euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Alec Reid irlandarra Boiseko Euskal Ikasketen Nazioarteko Mintegiko hizlarietako bat izango da, apirilaren 20-22an

2007/03/30

Alec Reid apaiz irlandarra Euskal Herriko bake prozesuaz arituko da (argazkia JRocadeV)
Alec Reid apaiz irlandarra Euskal Herriko bake prozesuaz arituko da (argazkia JRocadeV)

PUBLIZITATEA

Idahoko euskal komunitateak eta Boiseko Estatu Unibertsitateak antolatuta, Euskal Ikasketen Nazioarteko Mintegia egingo da Boisen apirilaren 20tik 22ra. Mintegian izango diren hizlarien artean Alec Reid apaiza, Irlandako bake prozesuaren sustatzaileetako bat, eta Ibon Mendibelzua, Euskadiko Ordezkaria Bruselan izango dira. Hiru bilkura egunek alde akademiko eta kulturalak batuko dituzte, eta Jimmy Jausoro zena omenduko dute. Jausoro Idahoko euskal komunitatean itzal handiko gizona izan zen eta urtetan bere akordeoiaren musikarekin euskal jai ugari alaitu zituen.
Euskal Ikasketen nazioarteko Mintegi bat egingo da Boise apirilaren 20tik 22ra, Boiseko Estatuko Unibertsitateko (BSU) Basque Studies Center-ek eta Idahoko euskal komunitateak antolatuta. Mintegiaren azken egunean Jim Jausoro zena omenduko dute euskal kulturaren alde egindako lanarengatik. Jausoro 2004an hil zen eta Idahoko euskal komunitatean ospe handiko gizona zen, bai bere gizatasunagatik eta baita bere akordeioarekin urteetan zehar ehundaka euskal jai alaitu zituelako, 83 urterekin zendu zen arte.

Jausororen omenaldiaz gain, Boiseko nazioarteko mintegiak alde akademiko eta kulturalak batuko ditu bere egitarauan, mintzaldiak dantzaldi, jai eta ekitaldi ludikoekin nahastuz. Alor akademikoari dagokionez euskal kulturaren inguruko hainbat ikerketa aurkeztuko dituzte partehartzaileek. Gainera, mintegian Basque Studies Consortium egitasmoa bultzatzen duten eragileek lehendabiziko bilera egingo dute. Euren asmoa Estatu Batuetako unibertsitateetan euskal ikasketa programak bultzatuko dituen talde bat sortzea da.

Euskadiko ordezkaria Bruselan hizlari

Mintegia ostiralean, apirilaren 20an hasiko da, goizean goiz, Basque Studies Consortiumaren bilera batekin. Arratsaldean Ibon Mendibelzua, Euskadiko ordezkaria Bruselan, izango da hizlari, 'Euskadi Europar Batasunean gaur' gaiari buruz. Mintzaldiak Eusko Jaurlaritza eta Europaren arteko erlazioak barrutik ezagutzeko aukera emango die entzuleei. Ondotik eztabaidaren txanda etorriko da eta entzulegoak ordezkariari galderak egiteko parada izango du. [Ezkerreko irudian Euskadiko ordezkaria Bruselan, Ibon Mendibelzua]

Mintzaldia Boise State Universityko Ekitaldi Berezien Aretoan izango da, arratsaldeko 18:00tan. Ekitaldi honek lagun zahar eta ezagunekin biltzeko aukera emango dio Mendibelzuari. Izan ere Euskadiko ordezkariak ikasketak egin zituen Renoko Center for Basque Studies-en eta AEBtako euskal etxeen jai nagusian --Jaialdian-- ere parte hartu zuen, Renoko Zenbat Gara taldearekin dantzari.

Alec Reid eta Euskal Herriko bake prozesua

Larunbatean Mintegiaren ekitaldi akademikoen ordua helduko da, Unibertsitateko Ikasle Elkartearen Forum Room delako aretoan. Jardunaldiak bi txandatan banatuko dira, goiz eta arratsaldez. Aurkezpenek 20 minututako iraupena izango dute eta honokoak izango dira:

- Xabier Irujo: Ibarretxe Plan
- Sandra Ott: Basques in the First World War
- Pedro Oiarzabal: Basque Diaspora Digital Nationalism
- Lisa Corcostegui: Courting the Diaspora in Dance
- Colleen Filmore: Adult Dietary Culture & Tradition
- Joxe Mallea: Basque Arborglyphs
- Viola G. Miglia: The Basque-Icelandic Glossaries Revisited

Ondoren Alec Reid apaiz irlandarrak mintzaldia eskainiko du. Reid Ipar Irlandako bake prozesuaren sustatzaileetako bat izan da eta Euskal Herriko Bake prozesua ere bultzatzaile aritu da, Irlandan izandako esperientzia eta han ikasitakoak konpartituz. Izan ere Reidek Euskal Herriko bake prozesua izango du mintzagai eta 'prozesua kanpotik eta barrutik' ezagutu duenaren ikuspegi baliotsua azalduko du Boisen, mintegiko antolatzaileek aurreratu dutenez. Mintzaldia Ekitaldi Berezien Zentroan izango da, arratsaldeko 15:30 eta ondotik eztabaida tartea egingo dute. Gauean akitibitateak Basque Block-era pasako dira, Boiseko Euskal Etxea eta beste euskal gune batzuk biltzen dituen ingurura, hain zuzen ere. Euskal Etxean bilduko da jendea eguneko azken ekitaldia egiteko, Basque Tribute & Public Dance deitu duten euskal jai eta dantzaldia, arratsaldeko 20:30tan hasita.

Jim Jausoro gogoan

Igandeko eguna Jimmy Jausoro zenaren oroitzapenari eskainiko diote. Jausoro Idahoko euskal komunitateko kide ezagun eta kutuna zen. Urte askotan txoko eta bazter guztietako euskal jaiak alaitu zituen, bere soinuaren musikarekin. Euskal kultura eta nortasunaren bultzatzaile sutsua izan zen Jausororen omenaldia eguerdiko 13:00tan hasiko da, St. Paul's Catholic Center-en (1915 University Dr.) bere omenez egingo den euskal meza batekin. Arratsaldeko 15:00tan Oroitzapen ekitaldia egingo diote Ekitaldi Berezien Zentroan eta hiru eguneko mintegiari bukaera emateko, parte hartzaile eta Boiseko euskaldunak Euskal Etxean egingo den jaiaz gozatu ahal izango dute.


Lotura interesgarriak

Mintegiaren programa
Astero, NABOren buletinean

North American Basque Organizations (NABO)
www.nabasque.org

Basque Studies Center, Boise State University, Boise, ID
http://basquestudies.boisestate.edu

Boise Basque Center, Boise, ID
www.basquecenter.com

'Idaho Loses One of Its Great Treasures'
Patty A. Miller-ek EuskalKultura.com-en idatzitako artikulua

Jim Jausoro soinujoile ezaguna hil da Boisen
EuskalKultura.com-en argitaratua 2004ko abenduaren 4an


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia