Buenos Aires, Argentina. ‘Amale Artetxe’ Katedra, Etxepare Euskal Institutuak Argentinako CONICET (Consejo Nacional de Investigaciones Científicas y Técnicas) erakundearekin duen hitzarmenari esker sortu da, “arlo akademikoan euskal kulturari buruzko ikasketak eta ikerketak bultzatzeko" helburuarekin. Katedraren inaugurazio zeremonia urriaren 31an izango da, Buenos Aireseko San Martin Kultur Gunean, Etxepare Institutuko zuzendari Irene Larraza, eta Amale Artetxeren familia lagun. Inaugurazio ekitaldia ostegun horretan izango bada ere, aldi berean beste bi programa –akademikoa eta kulturala– garatuko dira Katedraren estreinaldian. Interesa baduzu, gonbidatuta zaude.
Eskaintza akademikoari dagokionez, Euskal Herriko Unibertsitateko Santiago de Pablok ‘Estado y Nación en el País Vasco contemporáneo: los caminos de la identidad’ (Estatua eta nazioa Euskal Herrian, identitatearen bideak) izenburuko mintegia eskainiko du urriaren 21etik 31ra arte, astelehenetik ostegunera, goizeko 11etan hasita. Ikastaroa irekia izango da publikoari, UBAko Filosofia eta Letren Fakultateko 515. ikasgelan (Puan 480an). Informazio gehiago, hemen.
Programa akademikoaren barruan, bihar asteartea, urriaren 22an, de Pablok berak ‘Los vascos y el cine: entre el estereotipo y la lucha por la identidad’ (Euskaldunak eta zinema, estereotipoaren eta identitatearen burrukaren artean) hitzaldi irekia eskainiko du, CONICETeko 'Alberto González Dominguez' aretoan (Saavedra 15ean), arratsaldeko 4:30etan. Azkenik, urriaren 31an, goizeko 11etan, eztabaida partaideak Buenos Airesko Unibertsitateko, Tres de Febrero Unibertsitateko eta CONICETeko adituak direla ‘El combate por la memoria en el País Vasco: de la Guerra Civil a la actualidad’ (Oroimenaren borroka Euskal Herrian. Gerra Zibiletik gaur egunera) gaiaren inguruan. Azken ekitaldi hau ere UBAko Filosofia eta Letren Fakultateko 515. ikasgelan izango da.
Ekintza kulturalak, berriz, urriaren 30ean iluntzeko 7:30etan hasiko dira, Gari Otamendik eta Telmo Esnalek Laurak Bat Euskal Etxearen instalazioetan emango duten dantza tailerrarekin. Urriaren 31an, ostera, Katedra inauguratuko duen zeremonia instituzionala egingo da, iluntzeko 7:30etan, hiriburuko San Martin Kultur Gunean. Bertan omenaldia egingo diote Etxepare Institutuko ordezkariek Amale Artetxeri, bere ahaideak bertan direla. Segidan, ‘Dantza’ pelikula proiektatuko da Telmo Esnal zuzendaria eta Gari Otamendi dantzari eta musikaria partaide.
Amale Artetxeri buruz
Amale Artetxe Bilbon jaio zen 1894ean eta Buenos Airesen zendu, 1986an. Buenos Airesko Emakume Abertzale Batza erakundearen sortzaileetako bat izan zen eta baita lehenengo lehendakaria ere. Bertan lan azpimarragarria egin zuen euskal kultura zabaltzen, dantza taldeak sortzen, eta batez ere euskal argentinar emakumeak ahalduntzen.