Reno, AEB. Hurbiletik ezagutzen du Amaia Iraizozek (Aritzu, 1987) Ameriketarako migrazioa. Eta ez soilik egun AEBetan bizi delako, baizik eta bere sendian bost belaunaldi desberdinek egin izan dutelako mendebalderako ostera. “Batzuk Argentinara, beste batzuk Mexikora”, zehazten du. “Asko itzuli ziren, baina beste batzuk bertan geratu ziren”.
Duela bi urte ia, 2013ko abuztuan, hasi zuen doktoretza tesia Iraizozek, UNR unibertsitatean. Hasierako bi urte teorikoak bukatu berri ditu eta, heldu den ikasturte honetan hasiko da zelaiko ikerketa lanetan, Xabier Irujo eta Angel García-Sanz Marcotegui irakasleen tutoretzapean.
“Tradizio emigrantea dauka nire familiak −azaldu du, buletin honekin berbatan− eta migratzaileen ideia berriek gizartean izan duten eragina ezagutzea beti iruditu izan zait interesgarria”. “Bizitzako arlo guztietan du eragina migratzaileen itzulerak, nekazaritzaren garapenean, adibidez, edo sustapen ekonomikoan”.
Hala ere, historialariaren aburuz, “mota honetako ikerketen beharra dago”. “Emigranteek kanpoan izandako eraginera mugatzen garelako beti, etxean izan zuten eragina ahaztuz. Badaude artikuluak, baina tesi askorik ez”.
Ez on, ez gaitz
Argi utzi gura izan du Iraizozek berak ez duela juzkatu nahi emigrazioaren eraginak onak zein txarrak izan ziren, “izan duen eragina aztertu nahi dut soilik, transnazionalitate horrekin Euskal Herria nola aldatu den”. Edozelan ere, azpimarratu du, ez zirela itzultzen ziren guztiak aberats itzultzen. “Denetarik zegoen, nahiz eta indiano aberatsen ideia geratu zaigun iruditerian”. Izatez, azpimarratzen du, asko geratu ziren itzuli ezinik diru faltagatik.
XIX. mende bukaeran, migrazio masiboak bizi izan ziren Europan ekonomia, gerrateak eta beste hainbat kausa medio. Eta, nahiz eta egun garai ezberdinak bizi, zikloa errepikatzen ari dela nabaritzen du Iraizozek. “Gaur egungo gazteek ikasketak dituzte eta ez doaz artzain lanetan, ingeniariak edo arkitektoak dira”, baina erronka bertsua dela deritzo: “Apustu handia da emigratzea, irabaz zein gal zenezakeelako; edo etxean eroso geratu”.
Hurrengo ikasturtea Euskal Herrian beteko badu ere zelaiko lanetan, azken urterako Nevadara itzuliko da. 2017ko udaberrian espero du tesia defendatu ahal izatea, “ingelesez, bistan da, hemen (UNR unibertsitatean) dena delako ingelesez” eta, gerora, argitaratua ikusi nahiko luke bere lana.