euskal diaspora eta kultura
2012/03/13
PUBLIZITATEA
Nantes, Frantzia. Hamabigarren urtez Nantesko Festival du Cinéma Espagnol jaialdiak leku berezia eskaini dio euskal zineari, Euskal Lehioa sailari esker. Sail honek Eusko Jaurlaritzaren eta Etxepare Euskal Institutuaren sostengua du, Euskadiko Filmategiaren lankidetzarekin.
Euskal partaidetzak bi izar nagusi izango ditu aurtengoan: Alex de la Iglesia zuzendaria eta Bernardo Atxaga idazlea. Batetik, zinemaldiak omenaldia egingo dio de la Iglesiari eta bere filme onenak eskainiko ditu. Horrez gain, zuzendari bilbotarraren azken lanak, "La chispa de la vida"k, jaialdia irekiko du. Bestetik, “Bernardo Atxaga zineman” sailean idazle asteasuarraren lanetan oinarritutako hiru luzemetraiak egongo dira ikusgai: Montxo Armendarizen "Obaba", Imanol Rayoren "Bi anai" eta Aizpea Goenagaren "Zeru Horiek".
Sail ofizialean
Izan ere, "Bi anai" jaialdiko lehiaketa-sail batean izango da, Premio Fundación Borau-Opera Prima saria lortzeko lehian, hain uzen ere beste euskal luzemetraia batekin: Telmo Esnalen "Urte berri on amona". Horrez gain, Montxo Armendariz nafarraren azken lana, "No tengas miedo", sail ofizialean lehiatuko da eta "El último paso", Enara Goikoetxea eta Iurre Telleria zuzendari, Dokumental Onenari saria eskuratzen saiatuko da.
Euskal ordezkari gehiago ere izango dira Nantesen, hala nola Asier Altunaren "Bertsolari" dokumentala eta Pedro Aguileraren "Naufragio"; eta baita ere Gotzon Elorza aitzindariaren filmeak, euskaraz egin ziren lehenak. Bestalde, jaialdian izango dira zuzendarietako batzuk: Montxo Armendariz, Aizpea Goenaga, Telmo Esnal, Enara Goikoetxea, Iurre Telleria eta Pedro Aguilera.
Kimuak laburmetraiak
Aurten ere, hitzorduari kale egin gabe, Nantesen izango dira Kimuak programako laburmetraiak eta horietako batzuk laburmetraia onenaren saria eskuratzeko lehian izango dira: "Lagun mina" (Jose Mari Goenaga), "Zeinek gehiago iraun" (Gregorio Muro), "Bucle" (Aritz Moreno)," She’s lost control" (Haritz Moreno) eta "La media pena" (Sergio Barrejón).
Bukatzeko, gogoratu beharra dago euskal filmeen esku geratu zirela iazko zinemaldiko sei sarietako lau: Borja Cobeagaren "No controles" (Publikoaren saria iarabazita), Alex de la Iglesiaren "Balada triste de trompeta" (Epaimahai Gaztearen saria), "Debekatuta dago oroitzea", Josu Martinez eta Txaber Larreategirena (Dokumental Onenari saria), eta Jose Mari Goenaga eta Jon Garañoren "80 egunean" (Fundación Borau – Opera Prima saria).
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
PUBLIZITATEA
© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea
Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus