euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Altza hiru anaia irundarren ondorengo argentinarrak familia bilkura egingo dute heldu den igandean Maipun

2007/04/16

Euskal Herritik Argentinara pasatu ziren hiru anaia irundarretako bat, Juan Mari Alza Elosegui
Euskal Herritik Argentinara pasatu ziren hiru anaia irundarretako bat, Juan Mari Alza Elosegui

PUBLIZITATEA

Buenos Aires probintziako Maipú herrian finkatu dute datorren igandean hitzordua Argentinako Alza familiakoek. 1875 eta 1885 bitartean argentinaratu ziren Pedro, Juan Mari eta Francisco Alza Elosegui-ren ahaideak, eta apur bat geroago gauza bera egin zuten euren bost iloben ondorengoak daude bertara deituta. Alza edo Altza konexio honetako kideak Gipuzkoako Irunen daukate jatorria eta eutsi nahi diote familia harremanari. Elkarretaratzea, 'geure familiaren jatorriarekin eta geure erro euskaldunekin batzen gaituzten loturak sendotzearren' antolatu dutela aitortu diote BasqueHeritage.com-i antolatzaileek.
Argentinako Alzatarren (Alza idazten baitute hemen) bilkura datorren igandean gauzatuko da, apirilaren 22an beraz, lehenik Maipú-ko parrokian, meza emango baita bertan 'lehenengo hiru euskaldun haien alde eta desagertu diren ondorengoen gomutan, esker ona adierazteko, odol eta kemen hartarik etorri direnek eskainita'. Jarraian otordu familiarrari eutsiko zaio bertako elkarte batean. Gauzak pentsatu bezala badoaz, parada onena izango dute hori bildutakoek euren aurrekoen eta senide eta sendi arteko ixtorio, pasadizo eta jakingarriak kontatzeko, eta elkarren arteko historia familiarraz ikasteko ororen buru.

Alzatarren historia argentinarra 1875ean hasi zen, urte hartan heldu baitzen erresuma honetara Pedro, Alza Elosegui anaietan ameriketaratu zen lehena. Maipu inguruko landetan finkatu zen. Beste bi anaiak segitu zioten: Juan Mari, Ayacuchora bildu zena, eta Francisco, Loberiara. Irunen gelditu ziren Manuel anaia zaharrena --geroago honen seme-alabetarik seik Argentinarako bidea hartuko zuten-- eta Gabriela Joseba, azken honen seme batek ere bere osaba eta lehengusuen bide bera hartuko zuelarik. Hona hiru osaben datuak: Pedro (Irun, 1854-Maipú, 1917), Juan Mari (Irun, 1856-Ayacucho, 1928) eta Francisco (Irun, 1862-Lobería, 1933), gainerakoetarako, ikus loturetan.

'Landa argentinarraren ospeak hemengo baserri lanetara eta kirol criolloetara erakarri zituen gure aurrekoak', azaldu dio BasqueHeritage.com-i Fermina Mariezcurrena Alza Ayacuchoko 'Euskal Odola' Euskal Etxeko partaide aktibo eta familiako kide denak. 'Denbora pasatu ahala familia ugaltzen eta lan-arloak ere zabaltzen joan zaizkigu eta gaur egun gure artean badaude esaterako profesionalak, enpresariak eta irakasleak, landa eremuko zereginetan segitzen dutenekin batera'. Familiako iturrietatik adierazi digute, bestalde, euskaldun aitzindari haien berbilobetako batzuk itzuli egin direla euren aurrekoen euskal lurrera.


Lotura interesgarriak

Alzatarrak Uruguai eta Argentinan
José Osmar Alza Aramburu-ren webgunea

Alza Elosegui anaia-arreben zuhaitz genealogikoa emigratu arte
Fermina Bustos-ek bildua, aurreko webgune berean

Iloben zuhaitza, Manuel Alza Elosegui-ren seme-alabena
Fermina Bustos-ek bildua, aurreko webgune berean

Pedro Alza Elosegui-ren ondorengo argentinarren zuhaitza
Fermina Bustos-ek bildua, aurreko webgune berean

Juan Mari Alza Elosegui-ren ondorengo argentinarren zuhaitza
Fermina Bustos-ek bildua, aurreko webgune berean

Gabriela Josefa de Alza Elosegui-ren ondorengo argentinarrak
Fermina Bustos-ek bildua, aurreko webgune berean

Azken zuhaitzak, bidaia Euskal Herrira, Alzatarrik AEBetan
Fermina Bustos-ek bildua, aurreko webgune berean

Alza-Altzari buruz Auñamendi Entziklopediak dioena
www.euskomedia.org webgunean

Donostiak bereganatu zuen Altza herriari buruzko berri
www.altza.net-en barnean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia