euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Aldibereko ekitaldi bat Bilbon eta Buenos Airesen ikurrina ofizialki Laurak Baten igo zuteneko Mendeurrena oroitzeko

2021/07/12

Bilboko iktaldia: ezker-eskuin, bi dantzari, Mireia Zarate, Andoni Ortuzar, Gorka Alvarez Aranburu eta Oscar Alvarez Gila (arg. SAF)
Bilboko iktaldia: ezker-eskuin, bi dantzari, Mireia Zarate, Andoni Ortuzar, Gorka Alvarez Aranburu eta Oscar Alvarez Gila (arg. SAF)

PUBLIZITATEA

Bilbo, Bizkaia / Buenos Aires, Argentina. 1921eko uztailaren 9an gertatu zen, Buenos Airesko Laurak Baten: San Fermin jaiak gogoan eta Argentinako Independentziaren Egunean --105 urte lehenago, 1816ko uztailaren 9an gertatua-- ikurrina era ofizialean eta ospe handiz jaso zen munduko euskal etxeetan dekanoa zen eta den Buenos Aireseko Laurak Bat-en. Gertaera hura mugarria izango zen ikurrinaren historian eta geroko bilakaeran, euskaldun guztien baterako ikurtzat hartzeko hazia erein baitzuen. Eta hori gogoratu da ostiralean, uztailaren 9an, Buenos Airesen (Laurak Baten) eta Bilbon (Sabino Arana Fundazioan) aldiberean egin eta streaming bidez hedatutako ekitaldian.

Laurak Bat Euskal Etxea eta Sabino Arana Fundazioa antolatzaile, ekitaldiak euskal diasporak Argentinari zein Euskadiri historian egindako ekarria ere aitortu nahi zuen, Bilbon eta Buenos Airesen, ikurrina bi hiriburuetan mastaratuta, izan ere Laurak Bat Euskal Etxetik gertu dagoen Buenos Aireseko Montserrateko Andre Mariaren parrokian bedeinkatutako bi ikurrin. Euskadin, Jaurlaritzako Kanpoko Euskal Komunitatearentzako zuzendari Gorka Alvarez Aranburu gidari, eta Sabino Arana Fundazioko Mireia Zarate, EAJ alderdiaren EBBko buru Andoni Ortuzar eta Oscar Alvarez Gila historialaria euskal oihala igotzen partaide.

[alboko irudian, ikurrinaren igoera Buenos Airesko Laurak Bat-en egoitzan, hiriburuko General Belgrano 1144 helbidean, Montserrat auzoan (arg. SAF)]

Bere hitzetan, Gorka Alvarezek kanpoko euskal komunitatearen lana goraipatu zuen, izan ere “gure Herriaren ametsa egia bihurtu baitu, gure herriaren hiru errealitate politikoak bat eginda: Hirurak bat, Laurak Bat, Zazpiak Bat, Euzko Alkartasuna, Euskal Odola, Denak Bat... Euskal etxe batean sartzen denak edo kanpoan euskaldun sentitzen denak Pirinioen bi aldeetan hedatzen den herri bereizi eta bakar bateko kide sentitzen du bere burua. Gure zaharrek irrikaz desiratu izan zuten ametsa eta belaunaldi berriek lortzen jarraitu dugun asmoa. Euskal diaspora euskararen herriaren anaiarteko batasun horren adibide garbia da”, adierazi zuen.

Ikurrina, aberriaren ikurra

Buenos Airestik, Laurak Bat euskal etxeko lehendakari Jose Gabriel Anituak, Mendeurrena oroitu zuen, zera esanez: “100 urtez Ikurrinak eraso bortitz eta presio sinbolikoak jasan izan ditu. Ikurrina jaso zuten egunean bertan, gutxiengo ziren elkartekide batzuek salatuta, Montserrat auzoko komisarioa hurreratu zen euskal etxera, ikurrina kentzeko aginduarekin; baina euskal etxeko lehendakari Niceto Echenagusiaren parte-hartzeak, Errepublikako presidente Hipolito Irigoyenen lagun hurkoa baitzen, poliziaren hasierako asmoak gera arazi zituen eta salaketa artxibatzea lortu. Geroztik, urteen poderioz euskaldunon ikur sendoa bilakatuta, kexa diplomatikoen presioak ere jasan zituen erregimen ez-demokratikoen garaian, frankismoa lagun”, azaldu zuen Laurak Bateko lehendakariak.

Eraso horiek guztiak gorabehera, Anituak gogorarazi zuen ikurrina “ez zela inoiz jaitsi eta urteak joan ahala euskal nazioaren ikur bilakatu zela”. “Gaur, Argentinan, ikurrina euskaldun guztien ikurtzat hartzen da. Horren erakusgarri, eranskailuak ikusten ditugu autoetan eta leihoetan, euskaldunen ondorengo argentinarrek nortasunaren erakusgarri hartu baitute, berezko ikur gisa, duela 100 urtetik hona”.

Bere aldetik, Oscar Alvarez Gila historialariak, euskal diasporaren ikerketan trebatua eta “Antes de la Ikurriña: Bandera, símbolos e identidad vasca en América (1880-1935)” liburuaren egilea, nahigabetuta agertu zen gaur egun “diaspora oraindik ere Euskadiko memoria historikoan oso ahaztua” dagoelako, nahiz eta “gure iraganaren une askotan, eginkizun garrantzitsua izandakoa den euskal nortasuna eratzen eta sendotzen”.


[Mireia Zarate, Oscar Alvarez, Gorka Alvarez eta Andoni Ortuzar ikurrinari eusten (arg. SAF)]

Eta aipatu zuen diasporan jazo zela ikurrina behin-betiko aitortzeko urratsa. “1921eko uztailaren 9an, Buenos Airesko Laurak Bat Euskal Etxea izan zen ikurrina euskal nortasun nazionalaren ikur moduan jaso zuen lehen erakunde ez-politikoa. Pauso txikia izan zela eman lezake, baina ikurrina pixkanaka-pixkanaka hamarkada hartan onartzeko lehen urratsa izan zen, bai diasporan, bai euskal lurraldean. Eusko Ikaskuntzak ikurrina euskal banderatzat hartu behar ote zen aztertzeko txostena egin zuenean, diasporako euskaldunek ikurrina esangura horrekin erabiltzen zutela argudiatu zuen, besteak beste. 1936an, lehenengo Eusko Jaurlaritzak ofizialdu zuen ikurrina, eta horixe izan zen istorio honen amaiera ona”, azpimarratu zuen.

Euskal diasporaren eginkizun erabakiorra

Sabino Arana Fundazioko presidente Mireia Zaratek eman zion bukaera ekitaldiari, gailenduz euskal diasporaren eta euskal etxeen partaidetza Euskadik nazio gisa duen etorkizunean.

“Bere burua maite duen herri orok bere historia ondo ezagutu eta zabaltzen jakin behar du. Emigrazioa fenomeno etengabea izan da nazio gisa izan dugun bilakaeran, eta Amerika izan dugu helmuga nagusia. Emigrazio haren ezaugarri nagusietako bat izan zen diaspora bat sortarazi zuela, bere euskal sustraiei lotutako nortasun-sentimenduari eutsi, eta finkatu zen herrialdeekiko konpromiso irmoa uztartzen jakin zuen diaspora bat, herrialde bakoitzeko garapenean eta ongizatean engaiatuta eta, horrekin gure aberriaren izen ona ere prestigiatuz”.

Sabino Arana Fundazioko presidenteak “mundu osoan zehar dauden euskal etxeek egindako lanaren balio izugarria eta garrantzi estrategikoa” aitortuz amaitu zituen bere hitzak, “gure kulturari eutsi eta hurrengo belaunaldiei pasatu diezuelako”.

Ekitaldia “Agur Jaunak” kantatuz burutu zen.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia