euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Amaia Arberas soprano donostiarrak emanaldia eskainiko du etzi New Yorkeko Eusko Etxean

2011/06/09

Amaia Arberas kantaria iaz New Yorkeko Ellis Islanden ikusgai izan zen euskaldunei buruzko erakusketaren inaugurazio ekitaldian kantari (argazkia EuskalKultura.com)
Amaia Arberas kantaria iaz New Yorkeko Ellis Islanden ikusgai izan zen euskaldunei buruzko erakusketaren inaugurazio ekitaldian kantari (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

New Yorkeko Eusko Etxea elkarteak musika gaualdia egingo du etzi, Amaia Arberas kantari gipuzkoarraren emanaldi batekin. Arberas sopranoa da eta urtean zenbait alditan New Yorken izaten da bertako maixuekin kantu lezioak hartzeko. Oraingo aldi honetan Sagar Handiko euskaldunentzako bereziki prestaturiko kontzertua eskainiko du. Emanaldian 'Ameriketara joan nintzan', 'Hara nun diran' eta 'Ume eder bat' bezalako euskal kantu klasikoak abestuko ditu.

New York, AEB. New Yorkeko Euskal Etxeak Amaia Arberas soprano donostiarraren kantaldia iragarri du etzirako. Arberasekin batera David Shenton pianojolea eta Ana Bermudez biolontxelista ariko dira. Kontzertuak bi zati izango ditu: lehen zatian euskal kantu klasikoak abestuko ditu Arberasek ('Donostiako Hiru Damatxo', 'Oinazez', Mokoroaren 'Ilunabarra'...) eta bigarrenean nazioarteko kantu sorta bat ('La tarde', 'Era una flor', 'O mio Babbino caro'...).

Amaya Arberas soprano donostiarrak harreman estua du New Yorkeko euskal komunitatearekin, izan ere, urtean zenbait alditan hirira etortzen da kantu lezioak hartzeko. Donostiako Kontserbatorioan ikasi zuen Arberasek Jose Ramon Artetarekin eta New Yorken Joan Dornemann, Diana Soviero eta Beth Roberts izan dira bere maixuak. Opera, zarzuela, oratorio eta kontzertu ariek osatzen dute bere errepertorioa. Abestu dituen lanen artean aipagarriak dira Handelen 'Messiah', Mozarten 'Requiem', Pergolesiren 'Stabat Mater' eta Rossiniren 'Petitte Messe Solennelle'. Operan Barbarina antzeztu du 'Figaroren ezkontza'-n eta Adina izan da 'L’Elisir d’amore'-n, besteak beste.

Iaz New Yorkeko Carnagie Hall aretoan debuta egin zuen eta Ellis Islandeko Museoan emanaldi berezia egin zuen 'Basques: Hidden in Plain Sight' erakusketaren inaugurazio ekitaldian. Uda aldean Boiseko Jaialdian ere aritu zen soprano donostiarra. Kantariari buruzko informazio gehiago, www.amaiaarberas.com webgunean.

Etziko emanaldia 19:30tan hasiko da eta ondoren lagunarteko afaria egingo da Eusko Etxean. Kontzertuaren tiketak 20 dolar balio ditu eta afariaren prezioa 25 dolarrekoa da. Bi ekitaldietara (edo bakarrera) bildu nahi duenak e-maila bidali behar du baraxilb@yahoo.es helbidera izena emateko.

Iazko Ellis Islandeko kantaldiaren bideo honetan 'Ameriketara joan nintzan' kantatzen du Amaia Arberasek:

 

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia