euskal diaspora eta kultura
2014/05/22
PUBLIZITATEA
Joseba Etxarri/EuskalKultura.com. Ganaduzalearen bizimoduak gogorra behar du izan Kalifornian, horretara dedikatzen diren euskal arrantxarien esanari bagagozkio, berdin behiak izan, haragitarako edo esnerako, zein ardiak. Ekologisten jardunari [ganaduzaleen modu eta ohitura batzuei kontra egiten dieten legeak onartzea lortzen dute legegile kaliforniarren aurreko lobby lana eginez] idorte azkarra emendatu behar zaio, hiru urtez irauten ari dena degoeneko, kalteak nakazaritzari ere heltzen zaizkiola, Estatu Batuetako elikagaien ekoizle nagusia eta munduko nagusienetarik ere baden estatu aberats honetan.
-Amador, aspaldi batean euririk ez dela izan hemen, diozu, oraintxe gauden Kaliforniako Los Banos eskualdean.
-Halaxe da, apenas ezer ez, euri sirimiri apur bat baino ez momenturen batean, bestela batere ez.
-Eta hori, jakina, kaltegarria zaie bai nekazaritzara dedikatzen direnei baina baita ere zu bezala abelzain direnei.
-Asko daude euren lurra erein eta langu gabe utzi dutenak. Ezagutzen ditut lurren %40 batere landatu gabe utzi dituztenak, ur faltagatik edo lor daitekeen ura oso garestia delako. Hemen kanalak daude eta Los Banosen urtegia dago, Kennedyren denboran eraikia, baina gertatzen da ekologistak lanean ibili direla eta bitartean gu arrantxariok lo gelditu garela, eta orduan lege gogorrak pasa dituztela gure jardunari eraginez.
-Zelan, adibidez?
-Guri ura Shasta-tik datorkigu, urrutitik, ia Oregoneko mugatik, eta honako bidean itsasoko urarekin nahasten da apur bat eta gero ekartzen dute hona urtegira. Prozesu horretan arrain txiki bat azaltzen da, hatzamarra baino laburragoa, jaten ez dena, baina ibilbide horretan ura ponpatzen denean, motorrarekin, hona ekartzeko, nonbait ponpa barruan sartu eta hiltzen dira. Gure legegileek, baina, gehiago maite dituzte arrain horien eskubideak ez eta ur hori behar dugun nekazari eta ganaduzaleenak. Ekologistak indar handia daukate eta guk ez dugu jakin hor egon eta gure interesak defenditzen. Nork behar zuen pentsatu kanal handia batere urik gabe ikusiko genuenik! Ura gure urtegitik Los Angelesera joaten da eta guri ez zaigu heltzen.
-Nekazaritza da Kalifornian diru-iturri behinena...
-Estatuko industria number one da. Badaude fabrikak eta industriak baina hona datorren diru kopururik handiena nekazaritzatik dator. Plantazioen kasuan, esaterako, almendra-ondoenean, badago arbolak kentzen ari denik, erabaki hori hartzea gogorra bada ere. Gainera, uraren prezioa ikaragarri igo da. Uraren gainero eskubideak daude eta horiek ordaindu egin behar dira. Lehen, igoal 80-90 dolar edo batzuetan igoal 100-110 dolar paga zitekeen acre-food bakoitzeko. Orain pagatzen ari dira, eskubideak saltzeko, baita 2.500 dolar ere, aurretik beste balio hori zuena. Eta luzerna/alfalfa edo meloiak badituzu, beti daukazu hiltzen uzteko aukera, baina almendrondoak badituzu, 25 urterako operazio bat da, urterik urte dirua sartuta, eta ezin da besterik gabe galtzen utzi.
-Zenbat ganadu buru dituzu? Behiak gehienbat, baina ardi batzuk ere gorde dituzu...
-Sei mila ardi ere izan nituen, baina prezioak txarto egoten hasi zirenean saldu egin nituen eta behiak erosten hasi. Seirehun behitik gora dauzkat, denak okelako behiak, txahalak egin eta txahalak saldu, angus arrazakoak, beltzak, onenak haragitarako. Orain, ordea, saldu behar izan ditut berrehun bat eta onenekin geratu naiz, ea lehorraldi hau lehen bait lehen pasatzen den.
-1970ean etorri zinen Euskal Herritik, artzain. Zenbar ardiburu zeuden orduan Los Banosen?
-50.000 bat, pentsatzen dut. Gaur ez dira ezta 7.000 ere geldituko. Ez da errentagarria.
-Gehienbat behiak, baina ardi batzuk ere badituzu. Euskaldun askok lotura sentitzen dute hemen, talde gisa, artzaintzarekin.
-Beti izan ditut ardiak, lursailak ditut alfalfa/luzernarekin eta kanpoko ardiak ekartzen ditut, Idaho aldetik, negua pasa dezaten. Azaro aldean etorri eta apirilean itzultzen dira Idahora.
-Etorri berritan beste euskaldun batentzat egin zenuen lan, Bernard Erreca-rentzat.
-Bai, sei urte eman nituen berarekin. Nire asmoa atzera, Euskal Herrira joatea zen, baina neska polit bat ezagutu nuen, bertakoa, Iparraldeko euskaldunen alaba, eta ezkondu egin nintzen. Geroago nire negozioa hasi nuen. Etorri eta 18 urtera, lanean hasi nintzen arrantxua erosi ahal izan nuen. Lau mila bat akre ditu, eta ondoko lursail batzuk ere errentatzen ditut behar dudanean.
-Azkeneko asteburu honetan Los Banos Basque Club-ek, zu lehendakari zaituena, bere 50. urteurrena ospatu du.
-Orain dela sei bilabete hasi ginen dena prestatzen eta emaitza joan den larunbat eta igandean izan dugu. Zorion ugari jaso ditugu egindako lanagatik. Igandean 1.200 bat jende etorri zitzaigun. Jende askoren arteko ahalegina izan da. Harro gaude amerikanoak eta euskaldunak izateaz.
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus