euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Alfonsina Leranoz argentinarra Basterretxeaz solastuko da Gernikan 'Arturo Acebal Euskadi Argentina' erakusketan

2024/09/11

‘Arturo Acebal Idígoras. Euskadi Argentina’ erakustaldia Gernikako Euskal Herria Museoan dago zabalik azaroaren 24ra arte
‘Arturo Acebal Idígoras. Euskadi Argentina’ erakustaldia Gernikako Euskal Herria Museoan dago zabalik azaroaren 24ra arte

PUBLIZITATEA

Gernika, Bizkaia. Alfonsina Leranoz ikertzaile euskal argentinarra Nestor Basterretxeaz mintzatuko da ostegun honetan Gernikan. Izan ere, Argentinara erbesteratu ziren euskal artisten historia jorratzen du “Arturo Acebal Idigoras. Euskadi Argentina” izenburuarekin azarora arte Gernikako Euskal Herria Museoan ikusgai egongo den erakusketak. “Acebal Idigoras Euskal Herritik ihes egin behar izan ziren euskal sortzaileen komunitateko kide izan zen, distantzia gorabehera, euskal nortasuna bizi bizirik mantendu ahal izan zutenetako bat”, azaltzen du erakusketako informazio orriak.

Erakusketak azaroaren 24ra arte segituko du zabalik Euskal Herria Museoan eta bertara bildutako materialari dagokionez, Xabier Saenz de Gorbea arte historialariak egindako ikerketan dago oinarrituta. Erakusketaren diseinuaz eta katalogoaz, berriz, Sonia Rueda arduratu da. Lan horretaz aparte, Arturo Acebal Idigorasen alabak, Maria Josek, aitak utzitako hainbat dokumentu argitaragabe ere ekarri dizkio proiektuari.

Erakusketarekin batera, diasporan bizi eta lan egin zuten artistekin lotutako beste ekintza batzuk ere egingo dira eta hor, irailaren 12an, Alfonsina Leranoz ikertzaile argentinarrak "Basterretxea en el exilio" izenburuko hitzaldia eskainiko du "Basterretxea 3 taupada" izeneko zikloan. Hitzaldiak erbestealdiak artistengan duen eraginean sakonduko du. Erakusketa ekainetik bisita daiteke baina aste honetatik aurrera bisita gidatuak eskainiko ditu. Horretarako edo hitzaldian parte hartzeko beharrezkoak dira erreserbak, 946 255 451 telefonoa edo euskalherriamuseoa@bizkaia.eus helbidea medio.

Arturo Acebal Idígoras

Arturo Acebal Idígoras 1912an jaio zen Argentinan, Buenos Aires probintziako Tres Algarrobos herrixkan. Zazpi urte zituela, familia osoa Euskal Herrira itzuli zen eta Bilbon zizelkaritza ez ezik, margolaritza eta zeramika ere ikasi eta landu zituen. Gerra Zibilean, ordea, Argentinara erbesteratu behar izan zuen.

Hamaika urte (11) eman zituen herrialde hegoamerikarrean eta 1948an Bilbora itzuli zen. Bertan arrakasta handia izan zuen erakustaldietan eta museoetan, Espainian, eta baita Ameriketan ere. Acebal Idígoras 65 urterekin hil zen. Bere estilo berritzaileak euskal zeramikari onenetako bat kontsideratua izatea ekarri zioten.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia