Beloke-Ahurti, Lapurdi. 25 urtetan apaiztua, laborantzako injineru titulua eskuratu zuen Adrien Gachiteguyk. 1950-51 urteetan, Ipar Ameriketan euskaldunak zeuden Estatu guztiak kurritu zituen, bere aita zena bezala han bizi izan ziren euskaldunen hatzak atxeman nahiz. Han ikusiak idatzi zituen “Les Basques dans l’Ouest Américain” izeneko liburu famatuan. Ameriketatik itzulitakoan, Baionako apezpikua deliberarazi zuen hango euskaldunentzat apaiz bat bidaltzeari buruz. Ipar Euskal Herriko gazteek Euskal Herrian gelditzeko parada izan zezaten, iruditu zitzaion laborari edo nekazarien seme-alabek eskolatu behar zutela, eta bereziki ardiei mozkin gehiago emanarazi behar zitzaiela.
Orduan, hasi zen karraskan laborantza ikastetxetan klaseak ematen, eta 1952tik aurrera bederen 6 urtez irakaslegoan ibili zen. Motoz ibiltzen zen Lekorneko Garroatik Donapaleu-ko Garikoitzenera eta Maulera. Donibane Garazin Frantsesenea nekazal eskola abiarazteko unean, etxaldez etxalde ibili zen galdezka ez ote zuten gazterik ikastetxe hartara bidatzeko. Denbora hartako laborari seme-alabak hizkuntzaz gaurko gehienak baino euskaldunago baitziren, eurengan pentsatuz argitaratu zuen “Laborantzatik hobeki bizitzeko” izeneko liburu baliosa. Laborantza gaietaz den euskal liburu bakarra da gaur egun ere Ipar Euskal Herrian, bainan aspaldi agortua. Belokeko Fraidetxean, eguneroko otoitzaldien gainera, artalde handi batez eta gasnategiaz arduratzen zen, Aita Ignace Etchehandy bezalako langile zintzoekin. Denbora berean, 50 hektarea eremutan, gune bakoitzaren araberako zuhaitzak landatuz eta behar bezala artatuz, loriagarriko oihanaren jabe bilakarazi du Belokeko Fraidetxea.
Afrikan eta gero berriz Euskal Herrian
1963tik 1972ra, Afrikan jardun zuen, lehen urteetan Beningo komentua altxatzen, eta ondotik arduratu zen hango eskola batzuen bideratzeaz. Afrikatik berriz Belokera itzuli zenean, beste lan balios bati lotu zitzaion. Euskal Herriko artzainek beren hazkuntzetan behar den emankortasuna handitzen ikus zezaten, hara Aita Adrien Gachiteguy dugula Urdiñarbeko marrotegiaren bultzatzaile lehena. Mendian sortua dena mendian laket baita, iraiileko hilabetean libreago izanez, 10 urtez Pirinioetako kasko gorenenak kurritu zituen Aita Marcel Etchehandyrekin.
2007an, Alduden izan zen artzain eguneko mezan predikatzera deitua izan zen. Sekulako mintzaldi hunkigarria egin zuen, ondotik Herria astekariak argitaratua. Ekonomiaz arduratzen den Hemen elkarteak eskatu zion zuhaitzen berezitasunak aipa ote zitzazkeen euskaraz. Berehala onartu zuen lan berri haren ondorioa izan zen “Zuhaitzak Euskal Herrian” liburua, 2010ean argitaratua eta laster agortua. Geroztik, Jakes Casaubonek idatzitako gehigarri batekin berriz argitaratzeko baimena emana zuen Adrien Gachiteguyk. Bainan euskal liburugintzarako diru laguntzak eskas!
Bere laugarren liburua deitzen da “Imilitz uraren harana”. “Maiatz” elkarteak 2012an plazaratua. Honetan idatzi zuen Kintoa lurraldearen kondaira, Urepeleren 150. urtearen ospakizunean aurkeztua. Azken urteetan, Belokeko oroitzapenak idazten ari omen zen.
Hona Jean-Louis Lakaren aipatu bertsoak:
(Bertsuen doinua : Lazkao Txikiren “O baserritxo hartuko dezu bihotz barrenetikan min”)
Amerikako euskal artzainak bi urtez xerbitzaturik
Laborantzako lehen eskolak haste hartan lagundurik
Lurren gaineko jakitatea oso osoan bildurik
Aita Adrien, milesker zuri, denak izkiriaturik!
Otoitza eta lan jarraikia ziren zure bertuteak
Hola iragan dituzu zure bizi luzeko urteak
Fraide etxeko eta kanpoko adiskide hain maiteak
Atsegabean ezarri gaitu hemendik zure joaiteak.
Zuhaitz ederrak, igalidunak beiratu dituzu xutik
Hazkuntza ere bultzatu duzu artzaintzan hasi pundutik
Ikus artio Aita Adrien ! Azken otoitz hau mundutik:
Gure memento ilunenetan argi gaitzazun zerutik !