euskal diaspora eta kultura
2014/05/28
PUBLIZITATEA
Begoña Miñaur/EuskalKultura.com. Amagoia Guezuragari etxetik datorkio genealogia zaletasuna. "Amumak 10 neba-arreba zituen eta Zamudion denak ziren etxekoak: lehengusu-lehengusinak, edo aitxebitxi, edo... Noblezia-zuzenbide master bat egin nuen eta amaiera lan gisa Zamudioko elizako ezkutu bakoitzeko linajeen ikerketa egin nuen", azaldu dio EuskalKultura.com-i. Ikertzeko etxekoei eta herrikoei galdezka hasi zen eta apurka-apurka hariari tiraka familia bakoitzaren arrastoa jarraitzen hasi zen. Eta afizioa pasio bilakatu zitzaion.
Lorratz horietan, ordea, Zamudiotik atzerrira joan zirenen historia falta zela konturatu zen Amagoia eta azken urteotan arlo honetan lan itzela ari da egiten. Herriko "Orain" aldizkarian argitaratzen du. Bertan ikertu dituen zamudioztarren berri ematen du: Eusebio Uriarte Lazpita (Mexikora), Maria Josefa Aurrecoechea Fano (Powell, AEBetara), Leoncio Zarate Echeverria (Salt Lake City, AEB), Ramon Goicoechea Zugazaga (Buenos Airesera), Francisco Echevarria Echeandia (Blackfoot, Idaho, AEB)... Zerrenda luzea da eta horien guztien berri izan nahi duenak "Orain" aldizkaria irakur dezake online, hemen.
Genealogia, zubi
Ikerketa prozesua emozioz betea dela dio Amagoiak, engantxatu egiten duela eta herrikideek eta internet bidez aurkitu eta kontaktatu dituen zamudioztarren ondorengoek eskertu egiten dutela bere lana. "Genealogia zubi bat da bi lekuen artean, harreman berriak sortzen dituelako hemengoen eta hangoen artean", esan digu Amagoiak.
"Niretzat interesgarria da ikustea Diasporan nola mantendu duten euskaldun izatea. Adibidez, Boisera 1906 inguruan joan zen Pelaio Aldanaren hilobian, Idahoko hilerrian, "Pelayo Aldana Basque" jarri zuten. Haren eta beste batzuen lobek igual hiru edo lau hitz baino ez dakizkie euskaraz, baina badakie hemendik datozela", agertu du.
Antzinako elkartea
Amagoia Antzinako euskal genealogia zaleen elkarteko kide da eta mundu honetan sakondu nahi dutenei bertan parte hartzeko gonbitea egiten die. "Familiaren sustraiak aurkitu nahi dituenak etxetik abiatu behar du, etxekoei preguntetan... Aitite-amumen abizenak, etxean egon daitezkeen dokumentuak (jaiotza edo ezkontza agiriak...). Testamentuak ere oso erabilgarriak dira", gehitzen du.
Pauso hori eman eta gero erregistroetan dokumentu bila haritik tiraka hastea da bidea. Horixe izan daiteke Antzinako elkarteko kide egiteko unea. Urteko hamar euroko kuota ordaintzen dute kideek; horren truke elkarteko artxibo eta ikerketak kontsulta ditzakete, eta beste bazkideen laguntza eta aholkuak jaso. Izena emateko bidali e-maila hona.
Antzinakoko kideek bolondres lan handia egiten dute eta, adibidez, Nafarroako herrietako erregistroak apurka apurka sarera igotzen eta argitaratzen ari dira (EAEko dokumentuak Dokuklik-en eskura daitezke). Gehiago jakin nahi baduzu, jo Antzinako elkartearen webgunera.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus