euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Alemaniako Dresde hiriak Gernikako Bonbaketako biktimei kale bat eskaintzea onartu du

2017/03/06

Gernikak Plaza bat dauka Berlinen, Guernica grafia zaharrarekin idatzita (arg.GernikaEE-EuskalKultura.com)
Gernikak Plaza bat dauka Berlinen, Guernica grafia zaharrarekin idatzita (arg.GernikaEE-EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Alemaniako Dresde hiriko Udalbatzak joan den ostiralean onartu zuen Berdeen proposamena, Gernikastrasse izena emateko bertako erdiguneko kale bati, nazien Condor legioko hegazkinek 1937ko apirilaren 26an bonbaz josi zuten Gernikan hil zirenak gogoan hartzearren, azpimarratuz "elkarrekin banatzen dugun bake nahia europar testuinguruan". Dresdek ere hiria suntsituko zuen aire erasoa jasan zuen, Bigarren Mundu Gerlan, kasu honetan Aliatuek eginikoa.

Dresde, Alemania. Erabakiarekin, hiriko Theaterstrasse/Malergässchen eta Schweriner Strasse kaleen arteko kale zatiari deituko zaio aurrerantzean Gernikastrasse. "Asko poztu nau 2012an aurkeztu genuen proposamenak azkenean aurrera egin izanak", adierazi du Berdeen Christiane Filius-Jehne politikariak. Bere sanetan, hiriak urrats garrantzitsua eman du oroimenaren alde eta agerian utzi du "elkarrekin banatzen dugun bake nahia europar testuinguruan", bertako prentsak jaso duenez.

Ematen du oraingoan baietz, Gernikak kale bat izango duela Dresden, 2012tik baitabiltza Berdeak asmo horrekin. Baina joan den osteguneko erabakiari beste urratsa batzuk geratzen zaizkio. Aldeko erabakia Ezkerrak, Berdeek eta SPDk sostegatu zuten, alkatea tarteko, egun udalean daukaten gehiengoa baliatuz, eta kontra izan zituen CDU, FDP-Hiritar Askeak eta AFD. Grafia ere hizpide izan da Berdeen proposamenak egungo euskal grafiarekin idaztea proposatu baitu kalea, Gernikastrasse, Guernicaren (Picassok ere honela izendatu zuen bere obra) gainetik hobetsita.

Euskaldunen ikur den Gernika hiria Franco general espainiarraren aliatu ziren hegazkin nazi eta faxista italiarrek eraso eta suntsitu zuten 1937ko apirilaren 26an; aurten 80 urte betetzen dira, beraz, helburu militarra ez zen herri babesgabe bati eginiko lehen aire-erasoaldia egin zioten lehenengo aldi harena; Picassok Guernica (sic) koadroan bildu eta bakearen aldeko nazioarteko salaketa oihu bihurtuta seguruenik 20. mendeko arte-obra esanguratsuenetakoa bilakatuko zuena.

Gernikako sarraskia eta urte gutxi batzuk geroago, Bigarren Mundu Gerlan, Dresde hiriak eta bertako herritarrek hiria birrindu zuen hegazki erasoaldi bortitza jasan zuen, populazio besbesgabearen artean hildako kopuru ikaragarri handia eraginez, Aliatuek egina. Egun bostehun mila biztanletik gora dituen hiria da Dresde, Saxonia estatuko hiriburu.

Alemaniako hiriburuko euskal etxeak, aleman talde euskaltzale batek sortua, Gernika izena darama, hain zuzen ere, historiaren tarte ilun hura gogoan hartuta elkartasun urrats berriak emateko, bake aldarrikapen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia