euskal diaspora eta kultura
2014/05/08
PUBLIZITATEA
Joseba Etxarri/San Salvador. Orain gutxi El Salvadorrera egin dugun bidaia batean mintzatu gara Amaiarekin. Dagoeneko bertakotua den lesakar engaiatu honek --San Salvadorren ezagutu genuen beste euskaldun talde batekin-- Amerika kontinente parteko herrialde txikiena den honen bere bazterrak erakutsi dizkigu, ertameriketaratu ezkeroztik baitabil buruz buru bertakoekin lankide garapen pertsonal eta soziala helburu duten proiektu eta ekimenetan.
-1995ean iritsi zinen El Salvadorrera, 24 urte zenituela, Euskal Herriko Unibertsitatean Ekonomian lizentziatu ostean; eta zure ahizpa batekin eta hirugarren lagun batekin egin zenuen. Hiru neska lesakar abentura ertamerikarrera salto.
-Ahizpa zaharrenak, Garbiñek, komentzitu ninduen etortzeko. Aspalditik etortzeko gogoa genuen, esperientzia labur bat, hiru edo sei hilabeteko esperientzia izateko. Ez genekien zehatz-mehatz nora etorri eta harremanetan jarri ginen Askapenarekin. Askapenakoek jendea bidaltzen zuten kontaktuak zeuzkaten herrialdeetara eta El Salvador edo Guatemalara etortzeko posibilitatea eskaini ziguten, baina beraiek ere El Salvador gomendatuz, Bake Akordioak sinatu berriak baitzeuden hemen Gobernuaren eta FMLNren artean eta Guatemalan oraindik gerran zebiltzaten; gu hona etorri hurrengo urtean sinatu zituzten Guatemalan akordioak. Beraz, El Salvadorrera etortzea erabaki genuen, Garbiñe, Mertxe eta hirurok, pixkat kasualitatez.
-Garai hartako El Salvador ez zen batere egungoa...
-Gu ailegatu ginenean atera berriak ziren gerratik. Behar da esan hemengo herritarrek, jende xeheak, asko jasan izan duela historian zehar. Gu iritsitakoan gerrak utzitako zauriak nabariak ziren eta azpiegitura kontuetan ere, gabeziak handiak eta oso oinarrizkoak ziren. Ni lehenengo bizi izan nintzen komunitatean, esaterako, ez zegoen urik, ur kanalizaturik esan nahi dut, putzutik ateratzen genuen; ez zegoen elektrizitaterik; eta orain badago. Oinarrizko zerbitzu horiek hedatu egin dira, baina jendeak pobrezian segitzen du. Batzuetan elektrizitatea badute, ura badute, baina ez dute hori nola pagatu. Orduan batzuetan ez dakit arazoa ez ote dugun handitu konpondu baino, ekonomia aldetik ez baita aurkitu zer garatu, ze sektore produktibo garatu eta hor ez dut ikusten aldaketa handirik.
-Euskal Herritik ateratzen zinen lehenengo aldia al zen?
-Bai, egona nintzen ikasbidaiak Brasilen, astebete, baina bertzerik ez. Hemen dena zen berria, oso desberdina Euskal Herriarekin, eguraldia, jendea, ohiturak, jana, den-dena, baina hala ere hasieratik enamoratu ginen jendearekin eta laketu ginen hagitz agudo. Zer hartzen nuen faltan galdetzen badidazu, bada familia eta jana. Jana oso monotonoa da hemen, beti ilarrak, arroza, oilaskoa, arto tortilak... eta gainera lehendabiziko bi urtetan komunitate batean bizi izan ginen, ez hirian, eta elikadura aldetik oraindik eskasago, inoiz falta ez, baina beti betiko janari bera; orduan hasieran behintzat bai faltan hartu genuela.
-Ze proiektuan hasi zinen lanean?
-Proiektu batzuk eskaini zizkiguten eta azkenean hemengo ONG bat, Centro por los Derechos Humanos Madeleine Lagedec (Madeleine Lagedec Giza Eskubideen Aldeko Zentrua), hautatu genuen. Beraiek bazuten gazteekin ekintza eta gazteentzako zentru batekin zerikusia zeukan proiektua zen. Ahizpak, Arte Ederrak ikasi zituenez, eta ni musikaria ere banaiz, hasi ginen gazteekin, Garbiñek marrazki eta serigrafia klaseak ematen eta nik musika eskolak, eta irakasten genien baita ere gazteei nola antolatu, pixkat nola antolatu behar den lana, diru pixkat bazuten nola administratu diru hori ekintzak egiteko. Eta gazteen etxea ere eraiki genuen, komunitatea batean, Usulutan-en.
-Ze harrera ematen zieten klaseei eta zuen lanari?
-Bi urtez aritu izan ginen komunitate hartan eta interes handiz jasotzen zituzten kapazitazioak. 12 urtetik 20-21 urterainoko gazteak ziren; guretzat arrunt gazteak dira, baina hemen, 20-21 urtetik aitzinera beren familiak osatzen dituzte, haurrak izaten dituzte eta orduan ez dute gehiago beren burua gazte bezala ikusten. Neska-mutiko pobreak ziren, komunitatea ere nahiko pobrea baitzen, repoblatuak ziren, gerra garaian Panaman izandakoak eta handik bueltan repoblazio honetan bizi zirenak, Usulutanen.
-Aurrerapen somatu duzu zure inguruan formakuntzan eta hezkuntza-mailan?
-Asko dago oraindik egiteke, baina uste dut alde horretatik diferentzia handiak ikusten direla. Lehen, pertsona helduen artean anitzek ez zekiten idazten eta irakurtzen eta bertze batzuk oinarrizko kurtsoak egin eta hor gelditzen ziren. Oraingo gazteak bai, nik uste gehienetan aukera dutela ikasteko, unibertsitatera joateko. Batzuetan bidean ere gelditzen dira, etxean lan egiten edo laguntzen, baina uste dut alde handia dagoela hor gazteen artean eta adinekoen artean.
-Proiektu hura eta gero, beste proiektu eta oenege batzuekin ibili zara lanean.
-Usulutan-en bi urtez aritu ondoren, bertze proiektu bat etorri zen Giza Eskubideen alorrean. Lehenengo aldiz antolatzen ziren hauteskundeak eta proiektu bat garatu genuen bozkatzeko eskubidearen alde, jendea ez zegoen batere ohituta bozka ematen eta hori sustatzen, botoa emateko eskubidea sustatzen ibili ginen. Geroago proiektu berriak etorri ziren, kredituen inguruan, kooperatiba bat sortzeko eta honela pixkat bertze proiektu batzuekin segitu dut, azkenean hemen gelditu arte.
-Zein ekarpen egiten duzue lankidetzagileek, kooperanteek?Beharrezkoak zarete?
-Laguntza beti eskertzen da eta hemengo jendea esker onekoa da oso. Baina uste dut azkenean beharra edo eskerra gehiago bihur daitekeela gurea. Hemen laketzen gara eta hemen egin dugu bizitza, nire kasuan behintzat. Nik uste El Salvadorren badagoela jendea posibilitate eta kapazitatearekin herrialdea aurrera eramateko, baina laguntza sekula ez da gaizki etortzen. Nik zeozer irakatsiko nuen, baina El Salvadorrek niri irakatsi dit bizitzari bertzela begiratzen, ikuspegi desberdin bat eman dit. Euskal Herrian gelditu izan banintz seguru aski ez nuke izanen orain daukadan aberastasuna. Bi mundu hain desberdinak ezagutu ditut, baina hemen naiz, nire semea Martxel, 12 urte ditu, hemen jaio zen eta hemen bizi gara, hemen ditut lagunak eta bizitza, hemen dira, nola erranen nizuke, nire gogoa, nire maitasuna eta elkartasuna.
-Zure ahizpak, lehenengo bi urteak egin eta ondoren bueltatu egin zen, baita lagun lesakarra ere.
-Bai eta sekulako oroitzapenak dauzkate. Ahizpari galdetu eta El Salvador bihotzean daramala erranen dizu. Eta Mertxerentzat ere, bera bakarrik urtebete egon zen, baina Kristoren oroimen ona du hemengoa. Nik uste markatu egiten zaituela, bertze leku batzuk bertze gisa batean markatuko duten bezala seguruenik. Nik, bertzalde, ez dut harremana eten Euskal Herriarekin, irakurtzen ditut berriak eta ahizpek informatuta naukate. Badakizu, lehenengo urteetan distantzia bat jartzen duzu, eta orduan ez nuen hainbeste segitzen, baina orain, komunikatzeko hainbeste tresnarekin erraz mantentzen dira loturak. Datozen asteetan, adibidez, Gure Eskuk antolatu duen Giza Katean lagundu nahi dugu hemendik. Neroni urtero noa Lesakara eta Martxelek bertan ematen du uda osoa, bizpahiru hilabete, lagun anitz dauzka eta hura ere etxea du.
-Zer esango zenioke Euskal Herriko pertsona gazte bati, lizentziatu berria igoal, Euskal Herrian lanik topatu ez eta zalantzan badago kanpora etorri eta, esaterako, bolada batean oenege batean aritzeko?
-Ahal badu, aukera badauka, Euskal Herritik atera dadila eta ikus dezala pixkat bertze lekuetan dauden bertzelako errealitateak. Nire ustez, beti da aberasgarria ateratzea eta ikustea ze bertze errealitate dagoen eta horietatik eta bertzeengandik ikastea. Aukera badauka, zalantzarik gabe, animatuko nuke.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus