Altamirano, Argentina. Buenos Aires probintziako Brandsen partiduan kokatuta eta Buenos Aires Hiritik 90 kilometrora, Altamirano herrixkak helmuga turistiko bihurtzeko asmoa du. Egiari zor, iragan aberats bat izan ondoren, azkeneko hamarkadetan itzaltzen joana zen herria da, eta orain bere etorkizunari "begietara begiratuta" eustearren hasia da borrokan. Horretarako kanpaina berezi bat abiatu du, lauburu gorri eta berdea ikur duen sustapen materialarekin.
Herriaren historian sakontzen bada, oso erraza da ulertzea nolatan dagoen euskal ikur hori materialetan. Herriko aitzindari eta lehenengo biztanleetatik hasita, non-nahi eta ugari agertzen dira euskal abizen eta deiturak. Adituek azaltzen dutenez, joan den mende hondarrean trenbidea herrira iritsi eta eskualdea garatzen hasi zenean, Lorenzo Laborde izeneko gizon batek sortu zituen lehenengo hotela eta saltokia. Koipegintzan aritu zen lehenengo lantegia Bautista Bordenave batena zen eta herria eraikitzeko zatitu ziren lur eremuak Jose Onagoitirenak.
Herriaren historiarekin lotuta dauden euskal jatorriko lagunen zerrenda oso luzea da. Eta hortik pasatu zirenena ere bai, Guillermo Larregui bera kasu. ‘El vasco de la Carretilla’ ("Eskorgaren Euskalduna") ezizenez ezaguna izan zen iruindarra 1936. urtean iritsi zen Altamiranora, Piedra Buenatik Buenos Airesera oinez eskorga lagun egindako bidaian.
Herria helmuga turistikoa bihurtzeko kanpaina osatzeko, bisita gidatuak eta arratsalde pasak ere antolatzen ari dira Altamiranon barrena. Igande honetan bertan, uztailaren 29an, arratsaldeko 3etan herriko tren geltokian bilduko dira herrian eta bere historian barrena ibili nahi dutenak, eta leku esanguratsuak ezagutzeaz gain askaria partekatuko dute. Interesatuek izena Altamirano Facebook kontuaren bidez eman dezakete.
[Sustatzeko bideoa]