euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Altzoko erraldoiaren istorio hunkigarria Mexikora helduko da uztailaren 2an izen bereko haurrentzako opera bihurtuta

2016/06/22

"Altzoko erraldoia" operaren emanaldia bat (argazkia figurat.net)
"Altzoko erraldoia" operaren emanaldia bat (argazkia figurat.net)

PUBLIZITATEA

Datorren uztailaren 2an Mexiko Hirian estrenatuko da "El gigante de Alzo" haurrentzako txontxongilo opera. Benetako istorioa du oinarrian lanak: Altzo herriko Migel Joakin Eleizegi Arteagarena (1818-1861). Migel Joakinek 2, 47 metroko garaiera zuen, gaisotasun batek eraginda, eta horrek bere bizitza markatu zuen. Lan hunkigarri honek bakardadea, gizatasuna eta naturari maitasuna jorratzen ditu, besteak beste. Musika David Azurzak egin du, testuak Koldo Izagirrek, eta txontxongiloak Nestor Basterretxeak sortu zituen.

Mexiko Hiria, Mexiko. "El gigante de Altzo", Altzoko erraldoiaren bizitzan oinarritutako antzezlana, datorren uztailaren 2an estrenatuko da Mexikoko Arteen Antzokian. Euskal Herria eta Mexiko artean eginiko lana da "Altzoko erraldoia", Donostia 2016, Tolosako TOPIC Museoa eta Mexikoko Figurat S.C konpainiaren arteko elkarlanean.

Lanaren bi muntai egin dira: bat, euskaraz, 2015ean estrenatu zen Frantziako Charlevilleko Txotxongilo Jaialdian; bigarrena, gaztelaniaz, uztailean estrenatuko dena, eta mexikar lantaldeak taularatuko duena. Mexiko Hiriko emanaldien ostean, antzezIanarekin bira egingo dute Mexikon eta Hegoamerikako zenbait herrialdeetan barrena.

Benetako istorioa

Haurrentzako antzezlan honek Migel Joakin Eleizegi (1818-1861) gipuzkoarraren benetako istorioa du oinarrian. Eleizegi Altzo herrian bizi zen eta Altzoko erraldoia ezizena jarri zioten, gaisotasun batek eraginda 2,47 metroko garaiera zuelako. Oso ezaguna egin zen bere garaian eta Europan zehar eraman zuten ikuskizun gisa. Europako errege-erreginen gorteetan izan zen ikusgai: Ingalaterrako Victoria erreginaren aurrean, Espainiako Isabel IIaren aurrean, Frantziako Luis Felipe I...

Antzezlanak, txontxongilo eta musikaren bitartez, Eleizegiren sentimenduak agertzen ditu: "deseroso sentitzen zen, lekuz kanpo jende normalarentzat eginiko munduan". Koldo Izagirre idazlearen testuek eta David Azurzaren musikak ere poetiko eta ederrean islatzen dituzte bakartasuna, tolerantzia, naturari maitasuna, inozentzia, gizatasuna eta ontasuna bezalako gaiak.

Ikuskizuna uztailaren 2an estrenatuko da Arteen Antzokian, eta ikusgai izango da larunbat eta igandean, 12:00 eta 14:00ko saioetan. Sarreren prezioa: $80 nagusiak eta $40 haurrak. Emmanuel Márquez mexikarra da muntaiaren zuzendaria.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia