euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Alex Garate fisiko, musikari eta mendizale: XXI. mendeko euskal immigranteen profil berriak

2013/10/28

Alex Garate ‘Zingaros-New Gypsy Tango’ taldeko akordeoilaria (argazkia www.zingaros.com.ar)
Alex Garate ‘Zingaros-New Gypsy Tango’ taldeko akordeoilaria (argazkia www.zingaros.com.ar)

PUBLIZITATEA

Elgoibarren jaioa, hamalau urte daramatza Alex Garatek Argentinan. 23 urterekin ezagutu zuen ‘munduko bazter hau’, Euskal Herriko Unibertsitatean Fisika Lizentziatura bukatzean, bere ikasketak jarraitzera Cordobako Unibertsitatera etorri zenean. Gradu ondokoa amaitu eta atzera Euskal Herrian bost urte eman ondoren, Cordobara bueltatzea ebatzi zuen, Unquillo herrian kokatzeko. Bigarren Hezkuntzan Fisika irakaslea, ‘Zingaros-New Gypsy Tango’ taldean akordeoilaria, eta mendizale amorratua… hau da Alex Garate, euskal etorkinetan bestelako profila.

Sabrina Otegi/Unquillo, Argentina. Euskal immigrazioari buruz hitz egiten denean, gehienetan konkista garaian edo hurrengo mendeetan, batez ere XIX. mende amaieran eta XX.aren hasieran etorri ziren etorkinei buruz hitz egiten da. Gaur egungo Argentinako euskal diasporaren kideok gizon eta emakume haien ondorengoak gara gehienbat; zer aurkituko zuten ez zekiten eta hala ere, Atlantikoa zeharkatzera ausartu ziren gizon-emakume haien seme-alabak, bilobak eta birbilobak.

Urteak pasatu ahala migrazio fluxu hori ez da eten. Bolada batzuetan beste batzuetan baino nabariagoa baina gaur egun ere euskalerritar askok segitzen dute etortzen Argentinara, euren aurrekoak bezala, aukera berri bila. Egungo euskal etorkinek ez dute txapela buruan eta ez dute ‘tambo’etan lan egiten baina euskaltasuna nabaritzen zaie, esaterako, mintzo direnean, euren mendizaletasunean eta euren inguruarekiko engaiamenduan.

Fisiko, mendizale, irakasle...

“Elgoibarren jaio nintzen, 1968an, familia euskaldun batean. Bertan eta mutikoa nintzela hasi nintzen musika ikasten, akordeoia. Aldi berean, eta eskola bukatu eta gero, Fisika ikasi nuen Euskal Herriko Unibertsitatean. Lizentziatura bukatzean, 23 urterekin, Argentinara etorri nintzen lehenengo aldiz beka baten bidez ikasketak jarraitzera. Horrela ezagutu nuen 'munduko bazter hau'. Cordobako Unibertsitatean Famaf Fakultatean fisika teorikoaren inguruan talde oso garrantzitsua zegoen eta horregatik etorri nintzen Cordobara. Ia lau urte pasa nituen eta hemen egonik bertako mendiak ezagutzeko aukera izan nuen, bai Cordobako mendiak eta baita Andeen inguruko batzuk ere”.

“Lau urteko esperientzia hura bukatzean, Euskal Herrira bueltatu nintzen eta bost urtez jardun nuen lanean. Geroztik hezkuntza izan da beti nire lanbidea, eta zeregin garrantzitsuena nire bizitzan. 1999an Argentinara bizitzera etorri nintzen. Eta hamalau urte daramatzat hemen. Unquillo aukeratu nuen bizitoki. Hiri handia baino, herri lasaia nahiago dut eguneroko bizileku bezala, herri txikia eta mendi ingurukoa. Iritsi eta berehala hasi nintzen lanean bigarren hezkuntzako ikastetxe batean, Collegium izenekoan, eta bertan jarraitzen dut. Eskola nahiko berezia da alde batetik musika hezkuntza ere eskaintzen duelako eta bestetik lan kooperatiba moduan osatuta gaudelako”.

‘Zingaros-New Gypsy Tango’ musika taldea

Zingaros-New Gypsy Tango musika taldea 2004 urtean abiatu zen eta 2006an sartu nintzen ni bertara. Ekialdeko Europako ijito edo buhamien musikak dira gure oinarria, oso musika aberatsa. Europako herrialde guztietan daude ijito komunitateak eta bertako musika tradizionalari helduta beren estilo bereziko musika egin ohi dute, askotan oso kalitate handiko musika, musikari trebeekin, sutsu eta adierazgarriekin. Ijito musika mota ugari dago beraz, tartean seguruenik ezagunena mundu osoan flamenkoa, baina harez gain oso estilo ugari eta aberatsak daude.

['Zingaros-New Gypsy Tango' taldearen El Choclo abestiaren bertsioa. Hau eta beste kanta batzuk taldearen www.zingaros.com.ar webgunean topa daitezke]

"Guk egiten dugun musikak ez dauka flamenkoarekin zerikusirik, baina bai Ekialdeko Europako ijitoenekin. Ekialdeko musika horiek Argentinako musikarekin lotzea  da gure helburu estetikoa; bestela esateko, argentinarra senti daiteken musika egin nahi dugu. Hortaz, tangoaren ikutua dauka gure musikak; tangoa, milonga, candombea eta horrelako zenbait. Gure lana hein handi batean esplorazio lana dela esango nuke, gure aurretik jorratu gabe zegoen bide batetik goaz. Eta bide horretan iaz hirugarren diskoa atera genuen; bigarrena, modu ofizialean argitaratua. Argentinan ekoizpen independenteak dira eta, nazioartean, Ingalaterrako ARC Music diskoetxeak argitaratu eta egiten digu mundu mailako banaketa. Cordoban eta inguruetako herrietan mugitu gara batez ere, Argentinan, bertako antzoki, jaialdi, taberna eta plazetan. Azken bost urteetan Europako zenbait herrialdetan ere ibili gara, mota ezberdineko jaialdi, antzoki eta agertoki askotan”.

Mendi ezberdinak baina zaletasun bera

“Euskaldun asko bezala, mendizalea naiz. Beti izan naiz eta beti izan dut mendietan ibili eta tontorretara igotzeko irrika. Argentinan eta Hegoamerikan mendi ugari igo ditut. Cordobako mendi lerrora egin nituen lehengo irteerak eta gero Andeetara jo nuen. Aconcaguan hasi nintzen, zuzenean mendirik garaienean eta bertan maitemindu nintzen altuera handiko mendiekin".

"Lagun onak egin ditut hemengo mendizaleen artean eta asko ibiltzen naiz mendian. Ikasturtea bukatu eta udako oporrak iritsi orduko bertan uzten ditut liburuak eta baita akordeoia ere, eta banoa Andeetako goi mendietara. Urteroko nire plana izan ohi da. Bolivia eta Txilen ibili naiz baina gehienetan Argentinako Andeetara joaten naiz".

Euskal etxeak eta bi norabideko bidea

“Ameriketako euskal etxeen berri beti izan dut, han, Euskal Herrian, gauza jakina baita. Banekien Cordoban euskal etxe bat zegoela baina egia esan ez dut inoiz euskal etxeetara hurbiltzeko joerarik izan. Zernahi gisaz Euskal Herritik urrun bizitzeko erabaki zaila hartu nuen eta ez zen kontua, horrenbeste kilometro egin eta hemen ere euskaldunen arteko giroetan sartzea. Baditut lagunak euskal etxeetan mugitzen direnak eta beraien euskaltzaletasun amorratu horrek asko harritzen nau".

"Nik egin dudan bidearen justu kontrakoa egiten dutela iruditzen zait. Nire erabakia, esfortzu handia eginda, Euskal Herritik urrun bizitzen ikastea izan zen eta beraiek, hemen jaio, bizi eta ikasitakoak izanda, eurak eta baita beren guraso eta aiton-amonak ere, Euskal Herrira eta euskal kultura eta hizkuntzara hurbiltzeko lan eta esfortzu itzela egiten duten pertsonak dira. Arraroa egiten zait, harrigarria, eta miresgarria ere, jakina”.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia