Buenos Aires, Argentina. 126 urte beteko ditu azaroan Argentinako hiriburuko Nafar Etxeak eta ospakizun programa urriaren 31an hasiko da mahai-teniseko txapelketa batekin. Ekintzekin jarraituz, azaroaren 4an Pilota Paleta erakustaldia egingo dute Elkarteko izen handiko pilotariek, erakundearen egoitzako trinkete margotu berrian.
Azaroaren 7an, igandea, urteurren bazkaria antolatuko dute Nafar Etxeko lagunek. Baina aurten, eta pandemiaren eraginez, ez dute urtero bazkide eta lagunekin antolatzen duten ohiko oturuntza eskainiko. Martín Urtasun Elkarteko lehendakariak EuskalKultura.eus-i adierazi dionez, “Oturuntza ez, baina ez da faltako bazkaria partekatzeko aukera eta batez ere ez dira falta izango dantzak eta musika”.
Bi txoko muntatuko dituzte antolatzaileek eta bertan bazkaltzeko menuak salduko dituzte. Dantza eta musika ikuskizunari dagokionez, goizeko 11etatik arratsaldeko 4etara, Buenos Airesko eta Bolivarreko nafar etxeetako dantza taldeek, Laurak Bateko dantza taldeak eta Aitor Alavak zuzentzen duen Oihankide Dantza Taldeak girotuko dute jaia. Nafar Etxe anfitrioiko txistulariek ere hartuko dute parte, euren irakasle Jose Maria Gutierrezekin batera.
“Honakoa pandemiaren osteko lehenengo jaia izango dugu eta pentsatu dugu ez dela une egokia ohikooturuntza antolatzeko. Baina ospatu, ospatu nahi genuen eta bazkari arinago batez partekatuko dugu, eta musika eta dantzekin;.eta trinketearen margoketa estreinatuz, hori ere urrats handia baita guretzat”, azaldu digu Urtasunek.
Urte amaierari begira, abenduaren 3an Rosariora bidaiatuko dutela ere jakinarazi digu Nafar Etxeko lehendakariak, Nafarroaren Eguna bertan ospatzera Argentinako gainerako nafar etxeekin bat eginik.
Buenos Airesko Nafar Etxearen Urteurreneko Jaia elkartearen egoitzan egingo da, hiriburuko Moreno kaleko 3682. zenbakian.