Pertsona langile eta engaiatua da Amagoia Guezuraga, mundutik begiak irekita dabilena. Zamudioztarra, 48 urte eta Historian lizentziatua, hainbat arlo landu ditu luze eta aberatsa duen ibilbidean, tartean Etnografia, Genealogia, Diaspora...
euskal diaspora eta kultura
2016/05/02
PUBLIZITATEA
Pertsona langile eta engaiatua da Amagoia Guezuraga, mundutik begiak irekita dabilena. Zamudioztarra, 48 urte eta Historian lizentziatua, hainbat arlo landu ditu luze eta aberatsa duen ibilbidean, tartean Etnografia, Genealogia, Diaspora...
Joseba Etxarri. 1993an Renon ezagutu genuen, lizentziatu berritan urtebeterako joana zela Eusko Jaurlaritzaren beka batekin Nevadako Unibertsitatera. Euskal Amerika ezagutu zuen han eta, Zamudion balego bezala, euskal dantzari ibili zen Renoko Zenbat Gara dantza taldean, ingelesa hobetu eta bertako errealitatearen esperientzia barneratzen zuen bitartean. Euskal Herrian, Historiarekin batera Euskal Kultura graduondoa eta Genealogia masterra ikasitako emakume aktibo hau irakaskuntzan eta liburuzaintzan ibili da geroztik hainbat urtez, aldi berean Zamudio eta bere inguru zabala zenbait alorretatik ikertzen, Labayrun, Etnikerren edota, esaterako, Antzinako Euskal Genealogia eta Tokiko Historiaren Elkartean.
Jakinmina aipatu beharko genuke zutaz hitz egiteko. Jakinmin handiko pertsona zara, hainbat saltsatan ibilia eta gaur egun ere hala zabiltzana.
-Ez dakit baina baliteke herri txiki batekoa, Zamudiokoa, izanda, hala tokatzea: Txikitatik herrian sortzen doazen ekintzetan sartzen zara: euskal dantza taldean zaude, Kilikilira zoaz, abesbatza sortu eta hor zaude, hainbat ekimenetan bertako sortzaile edo partaide topatzen duzu zeure burua, euskara elkartean... Labayrun aritu eta Etnikerrekin kolaboratzen hasten zara... Herriko zaharrei elkarrizketak egiten hasi eta batere ezagutzen ez zenuen mundu bat zabaltzen zaizu, gure aurrekoak zelan bizi ziren ikasten duzu, euren jazkera, euren jolasak, zer egiten zuten eta zergatik... Oso interesgarria da. 1986-87an hasi nintzen gure nagusiei elkarrizketak egiten eta ikasi besterik ez dut egin. Baina patxadaz egin beharreko gauza da. Entzuten ere ikasi egiten da, eta hori batzuetan ez da erraza bizi garen mundu honetan, beti erlojuaren kontra.
Zamudiokoa zara. Beste hainbat euskal herrietan bezala, Zamudiok badauka bere errealitatearen luzapen bat Diasporan.
-Bai, haiek ere gure parte dira. Hainbat zamudioztar joan izan dira Ameriketara, Hego eta Ipar. Gauza bitxia, hain herri txikia izanda, baina hori ikertzea ere gure lana da, zergatik joera hori eta nor, nondik eta zelan joan ziren; ikertu eta emaitzak argitaratzea eta erakustea jendeari, loturak galdu ez daitezen eta harremanak segi dezan. Askotan joandakoen oinordeak han daude eta ez dira ahaztu euren herriaz; guk loturak mantentzeko aukera eman behar diegu, jakin behar dute akordatzen garela eta eurak ere hemengoak sentitzen ditugula.
Zeuk ere badituzu ahaideak Diasporan, Estatu Batuetan.
-Gure amumaren bi neba joan ziren Estatu Batuetara eta euretako baten seme-alabak dauzkagu. Hona etorrita zeuden, baina Renon izan nintzenean ezagutu ahal izan nituen gure osaben parajeak, euren arrantxoa Idahoko Blackfoot-en eta artzain ibili ziren mendiak. Inguruan beste arrantxo batzuk ere euskaldunenak ziren. Garai hartan hori zen hango gure errealitatea, nik etxean entzunda neukana, baina berezia izan zen neure begiz ikusi eta sentitu ahal izatea. Orduan ez nekien oraindik asko izan direla Zamudiotik Kalifornia, Idaho, Nevada, Utah eta bazter haietara joandakoak; hemen ondoko baserrietakoak, Aldanatarrak, Orbea, Gamboa, Ayarza, Zarate, Bilbao, Mugarra... Asko artzain eta arrantxoetan ibili ziren. Felix Bilbaok eta Begoña Laitak, esaterako, Bilbao Basque Corner taberna eta jatetxea izan zuten San Frantziskon.
Antzinako Genealogia eta Tokiko Historia Elkarteko lehendakari zara.
-Beti ezagutu izan dut nik etxean genealogia, baina paper barik. Gure inguruan, norbait hiltzen bazen, amumak beti esaten zuen "hau hil da, etxekoa da, gure aititeren lehengusua zen, ez dakit norekin ezkondua, baserri honetakoa". Lehen, buruz gordetzen ziren datu horiek, baina gure aurrekoek bazekiten orduan ondo erlazionatzen eta euren moduan famili zuhaitza egiten. Nire ustez genealogiak egiazko balioa hartzen du, ez data eta izen zerrenda hutsa denean, fruituz atontzen dugunean baizik, dakigunean gure arbasoa mugitu zela baserri honetara, baina zergatik mugitu zen, zelan, zertan egiten zuen lana eta testuingurua ezagutzen ditugula. Hori jakitea bide luzea da, baina guztiz harrapatzailea. Aitzinako euskal genealogiazaleen elkartean nago, bai. Bertatik asko laguntzen diogu elkarri, eta bere zuhaitz genealogikoa egin nahi duen edo egiten zailtasunak topatzen dituen jendeari. Lana norberak behar du egin, baina taldearen aholku eta sostenguek asko laguntzen dute. Orain topaketa nagusi bat ari gara prestatzen, Iparraldeko eta Hegoaldeko genealogiazaleak barne, urriaren 8an Baionan. Egingo dugun hirugarrena da. Bere familiaren genealogian edo herriko historian interesa duenak aukera aproposa izango du bertaratu eta harremantzeko.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus