euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

"Amama" (Asier Altuna) eta "Lejos del mar" (Imanol Uribe) lehian gaur hasten den Nanteseko Zinemaldian

2016/03/17

Asier Altuna zuzendariaren "Amama" sail ofizialean lehiatuko da
Asier Altuna zuzendariaren "Amama" sail ofizialean lehiatuko da

PUBLIZITATEA

Gaur hasiko da Frantzian Nanteseko 26. Zinemaldia eta bertan, ohi bezala, euskal zinemak leku berezia izango du, Etxepare Euskal Institutuak sustatzen duen La Fenetre Basque (Euskal Leihoa) sail bereziari esker. Aurten bi euskal luzemetraia lehiatuko dira sail nagusian: "Amama" eta "Lejos del mar". Horrez gain, Opera Prima sailean ere beste bi euskal lan izango da ikusgai: Lara Izagirreren "Un otoño sin Berlín" eta Ben Sharrock eskoziarraren "Pikadero", Euskal Herrian eta euskaraz egina! 

Nantes, Frantzia. Nantesko Festival du Cinéma Espagnol jaialdiaren barruan Fenêtre Basque (Euskal leihoa) atalak azken urteko euskal zine produkzioa erausten du. Atal hau 16 urtez eskaini du zinemaldiak eta bertako klasiko bat da. Gaur egun Etxepare Euskal Institutuak sustatzen du, Euskadiko Filmategiaren laguntzarekin. Zinemaldi honek Frantziako kritikari profesionalak eta  zine-industria biltzen ditu urtero eta 26.000 bat ikusle izan ohi ditu.

Gaur hasiko den zinemaldian bi euskal luzemetraia izango dira lehia ofizialean, Etxeparek aditzera eman duenez: Amama (Asier Altuna) eta Lejos del mar (Imanol Uribe). Zuzendariak jaialdian izango dira euren lanak aurkezten. Asier Altuna eta Marian Fernández, Amama filmeko ekoizlea, Nantesen izango diren lehen aldia izango da. Uribe, berriz, urtero joaten den horietakoa da; 2013. urtean Ikuslegoaren Saria eskuratu zuen Miel de naranjas lanarekin.

Opera Prima sailean bi euskal film gehiago lehiatuko dira, iaz Mikel Rueda bilbotarrak eskuratu zuen garaikurra eramateko esperantzarekin. Un otoño sin Berlín Lara Izagirre zuzendariaren eta Gorka Izagirre ekoizlearen eskutik iritsiko da Loriako ibarrertzera. Aldiz, Pikadero (Ben Sharrock) aurkezteko ardura Joseba Usabiaga aktore nagusiak hartuko du. Euskara lehiaketako bi atal nagusietan entzungo da, beraz.

Dokumentalei dagokienez, Migueltxo Molinak eta Pablo Iraburuk zuzendu duten Walls emango dute, eta bigarrena bertan izango da, lana aurkezteko asmoz. Laburmetraien atalean 2015eko Kimuak  programako film guztiak eskainiko dituzte, eta horietatik  Tucker Dávila Wooden Duellum izango da ikusleen sariaren bila joango dena, Nanteseko Operan izango den emanaldian.

Gainera, eta Donostiako San Telmo Museoarekin lankidetzan, zinemaldiak  Elías Querejeta produktore hernaniarra omenduko du, Pedro Usabiaga donostiar argazkilari ospetsuak komisario izan duen Elías vida mía erakusketaren bitartez. Berez, Querejetaren oroitzapena jaialdi osoan izango da bizirik  Fernando León de Aranoak  Un día perfecto pelikularekin zabalduko baitu programa, eta Gracia Querejeta haren alabak itxiko duelako,  Felices 140 filmarekin. Elías Querejeta guztiz erabakigarria izan zen biek zuzendari gisa eman zituzten lehen urratsetan.

Eta euskaldunen partaidetza zabalagoa ere bada: Olivier Masset-Depasse zuzendariaren Santuario eta Mikel Ruedaren A escondidas ere ikusgai izango dira zinemaldian; Ricardo Aldarondo donostiar kazetaria dokumentalen epaimahai buru lanetan ariko da eta Etxepare Euskal Institutuko zuzendari Aizpea Goenaga martxoaren 28an Nanteseko Operan izango de amaiera ekitaldian esku hartuko du.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia