Buenos Aires, Argentina. [EGUNERAKETA: DATA ALDAKETA, data berriak azaroaren 4tik 7ra]
Nestor Basterretxea euskal eskultore, margolari eta zinemagilearen jaiotzaren mendeurrena dela eta, urte osoan zehar hainbat jarduera eta erakusketa egin dira Euskal Herrian bere lanaren ospagarri. Artista Argentinan bizi izan zen gaztetan, Espainiako Gerra Zibilaren ondorioz bere familiarekin erbesteratua, eta bera gogoratzeko ekimenak honaino ere iritsi dira. Amale Artetxe Euskal Ikasketetako Katedrak (San Martingo Unibertsitate Nazionala, UNSAM) "Modernitate bereziak eta herri- abangoardiak; Nestor Basterretxea eta nazioarteko euskal artea XX. eta XXI. mendeetan" izeneko mintegia eskainiko du, irekia eta doan, adierazi dio EuskalKultura.eus-i Katedratik Ruy Farías irakasleak.
Saioak Donostian oinarria duen Peio Aguirre arte kritikari, editore eta komisario independente adituak emango ditu urriaren 31ean eta azaroaren 1, 4 eta 5ean, UNSAMen
Mintegia modernitatea versus postmodernitatearen dialektikaren inguruan arituko da, "euskal artea" kategoriaren azterketa testuinguruan, eta historikoki irakurritako kasu-azterketa gisa. Oteiza eta Chillidaren garaikide izan zen Nestor Basterretxea (1924-2014) kapitulu bereizitua izango du, hari komun gisa. Ikastaroak abangoardia artistiko transkontinentalaren kartografia proposatzen du; Europako abangoardia artistikotik, iberiar penintsularen kasura, euskal abangoardia eta Latinoamerikako loturak. 1940ko hamarkadan Buenos Airesen aktiboa, Basterretxeak bere lanarekin modernitatea zeharkatzen du eta postmodernitatean ere murgiltzen da, ilustrazioa, muralismoa, abstrakzioa eta arte konkretua, eskultura publikoa, zinema, diseinu industriala eta arkitektura ere ukituz.
UNSAMeko Amale Artetxe Katedra
Jardueraren ardura Peio Aguirre arte kritikari, idazle, erakusketa komisario independente eta editoreak izango du, eta urriaren 31n eta azaroaren 1, 4 eta 5ean gauzatuko da, 14etatik 18etara, UNSAMeko Volta eraikinean, Presidente Roque Sáenz Peña etorbidean (Diagonal Norte) 832 zbkian. Antolatzaile ditu Etxepare Euskal Institutua, Giza Zientzien Ikerketa Laborategia (Conicet – UNSAM), Argentinako eta Latinoamerikako Artearen Historiako Maisutza (Eidaes, UNSAM) eta Amale Artetxe Katedra (EH, UNSAM). Izena emateko, edo xehetasun eske, idatzi dgaidaes@unsam.edu.ar helbidera.