euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Alemaniako eskola umeak albokari, Berlingo Euskal Etxearen musika lantegiei esker

2014/05/27

Ezta erraza, ez, alboka jotzea baina Berlingo neska-mutilak jo eta su saiatu ziren (argazkia Berlin EE)
Ezta erraza, ez, alboka jotzea baina Berlingo neska-mutilak jo eta su saiatu ziren (argazkia Berlin EE)

PUBLIZITATEA

Iragan larunbatean Berlingo Euskal Etxeak hiriburu alemaniarreko eskola baten Udako Festan parte hartu zuen eta bertako ikasleentzako txalaparta eta alboka lantegi bat egin zituen. Neska-mutilek pozik hartu zuten musika tresna ezezagun horiekin jolasteko aukera. Baten batek albokari notaren bat ateratzea lortu zuen eta txalapartarekin haurrak ez ezik, gurasoak eta irakasleak ere animatu ziren, instrumentu arrotzak liluratuta.

Berlin, Alemania. Strenberg Grundschule izeneko eskolan egin zen Udako Festan partaide izan zen Berlingo EEa, txalaparta eta alboka lantegiak eskainiz, iragan larunbatean. Festak "Munduari itzulia" zuen gaia eta bertan hiriko gizatalde desberdinek euren kultura eta ohiturak erakusteko lantegiak eta jarduerak antolatu zituzten.

Euskal Etxearen lantegiak hiru atal zituen, Ainhoa Añorga elkarteko presidenteak EuskalKultura.com-i azaldu dionez. "Hasteko, txikienentzat pentsatua, alboka baten marrazkia zuten orriak prestatu genituen, bertan bakoitzak bere alboka koloreztatu eta etxera eraman ahal izateko. Bestetik albokarentzako beharrezkoa den arnasketa zirkularra ikasteko alboka marrazkia zuten edalontzietan lastotxo batekin proba egin zuten eta arnasketa hori lortzeko asko entrenatu behar zela ikusi zuten". Ainhoak agertu duenez, arnasketa ikasi eta gero batzuk alboka jotzen saiatu ziren eta notaren bat ere lortu zuten, pozaren pozez.

Berlin Txalaparta Eskolan 2014

[Txalaparta txikia eta handia montatu ziren lantegietan, eta batean zein bestean iladak izan ziren apur bat jotzeko (argazkia BerlinEE)]

Azken atala txalaparta lantegia izan zen. Bi txalaparta muntatu zituen euskal etxeak, bat handia eta bestea txiki-txikia, haur txikienak ere makilatxoekin aritzeko. "Haurrak bakarrik ez, guraso eta irakasleak ere saiatu ziren txalaparta jotzen. Gainera, musikapedagogoak informazioa hartu zuen instrumentua bere eskoletan ezagutarazteko, asko gustatu zitzaiolako", agertu du Ainhoak.

Euskal etxea oso pozik agertu da lantegiek izan duten harrerarekin eta etorkizunean antzeko jarduera gehiago antolatzekotan dira. "Hoberena haurrentzako irratitik etorri zen kazetariari haurrek emandako azalpenak izan ziren. Harriturik zeuden egur zati batekin musika egin eta hain ongi pasa zutelako", amaitu du Ainhoak.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia