Buenos Aires, Argentina. Alfredo Corral maisuaren zuzendaritzapean, “Amadeus 91.1” Orkestraren kontzertu batek inauguratuko du gaur, osteguna, apirilak 18, Buenos Airesko Laurak Bateko “Segundo Galarza” Zikloaren 2024ko denboraldia. Momentu desberdinak izango ditu emanaldiak eta Orkestrak Antonio Vivaldi, Franz Schubert eta Johann Sebastian Bach-en lanak interpretatuko ditu. Hitzordua 19:30ean da, Euskal Etxeko Pedro de Basaldúa aretoan (Belgrano 1144, CABA).
Zikloaren antolatzaileek EuskalKultura.eus-i jakinarazi diotenez, urtean zehar eta abendura arte, hainbat musika ikuskizun eskainiko dituzte. Inaugurazio kontzertuaren ostean, Abesbatza Zikloaren lehen topaketa maiatzaren 18an izango da, larunbata, 16etan. Ekainean, bi hitzordu emendatuko zaizkio. Larunbatean, hilaren 1ean, Laudate Dominum Ensemblea arituko da, eta ekainaren 29an, berriz, abesbatza kontzertua eskainiko da berriro. Bigarren seihilekorako, Abesbatza Zikloaren jarraipena aurreikusten da, baita lau eskuetarako piano kontzertu bat eta hari eta pianorako beste bat ere.
Informazioa berritzen joan
"Segundo Galarza" zikloko emanaldi guztiak doakoak dira, publiko orori irekiak, eta Laurak Bat Euskal Etxeko sare sozialetan iragartzen dira: Facebooken Centro Laurak Bat, Instagram: centrolaurakbat, bere webgunean centrolaurakbat.com eta gure Agenda atalean. Sarrera e-mailez erreserbatzea iradokitzen da, secretaria@centrolaurakbat.com helbidera idatziz.