euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

"Amama", "Jai Alai Blues" eta gehiago izango dira ikusgai Bartzelonako Euskal Etxearen 11. Zinemaldian

2016/02/03

2016ko Zinemaldia.Cat jaialdiaren kartela
2016ko Zinemaldia.Cat jaialdiaren kartela

PUBLIZITATEA

Ostiral honetan hasiko da Bartzelonan Zinemaldia.Cat, Kataluniako euskal zinemaldiaren hamaikagarren edizioa. Euskal Etxeak antolatuta, jaialdiak Euskal Herrikomugak gainditu dituen euskal zinema erakutsiko du: munduan zehar egin diren filmak eta dokumentalak, eta nazioarteko zinemaldietan ikusgai izango direnak. Horien artean, esaterako, Miamiko euskal pilota munduari buruzko "Jai Alai Blues" dokumentala.

Bartzelona, Katalunia. Mugak hausteko gogoarekin dator aurten Zinemaldia.Cat, Kataluniako Euskal Zinema Jaialdia. Euskal Etxeak antolatuta, hamaikagarrena da aurtengoa eta topikoak apurtzera datorrela diote arduradunek: erakutsi egingo omen du euskal zinema "ez dela euskaldunek euskaldunentzat egindako zinema mota bat, baizik eta mundu osoko txoko ezberdinetara iritsi nahi eta iristen den zinema dela euskalduna".

Jaialdia otsailaren 26a arte luzatuko da eta urtero bezala, emanaldien ondoren zuzendari, aktore, gidoilari edota ekoizleekin solasaldiak izango dira. Sail ofizialean 12 pelikula aurkeztuko dira, gehienak estreinaldiak Katalunian, eta kasu batzuetan, soilik Donostiako Nazioarteko Jaialdian soilik ikusi ahal izan direnak. Guzti hauek Bartzelonako Cinemes Girona-n ikusi ahal izango dira. Horietako batzuk dira "Amama", "Un otoño sin Berlín", "Nola?" edo "Gure Sorlekuaren Bila".

Beste jaialdia

Euskal Etxearen apustua ere bada zinema, aretoetatik haratago eramatea, eta katalan publikoari altxor txikiak helaraztea. Horrela, aurten AlterZinemaldia errepikatuko da, 26 euskal zuzendarik egindako taldekako film bat eskainiz ("Euskal Harriaren ABDak"), euskaraz egindako bideo lehiaketa, eta zinema ibilbide bat Bartzelonan zehar Fotogramas aldizkariko erredakzio buru den Pere Vall-en eskutik.

Gainera, urtero bezala, Kimuak laburmetraien emanaldia ere izango da, Euskadiko Filmategiaren programa honetan sortzen diren egile berriak ezagutarazteko aukera paregabea Bartzelonan.

Azkenik, etxeko txikienek ere zinemarekin gozatu ahal izango dute jaialdiaren haurrentzako txokoarekin, TXO! atalarekin.

Informazio osoa, hemen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia