Iruñea, Nafarroa. 2016 urtea ENE sariarekin hasi du Associazione Culturale Euskara elkarteak, eta Alex Mendizabal bazkideak 2015eko balioespena egin du, EuskalKultura.com-ek luzatutako galderei idatziz erantzunez. Euskal etxe guztietan bezala, urtean zehar hamaika ekimen, eginbehar eta arazori aurre egin behar izan diote elkarteko kideek, beti ere "amodioz euskararen alde lan egiten, gauari orduak lapurtuz". Honelakoxea da euskal etxeen mundua. Aurtengoan, baina, elkarteak ezusteko opari eder batekin ekingo dio urteari: Euskararen Nazioarteko Eguneko sariarekin.
-Aurten elkartean zuzendaritza aldaketa izan da. Zein da elkartearen egoera?
2015 urtean zuzendaritza aldatu du ACEk eta Viviana Tommasetti, urte luzetan koordinatzaile lanak egin dituena jarri du lehendakari berri. Gure artean betiko giro on eta alaiean dihardugu. ACEk euskararen aldeko egitasmoak burutu ditu 2002 urtean sortu zenetik, eta www.euskara.it plataformaren sustatzaile nagusia izan da. Plataforma honetan elkarlanean aritzen dira: ACE elkartea, Euskal Saila (lehen UPTER Unibersitatekoa eta orain Roma3 Unibertsitatekoa), LIBE argitaletxea eta www.euskara.it web orria bera. Denen artean, elkarlanean, hainbat proiektu egiten dira, besteak beste Hiztegia, Euskanta, Argitalpenak, itzulpenak eta abar.
-Ekimenei buruz, ze egitasmo azpimarratuko zenituzke? Eta datorren urterako?
Urtero, abenduan, hilean zehar luzatzen den Euskal Aste bat egiten dugu. Pasa den abendukoari "Dicemb_E.H. Basco 2015 Euskal_Aztia" deitu diogu. Gastronomia, sagardo tailerra (hirugarren urtez jarraiean sagardoa, euskal erara, egin dugu Italian), dantza (Ordiziako Amets Bide taldearekin), literatura, argitalpenak, zinema (Loreak filma, italianora, guk itzuli eta azpititulatu dugu), argazki erakusketa (Asier Gogortza) eta proiektu aurkezpenak izan ditugu. Euskara - Italiano hiztegia ere aurkeztu genuen joan den urtean www.euskara.it/hiztegia plataforman bertan: urte luzetan, isil isilean egindako lana da, 15.000 lema, 30.000 itzulpen. Sarean dago osorik, doan, eta mantenimendua eta sakontzea behar du etengabe. Hor daukagu Euskanta proiektua ere, 2010 - 2015 sei edizioak oso osorik sarean. Horiekin batera, LIBE argitaletxeak (euskal literatura italianora zuzenean itzulia) bi liburu aurkeztu berri ditu, Joseba Sarrionandiaren Lettere ad Ainhoa eta Xabier Erkiziaren Non Dire (Niente), Roberta Gozzi itzultzaile handiak zuzenean euskaratik italierara ekarriak.
-Zeintzuk dira elkartearen erronka edo arazo larrienak etorkizunari begira?
ACEk sakondu egin beharko luke partaideen eta bazkideen partehartzea. Ez da dirudien bezain erraza kontu hau eta etengabe saiatu behar dira modu berriak. Roma3 Unibersitatean sortutako Programma Studi Baschi - Euskal Saila indartu eta egonkortu behar dugu. Horretarako ezin da epe motzean aritu eta plangintza luzeagoa behar da, ekonomikoki bereziki, baina ez soilik. LIBE argitaletxeak jarraitu behar du proposatzen euskal literatura italianoz eta bere presentzia literatura ingurunetan gehiago zabaldu. Euskara - Italiano Hiztegiari buelta eman behar zaio, hau da Italiano - Euskara egin. Hau guztirako baliabideak behar dira eta horiek bilatzen jarraitu behar dugu, esparru instituzional eta baita pribatutan ere. Eta komunikazio aldetik asko hobetu beharko genituzke gauzak. Badakigu kulturak orokorrean, eta euskararen inguruko kulturak propaganda bihurtzeko duen joera. Beti betikoak agertzen dira komunikabide ugaritan eta oso zaila da hor zirrikitu bat irekitzea. Guk ez dugu lortu eta segur aski akatsak egin ditugu horri dagokionez eta zuzendu beharko genituzke.
-Dirulaguntzekin ere gorabeherak izan dira. Zer gertatu da eta nola zaudete 2016ari begira?
ACEk Eusko Jaurlaritzaren Kanpoko Harremanetarako Idazkaritzatik laguntza izan du urte askotan eta eskertzekoa da. Ondo dakigu murrizketa garaietan murgilduta gaudela baina ez zaigu falta izan laguntzarik. 2015 urterako 11.600 euro jasoko ditugu. Bestalde HABEren laguntza azpimarratu nahi nuke, alegia HABEko Euskara Munduan egitasmoak egiten duen lan eredugarria. HABE beti dago laguntzarako prest, ikasturte hasieratik esleitzen ditu dirulaguntzak eta Kinku Zinkunegiren presentzia, aholkuak, laguntza eta jakinduria beti dugu gertu munduko euskal etxe guztiok. Nire ustez HABEk "praktika onak" gauzatzen ditu eta kanpoko euskaldunon, euskararen eta euskal kulturaren aldeko Jaurlaritzako beste istituzioek bertara begiratu beharko lukete, nola egiten duten aztertu, ikasi eta kopiatzeko. Balantzaren bestaldean, "praktika okerrak" sailean, Etxepare Institutua kokatzen dut.
- Zer esan nahi duzu?
Lehen aipatu bezala, urtetan egon da www.euskara.it plataforman unibertsitateko Euskara Saila. Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin sortu zen 2005 urtean eta Euskal Herritik kanpo unibertsitate mailan munduan zegoen Euskal Sail bakanetako bat zen. UPTER Euskal Sailak 152 ikasle zeuzkanean eta hamaika proiektu interesgarri eta programazio zabala egiten zuenean, Etxepare Institutuko zuzendaritzak erabaki zuen dirulaguntza guztiak kentzea, argudiatuz, arbitrarioki, Erroma ez zitzaiela interesatzen (sic!). Bitartean, azken urteetan Euskal Sail berri bat sortu dugu Roma3 Unibersitatean, Unibersitate kredituak ematen dituena. Eta LIBE argitaletxeak 6 liburu argitaratu ditu honezkero. Baina Etxepare Institutuak ez die euro bakar bat eman aurten ere. Aldiz, Etxeparek irakurlego bat sortu zuen Bologna eta Venezian baina inork ez daki zenbat ikasle dauden. Inork ez daki zenbat ikasle dagoen Etxepare irakurlego sare osoan. Eta azken urte honetan, horretaz aparte Milanoko unibersitate irakasle italiar bati, euskaraz ez dakiena, dirua ematen diote euskal kulturaren aldeko programazioa egin dezan. Beraz, "praktika onak" egiten zituenari (UPTER eta Roma3 Euskal Saila) den-dena kendu, eta haiei esleitzen zitzaion diru guztia eta puska gehiako "Italiako iparraldean" eman dute, nire ustez arbitrarioki. Honi argi eta garbi deitu behar zaio "praktika okerra" edota toxikoa. Etxepare Institutuaren inguruan ez da inongo eztabaida edota hausnarketarik izan eta bada garaia. Gardentasuna exigitu behar zaio Etxepareri. Lehen bait lehen. Eta nire ustez irizpideak erruz aldatu behar dira.
-ENE saria ere jaso duzue. Zer zeresan izan du horrek zuentzat eta nola hartu duzue?
Poz handiz hartu dugu Eusko Ikaskuntza bezalako instituzio prestigiotsuak eman digun saria. Associazione Culturale Euskara saritu dute baina ondo dakigu euskara.it plataforma osoarena dela. Muxu antzeko bat izan da horren inguruan hainbat lan, gehienetan musutruk, egiten duen jendearentzat (itzultzaileak, web teknikariak, programatzaileak, irakasleak, disenatzaileak …), muxu eder bat. Sariak ez dakar dirurik baina nabaritzen zaio amodioa. Hori asko da. Jende asko baitago atzean amodioz lan egiten duena euskararen alde, gauari orduak lapurtuz. Viviana, Roberta, Marcello, Maurizio, Dario, Aloña, Maider, Roberto, Michele, Marlene, Paola, Adriano, Maria Teresa, Annamaria… eta beste hainbat. Inoiz mintzatu beharko ginateke euskaldun ez izan eta euskararen alde lan egiten duen jendearen kontribuzio erraldoiari buruz.