euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

America’s Global Village jaialdian partaide izan dira Ontarioko euskaldunak, beste hainbat kulturarekin batera

2015/06/15

Beti Alai dantza taldeko gazteak, 'euskal herrixkaren' aurrean, zazpi probintzietako armarriekin (Argazkia: OBC)
Beti Alai dantza taldeko gazteak, 'euskal herrixkaren' aurrean, zazpi probintzietako armarriekin (Argazkia: OBC)

PUBLIZITATEA

Estatu Batuetako Oregoneko Ondarion, 16. America’s Global Village (AEBetako herriska globala) egin da ekainaren 6an, bertako Merkataritza Ganberak antolatua. Doako festibal honek hiriko aniztasuna erakutsi nahi du urtero eta bertan izatea du gustuko Ontario Euskal Etxeak: “Gizarte honetako parte izanik, gizartearekin eta gizartearentzat egin nahi ditugu gauzak”, esan dio Lisa Corcostegui Ontarioko Euskal Etxeko lehendakariak EuskalKultura.com-i. “Polita da beste kulturak ikustea eta, gainera, ikusgarritasuna ematen digu ere”, adierazi dio EuskalKultura.com-i.

Ontario, AEB. Larunbateko eguraldi beroak ez zituen ontariotarrak etxean utzi. Izatez, Lisa Corcosteguiren iritziz, America’s Global Village jaialdiko ediziorik arrakastatsuenetakoa izan da aurtengoa. Kultura desberdinen jakiez, dantzez, doinuez eta abar luze batez gozatu ahal izan zuten Lion Park-era bertaratutakoek. Zelaia herrixkaka zegoen banatuta --nazio edo kultura bakoitzak herrixka bat-- eta, aurten, hamar naziotik gora zeuden ordezkatuak: amerindiarretatik hasita alemanetaraino, tartean, esaterako, mexikarrak, japoniarrak edota euskaldunak.

Corcosteguiren hitzetan, onuragarria da Euskal Etxeak parte hartzea “gizarte honetako parte izanik, gizartearekin eta gizartearentzat egin nahi ditugu(lako) gauzak”. Horrez gain, jaialdi honek ikusgarritasuna ematen diela deritzo. Gogora dakar lehendakariak, bera gazteago zelarik, herrian ezagunak oso zirela euskaldunak. Orain, baina, gizartearen aldaketekin eta hirira heldutako familia berriekin, jende askok ez du bertako historia behar bezala ezagutzen. “Asko aldatu da dena, baina jaialdi honi eta geure ekintzei esker, uste dut jendeak jarraitzen duela geure berri izaten. Pena izango zen parte hartzeko aukera izanik hona ez etortzea. Polita da beste kulturak ikustea eta, gainera, ikusgarritasuna ematen digu”, azpimarratu digu.

Euskal Herriaren herrixkak informazio panelak zituen bai eta ikurrina eta zazpi herrialdeetako armarriak ere. Horrez gain, txorizoa eta gazta ematen zieten bertaratzen zirenei. Txikienekin ere akordatu ziren eta, baserri giro moduko zonalde bat prestatuta, argazkiak egin zizkieten, etxera euskal oroigarria eraman zezaten.

Euskal Etxeko gaztetxoen Beti Alai dantza taldeak hamar dantza eskaini zituen jendaurrean, hala nola: Lekeitioko Aurreskua, Iruñearrak, Danborrada, Matelota, Jota, Porrusalda, Esku Dantza, San Petrike Dantza, Zapatain Dantza eta Txulalai.

Hona Ontarioko Euskal Etxea eta Merkataritza Ganberari esker osatu ahal izan dugun galeriaz.


Argazki galeria



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia