Berlin, Alemania. "Euskal Diasporaren Eguna ospatzeko modurik onena, lanari gogor ekitea eta urrats berriak ematea" pentsamoldeari jarraiki, Berlingo Gernika Deutsch-Baskischer Kulturverein e.V elkarteak --Berlingo Euskal Etxeak-- prentsa-ohar bat plazaratu du mundua COVID-19ak eragindago egoerak jotako EuskalDiasporaren Egunaren edizio hau nola ospatuko duen azalduz, eta izan ere Euskal Etxearen webgune berritua aurkeztuz eta aurrerantzean antolatuko dituzten ekitaldi eta proiektuak jendaurrean partekatuz egingo dute.
Hori egiteko elkarretaratzea --"COVID 19aren aurkako neurri guztiak kontuan hartuz"-- ostiral honetan 18:00etan egingo dute, Tempelhofer Feld-en (Luftpark garagardotegia – Columbiadamm), bertara Berlingo Euskal Etxeko kide, lagun eta interesatuak gonbidatuta.
Webgune berritua ostiralean bertan estreinatuko dute, baina aurrera daiteke www.euskaletxea.de helbidean topatu ahal izango dela, euskaraz eta alemanez, "GernikaDeutsch-Baskischer Kulturverein e. V., Berlingo Euskal Etxea, 1998tik Berlin eta Alemanian euskara, euskal kultura eta historia zabaltzen" lelopean. Elkarteak segituko du Facebook-en eta Twitter gehituko dio sare sozialetako bere presentziari.
Zorionak Berlingo euskaldunei euren urrats berriarengatik!