euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Alex Garate: "Ez sinestekoa da hainbat gazte argentinarren euskal gogo eta konpromisoa"

2016/03/10

Alex Garate elgoibartarra Argentinako Cordoban bizi da, hezitzaile, musikari eta mendizale (argazkia AG)
Alex Garate elgoibartarra Argentinako Cordoban bizi da, hezitzaile, musikari eta mendizale (argazkia AG)

PUBLIZITATEA

Elgoibarren duela 47 urte jaioa, aspaldi bizi da Alex Garate Cordoban. Fisikan doktore, Andeetan mendizale, musika talde bateko soinujole, bere eskola-irakasle lana bereziki maite du, eta hezitzaile definitzen du bere burua.

Joseba Etxarri. Cordoba argentinarreko lurretan topatu du Alex Garatek oreka. Nork behar zion esan 23 urte zituela Fisikako doktoradutza bertako unibertsitatean egitera etorri zenean, urteak pasata bertan geratu behar zuenik, eskola ertain batean matematika irakasle, bokazioari eta zaletasunei bide emanez, bizitza kalitate pertsonala hobetsiz ikerkuntzaren eta bestelako goi mailako karrera profesional estu lotuen gainetik? Erlatibitate eta Fisika Teoriko arloa utzita, elgoibartarra Cordoba probintziako Unquillo herrian bizi da, natura eta Andeak gertuko lagun dituela, ijito-musika joz 'Zingaros-New Gypsy Tango' taldearekin akordeoilari. Bertako euskaldunak ere ezagutu ditu, eta estonatu da ikusiz posible dela sekula Euskal Herria zapaldu gabe, Diasporan, euskaldun eta euskaltzale aktibo eta engaiatu izatea.

Elgoibarren eta Donostiako Kontserbatorioan akordeoia, eta EHUn eta Cordobako Unibertsitatean Fisika ikasi zenituen. Hezitzaile definitzen duzu gaur egun zeure burua.

-Ez nuen gero Fisikarekin segituko eta eskola ertainetan ibili naiz, nabil, gustukoa dudalako eta erabaki nuelako ez nuela bizi nahi urteko egun eta ordu guztiak gauza bakar bati dedikatuta, ikerketak gehienetan hori eskatzen baitu baldin eta karrera profesionala mailarik altuenera eraman nahi baduzu. Bizitzan, ondo administratu ezkero, gauza askotarako ematen du denbora, umilago izanez seguruenik; baina erabakiak hartzeko ausardia behar duzu izan. Nik gogokoa dut oso hezkuntza, gizarteari lotuta mantentzen nau eta nire zeregin nagusia da; eta asteburuetan eta bestela, musika jotzen dut taldearekin eta mendira ateratzen naiz. Izan ere, ondo ezagutzen ditut hemen alboan ditugun Andeak. Irakasle moduan, kooperatiba izaera duen Cordobako eskola pribatu batean ari naiz, ikasleak 14-18 urte artekoak.

Musikak ere leku berezia dauka zeure bizitzan. Soinujolea zara, zauden taldeak hiru CD grabatu ditu eta urtero Europan barrena bidaiatzen zarete.

-Musika oso gauza atsegina da niretzat eta duela bederatzi bat urte hasi nintzen 'Zingaros-New Gypsy Tango' taldearekin modu profesionalean. Hirukote bat gara, gitarra, biolina eta akordeoia, eta ijito musika jotzen dugu, Errusia, Bulgaria, Errumania eta Europa ekialdean jatorria duena, argentinar aireen estetikara ekarria. Oso musika aberatsa da, Euskal Herrian ezaguna ez izan arren. Kantu tradizionalak gureratzen eta kantatzen ditugu hango hizkuntzez. Azken zazpi urteetan, bira bat egin ohi dugu urtean behin Europara. Aurtengoan, esaterako, 20 bat kontzertuz ekain-uztailean. Besteak beste jo izan dugu Polonia, Alemania, Danimarka, Ingalaterra, Txekia, Austria, Finlandia... Euskal Herrian edo Espainian sekula ez. Nahiko genuke, baina momentuz ez da aukera sortu.

Akordeoi-jotzaile gisa euskal egileen musika ere estreinatu izan duzu Argentinan.

-Zuzendari argentinar batek proposatuta, musikagile garaikide baten, Josu Elberdinen, 'Magnificat'a estreinatu eta jo izan dugu Argentinan, orkestra, abesbatza eta euskal instrumentuentzat, soinua, alboka eta txalapartarekin. Esperientzia polita. Tartean, jotzaile, argentinarrak diren eta euskal musika eta instrumentuak lantzen dituzten Cordobako Baietz taldeko kideak zeuden. Musikari serioak dira eta harrigarria da Argentinan euskal musikaz egiten duten ikerlana eta osatu duten biblioteka. Disko bat ere grabatu dute euskal musika eta instrumentu tradizionalekin.

Mendia eta mendizaletasuna garrantzitsuak dira zuretzat.

-Euskal Herrian askok bezala, mendia pasio dut; pasio barruko eta intimoa da niretzat, zerbait pribatua bezala; mendira bakarrik ateratzea gustatzen zait eta baita lagunekin ere. Asko ibilitakoa naiz Andeetan, gidari modura ere, sei milatik gorako mendietara jendea eramaten; tarteka egiten dut, titulua daukat horretarako baimentzen nauena. Batzuetan Euskal Herriko jendearentzat da, Felipe Uriarte eta bere agentzia Mendiak eta Herriak medio. Beti topatzen dut denbora mendian ibiltzeko.

Makina bat dira Argentinan euskal etxeak. Zu Euskal Herrikoa izanik ez duzu bertako partaide izateko beharra sentitu.

-Hala da. Baina nire neskalaguna, Gabriela, euskal jatorriko argentinarra da eta Cordobako Gerora euskal elkarteko kidea. Eta harrigarria egiten zait Argentinako euskal etxe batzuetan dagoen gazteria, euskal jatorri zaharra duena, agian hiruzpalau edo bospasei belaunaldi atzera, edo ezta hori ere, eta buru-belarri ari dena lanean, euskara ikasten, euskaltzaletasun handi batekin, gogoz eta konprometituta. Niretzat ez da ulertzen erraza, baina oso sentimentu eta indar sakonak daude hemen, ezagutza merezi dutenak.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia