euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Albokagile eta jolea, Mauro Telletxea buenosairestarra euskal musika tresna honen erreferente da Argentinan

2011/12/05

Mauro Telletxea (argazkia Eduardo Libedinsky)
Mauro Telletxea (argazkia Eduardo Libedinsky)

PUBLIZITATEA

Diasporako herrialdeetan euskal kulturari buruz hitz egiten dugunean, dantzak, sukaldaritza, euskara eta kirolak datozkigu gehienbat burura. Eta musika. Egun gainera, teknologia berrien garaian, oso erraza egiten zaigu urrun dauden musikari eta taldeen lanak ezagutu eta lortzea. Zer gertatzen da, ordea, euskal tresna tradizionalak jotzen ikasi nahi dugunean? Mauro Telletxea argentinarrak bide zoragarri bati ekin zion 2004an, haurtzaroan entzuten zuen albokaren soinua berreskuratu nahirik. Euskal Herriko izen handiko musikari eta luthierrekin ikasi ondoren, alboka jole eta egile bihurtu eta hala segitzen du Buenos Airesen gazte euskal-argentinarrak.

Buenos Aires, Argentina. “2004an hasi nintzen alboka jotzen. Gogoan dut albokaren soinua haurtzaroan, baina ez dut askoz ere gehiago gogoratzen. Oso argi daukat, ordea, behin Kortaturen CD bat oparitu zidatela, eta hor Leon Bilbao eta Maurizia Aldaiturriaga entzutea abiapuntua bezala izan nuela”, kontatu dio Mauro Telletxeak EuskalKultura.com-i albokarekiko zaletasuna nola sortu zitzaion galdetu diogunean. Esan beharra dago Mauro Buenos Aires hirikoa dela eta gogoa bai baina alboka bat eskuratzeko aukerarik ez zuela berak izan Argentinan hasiera batean.

“Izan nuen lehenengo oztopoa alboka lortzea izan zen. Eta berri bat erostea oso garestia zenez, nik neuk egitea erabaki nuen. Internet-en aurkitutako Txilibrin-en plano batekin sortu nuena oso ondo atera zitzaidan eta aurkezpen-gutuna izan zen Ibon Koteron-engana jotzeko. Ibon Koteron gaur egungo albokaren munduko erreferentea da. Berak beka bat eman zidan eta Osses-ekin jarri ninduen kontaktuan. Ossek alboka bat bidali zidan – ezer kobratu gabe – nik sakonago murgildu ahal izateko”.

Euskal Herrirako bidaia

Lehenengo urratsak eman eta gero, Euskal Herrira bidaiatzea egokitzen zitzaion bertako albokari eta luhierrekin aurrez aurre ikasteko. Baina Hego Amerikatik Europara joatea nahikoa garestia da argentinarrentzat eta euskal-argentinar erakunde batzuei laguntza eskatu zien Maurok, zorte handirik gabe: “Bidaiatu ahal izateko, dirulaguntzaren bat behar nuen eta euskal etxeetan eskatu nuen, baina ezezko erantzunak baino ez nituen lortu. Egia esatearren, oso esperientzia txarra izan zen. Gomendio gutunak ere ukatu zizkidaten kidea ez nintzelako. Beraz, dirua lortzearren tabernari lan egin nuen urtebete eta erronkari aurre eginez, Euskal Herrira abiatu nintzen 2006ko udaberrian”.

Ahaleginak bere saria izan zuen. Izan ere, Ibon Koteronekin elkartzea atsegin eta oparoa gertatu zitzaion. “Oso eskuzabala izan zen nirekin. Ostatua bere eskolatik oso gertu hartu nuenez – Bilboko alde zaharrean --, egunero klasera joateko baimena eman zidan, nahi edo ahal nuen adina ordu. Bien bitartean Osses-ekin tresnak egiten ere ikasi nuen”.

Aktore, albokari eta luthier-a

Mauro Telletxeak ez du bere burua musikaritzat jotzen. Bera, izatez, aktorea da eta batez ere belarriz ikasi zuen alboka jotzen. Alabaina, urratsok ematerakoan, 'lutheriaren' arloan mundu berri bat ireki zitzaion albokari argentinarrari. “Trebetasun handia behar da luthier lanean aritzeko. Harritzekoa da albokak dituen doitasun eta garapena, batez ere tresna herrikoia dela kontuan hartzen badugu. Urrats handiena ikasle eta laguna dudan Roberto Aguirrerekin emandakoa izan zen. Eta Juan Carlos Urruspuru ere aipatu behar dut. Haiekin egin ahal izan nituen lehenengo pitak, hau da, albokaren ahokoak. Pentsa ezazu kanpoko pitak Argentinara ekartzeak 60 euro balio dituela eta alboka osoak, asko gehiago. Ezinezkoa guretzat. Hori dela eta beharrezkoa egiten zaigu hemen egitea”.

Maurok egiten dituen albokak erabat eskuz egindakoak dira eta berak azaldu duen legez, fase zailena osagaiak eskuratzea da. “Ez da batere erraza kanabera aurkitzea. Kanabera berezia behar dugu erresistentzia eta formagatik. Nik landatutako kanaberadi batek ematen dit behar dudana. Beste alde batetik, adarrak ere ez dira erraz aurkitzen. Izan ere, Euskal Herriko leku askotan egurrez egiten dituzte. Nik aukera izaten dudanean, batzuk erosten ditut, beti izateko”.

Prezioari dagokionez, mila peso inguruan dago -- kutxatila eta pitak barne -- momentu honetan eta interesa duenak eskatu baino ez du behar. Eskaera mail (mtxea@yahoo.com.ar) edo facebook bidez (Mauro Telletxea) egin daiteke. Hala egina dute, besteak beste, Alemaniako, Estatu Batuetako, Venezuelako, Uruguaiko eta Argentina bertako hainbat lagunek. “Prezioa negoziagarria da, hala ere kontuan izan behar dugu kalitate handiko lana dela”, adierazten du Telletxeak.

 [Mauro Telletxea Necocheako 2011ko Hator Hona-ko partaide izan zen Jon Iraola Treku-rekin “Buenos Aires celebra” jaialdian (bideoa EuskalKultura.com)]

Liluragarria bezain arazotsua da Buenos Aireseko artista honek hartutako bidea baina ez dago bakarrik proiektu honetan. Lagun eta ikasleak ditu Maurok hainbat eremutan. “Klaseak ematen ditut astero – astelehenetan ordu 1etik 3etara -- Buenos Aireseko Eusko Kultur Etxean (Eusketxen, Mexiko 1880 kalean). Eta klase gehiago ere ematen ditut, nire kabuz; Eta beti nago prest ikasle berriak hartzeko”, azaldu du Telletxeak, euskal etxeei buruzko bere iritzia ere ematen digula: “Berezia iruditu zait beti euskal etxeen giroa. Kontzientzia bikoitza eta beldurgarria dago batzuetan, hau da, Euskal Herriko ikur abertzaleak Argentinako eskuineko jarrerekin nahasten dira eta hemen ukatzen den askatasuna Euskal Herriari begira defendatzen da. Hala ere, badaude beste batzuk nigandik ideologikoki hurbilago daudenak eta horietan lagun onak ditut. Baina zatiketa handiak daude, batez ere politikagatik. Dena den, oso beharrezkoa den lana egiten dute eta nik nirea eskaintzen diet nahi dutenei”.

Txikitan albokaren soinua entzuten zuen Maurok eta nahiz eta zehatz-mehatz oroipen hori nondik datorren jakin ez, agian bere arbaso euskaldunek zerikusia dute albokari argentinarraren zaletasunean.  “Birraiton-amona neuzkan Euskal Herrikoak. Aitaren aldetik, Mungiakoak eta amaren aldekoak ordiziarrak. Zoritxarrez gaur ez dugu seniderik han baina asko gustatuko litzaidake bidaiatu eta harreman berriak sortzea”, hausnartzen du Maurok.



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia