Izkok emaniko meza hunkigarria, guztia bazkari eder baten aurrekari". 

Jose Aguas bazkideari koadro bat eman zitzaion opari, 2014ko edizioan Bardeetan ateratako argazkiekin.

Azkenik, Izabako alkateak Legazpikoari pasatu zion lekukoa, datorren urtean Gipuzkoako herri honetan egingo baita elkarretaratzea, urtero bertan iraileko lehenengo igandean antolatzen den Artzain Egunaren baitan.

-Legazpiko Artzai Egunean omendutako amerikanoak
-Euskal Artzainak Ameriketan Facebook: https://www.facebook.com/Euskal-Artzainak-Ameriketan-106758232726704/?fref=ts



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia