La Plata, Argentina. Giro paregabean, Mercomus txapelketaren hamabosgarren edizioko “80. Urteurreneko Kopa" jokatu da La Platako Euzko Etxean eta Txileko Alfonso Mendiburuk eta Francisco Martinezek osatutako bikotea izan da irabazle. Cañuelaseko Denak Bat Euskal Etxeko Fernando Teran eta Santiago Viladrichek bereganatu dute bigarren postua, iazko edizioan Montevideon lortutako txapelari eutsi ezinik. Topaketa apirilaren 3tik 6ra, asteazkenetik larunbatera, luzatu da 18 bikote izan dira partaide, eta Txile, Uruguai, Mexiko, Venezuela, Peru eta Argentinakoak. Horrez gain, mus txapelketa paraleloa eta kanasta txapelketa ere jokatu dira.
Apirilaren 3an, asteazken gauean, egin zitzaien harrera ordezkaritzei La Platako Euzko Etxeko hirugarren solairuko aretoan eta nabaria zen ondoko goizean abiatuko zen topaketaren poza. Ostegun gaueko afarian, payadore bikote batek emanaldi txalotua eskaini zien. Ostiralean, berriz, bazkalorduan City Belleko Euzko Etxearen Aisialdi Gunera abiatu ziren parrillada goxoa partekatzera, eta gauean, bandoneonista batek eta gitarrista batek, dantzari bikote bat lagun zutela emandako tango ikuskizun ederraz girotu zuten afaria.
Bikote txapelduna eta txapeldunordea euren garaikurrak eskan dituztela
Parte-hartzaileek Euzko Etxeko City Belleko Aisialdi Gunean egin zuten ostiraleko bazkaria
Ezkerrean, Kanasta Txapelketako irabazleak; eskuinean, Txapelketa Mus Paralelokoak
Euzko Etxeko Denak Bat dantza taldeko dantzariek alaitutako afariaren ikuspegi orokorra
Ostiralean, bazkalorduan Euzko Etxearen City Belleko Aisialdi Gunera abiatu ziren parrillada goxoa jatera, eta gauean, bandoneonista batek, gitarrista batek eta dantzari bikote batek emandako tango ikuskizun ederraz girotu zuten afaria. Larunbatean izan ziren azken partidak. Arratsaldean finalaurrekoak eta finala jokatu ziren eta, lehiaketa amaituta, paella bikaina eta bertako dantzarien eskutik heldu zen agurra.
Azkenik, hiru txapelketetako irabazleei sariak banatu zitzaizkien. Cristina Curi eta Graciela Ibañezek osatutako bikoteak irabazi zuen Kanasta Txapelketa. Edgardo Gómez Ranchosek eta Fernando Salasek lehen postua lortu zuten Lehiaketa Paraleloan. Halaber, parte hartutako ordezkaritza guztiei oroigarri bana eman zitzaizkien eta parte hartutako bikote eta delegazioek esker biziak eman zizkieten antolatzaileei euren lan ederragatik eta jasotako tratu bikainagatik.
Aipamen berezia merezi dute Euzko Etxeko Denak Bateko dantzariek, ikuskizun bikaina eskaintzeaz gain, afarietan mahaiez arduratu baitziren. Euren lana ere, txalogarria, bereziki aintzatetsi zuten topaketara bertaratutakoek.
Zorionak Euzko Etxea!