euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Altxerri, Ekain eta Santimamiñe leizezuloak Gizateriaren Ondare izendatu ditu UNESCOk Quebec-en

2008/07/08

Santimamiñe kobazuloko margoetako bat
Santimamiñe kobazuloko margoetako bat

PUBLIZITATEA

Bi urteko prozesu luzea izan da, baina azkenean UNESCOk, Nazio Batuen Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Erakundeak, Gizateriaren Ondarea izendapena eman zien atzo Quebec-en Altxerri, Ekain eta Santimamiñe kobazuloei, Kantauri Isurialdean Paleolitoko Artea duten beste 12 haitzuloekin batera. Arantxa Arzamendi, Eusko Jaurlaritzako Ondare zuzendaria, Quebec-eko bilkuran izan da eta bertan aipatu duenez izendapen hau ‘oso onuragaria’ izango da euskal kobazuloentzat, ‘nazioarte mailako kultur eta turismo zirkuitoetan’ sartzeko aukera emango dielako.

Québec, Canadá. UNESCOren Mundu Onderako Batzordearen 32. Konferentziak Altxerri, Ekain eta Santimamiñe haitzuloak Gizateriaren Ondare izendatu zituen Quebec-en atzo. Kobazuloak 1985. urtean onartu zen Altamirako harpearen izendapen beraren zabalpen bat izango dira, Paleolitikoko artearen erakusle diren Kantabria eta Asturiasko beste 12 leizezuloekin batera.

Arantza Arzamendi, Kultura Ondare zuzendaria, eta Gurutz Larrañaga sailburuordea Quebec-eko bilkuran izan ziren eta izendapena pozez hartu zuten, horri esker kobazulo hauek 'nazioarteko kultur eta turismo zirkuitoetan' sartu ahal izango direla azpimarratuz. Arzamendik gogora ekarri zuen Portugalete eta Getxo batzen dituen Zubi Esekiaren kasuaren aurrekaria, izan ere horixe bera gertatatu da zubi honekin, 2006ean Gizateriaren Ondare izendatu zutenetik (maila hori lortu duen lehen euskal monumentua izan da).

UNESCOren ikuskatzea

Eusko Jaurlaritzak eta Kantabria eta Asturiasko gobernu autonomoek sustatu dute orain arte Altamirako (Kantabria) aztarnategiak zeukan Gizateriaren Ondare izendapena Kantauri isurialdeko aztarnategietara zabaltzearen proposamena. Ekimenak UNESCOren egungo filosofiarekin bat egiten du, Gizateriaren Ondarea diren elementuak bere eremuan kokatzea eta bisitatzeko aukera ematearena, alegia.

Proposamena aurkeztu ostean joan den udan UNESCOren aditu bat, Jean Clottes, Euskal Herrian izan zen leizezuloak ikuskatzen, Quebeceko bilkurarako informe bat egin asmoz. Clottes Ekainen eta Santimamiñen izan zen eta Altxerriri buruzko informazioa jaso zuen, aipatu txostena prestatzeko.

Bisita birtualak sarean

Gaur egun Santimamiñe, Ekain eta Altxerriko leizeak jendearentzako itxita daude, margoen babes eta kontserbazio neurriak direla eta. Hala ere, Bizkaiko Foru Aldundiak sustaturik, Santimamiñen bisita birtuala egiteko aukera dago iazko udaberritik. Eta Ekaingo harpearen kasuan, Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekimenez, azken ukituak ematen ari dira Ekain Berriren erreplika, jatorrizko kobazulotik oso gertu, laster publikoarentzat zabalik egon dadin.

Honezaz gain Eusko Jaurlaritzak Kultur Ondarearen Zentroaren webgunean hiru leizezuloei buruzko informazioa eskaitzen du, argazki, panoramika eta bideoekin batera:

-Ekain (Zestoa)
-Santimamiñe (Kortezubi)
-Altxerri (Aia)


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia