euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

A. Ospital, argentinar eta euskaldun, Euskal Herrian eta Argentinan gertatu aldaketen lekuko baliotsua

2009/07/29

Alberto Ospital bere emazte Betty Paris-ekin Buenos Airesen, euren etxeko egongelan (argazkia EuskalKultura.com)
Alberto Ospital bere emazte Betty Paris-ekin Buenos Airesen, euren etxeko egongelan (argazkia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

1931ko azaroaren batean jaio zen Alberto Ospital, Iparraldetik Argentinara etorritako sendi baten barruan. Gurasoek beren burua euskalduntzat bazuten ere, etxean Frantziako Iraultza ospatzen zuten uztailaren hamalauoro. Denboraren poderioz Albertok euskaldunen pairamenaren berri izan zuen eta Argentinan Euskal Herriaren alde lan egiten duten erakundeetara hurbildu zen. Bizitza pertsonalean ere hainbat aldaketa ikusi ahal izan ditu. Hamaika urterekin lanean hasi zenean, Buenos Aires hiriburuko erdigunean bertan zeuden tamboak (behi baserriak) eta Rivadavia etorbidean, auzo berean, bi frontoi zeuden, bata bestearen ondoan.

Sabrina Otegi/Buenos Aires, Argentina. 1928ko abenduan utzi zuten Albertoren gurasoek, Miguel Ospitalek eta Mariana Oxobyk, Nafarroa Behereko Baigorri eta Buenos Airesen kokatu ziren. 'Amaren izeba batek egin zuen eskaera formala ama ekarri ahal izateko. Etorri ziren eta berehala ezkondu. Hango egoera ekonomikoa oso larria zen, oso txiroak ziren biak eta hori izan zen hona etortzeko erabakiaren karietako bat', azaltzen du euren bigarren seme izan zen Albertok, honela jarraitzeko: 'Geroago jakin genuen amaren gurasoak ez zirela ados ezkontzarekin --badirudi aitaren familia amarena baino pixka bat hobeago zegoela-- eta horregatik ausartu ziren aita eta ama emigratzera'. Kontinente berrira heldu bezain pronto, Albertoren aita esnezale hasi zen lan egiten. 'Hasieran beste pertsona batentzat, baina gero bere tamboa erosi zuen. Lehenengo tambo hori Urquiza kalean zegoen, Buenos Aires hiriburuan bertan, eta lau behi zeuzkaten. Dena den, lau behi horien esnea etxekoentzat zen. Aita esnea banatzen ibiltzen zen, eta banatzekoa probintziatik, General Rodriguezetik, ekartzen zuten'.

Argentinan euskaldun bihurtu ziren euskaldunak

Nahiz eta Marianak eta Miguelek haien artean euskaraz hitz egin, laster galdu zen familian Euskal Herriko hizkuntza. 'Aitak egun osoan egiten zuen lan eta ez zen etxean egoten. Gainera haiek gaztelania ere bereganatu behar izan zuten. Oraindik gogoratzen naiz esaten zutenean baten bat Iparraldetik etorria zela, “baina castilla-z hitz egiten du”'. Ez dira gutxi Albertok aipatzeko dituen oroimenak. Agian interesgarrienetakoak bere euskal nortasuna eskuratzeko prozesuarekin zerikusia dutenak dira: 'Gurasoek erabat euskalduntzat jotzen zuten beren burua. Hala eta guztiz ere, uztailaren 14an Rivadavia kalean zegoen frontoi batera joaten ziren, Iparraldetik etorritako beste euskaldun batzuekin batera Frantziako Iraultza ospatzera. Ez ziren jabetuak, agian Iparraldean frankismoaren arazoa ez zutelako izan', kontatzen du Albertok Iparralde, Hegoalde eta beste hainbat euskal hitz esanguratsu era egokian erabiliz. 'Ni heldutan jabetu naiz euskaldunen pairamenaz', aitortzen du

'Emaztea eta biok lagun batzuekin hasi ginen joaten Laurak Bat, Eusko Kultur Etxea eta Euskaltzaleak-era eta poliki-poliki joan naiz ulertzen gauzak nolakoak izan ziren eta nolakoak diren. 1988. urtean hasi nintzen murgiltzen euskal munduan eta gaur egun Eusketxeko batzordekidea naiz eta Euskaltzaleak-eko abesbatzan kantatzen dut'. Albertok ez zuen urrats hori bakarrik eman ordea. Bere emaztea, Betty Paris, hau ere euskal jatorrikoa, Luzaideko euskaldun baten alaba, bere ondoan izan da azken 50 urteotan eta euskal kulturaraino hurbiltzeko ibilbidea elkarrekin egin dute.

Bizitza osoan gogor lan da lan ibilia…

Oso gazte zela hil zitzaion aita Albertori. Ondorioz, hamaika eta hamahiru urterekin anaiak eta berak jarraitu behar izan zuten esne banaketarekin. Eta arlo horretan segitu dute, gaur egun arte. Alde batetik, lantegi bat dute Lobosen, Buenos Aires probintzian; hor gazta eta dulce de leche-a egiten dute. Beste alde batetik, Buenos Airesen bertan denda bat dute. 'Euskaldun guztien bezala, gustukoa dut lan egitea. Aitarekin hasi baino lehen jadanik beste tambo batean lan egiten nuen. Ez ninduten behartzen, nik neuk nahi nuen. Gero aita joan zitzaigun eta Jean-Pierre anaia eta biok bakarrik ateratzen ginen kalera esnea saltzera. 60 urtetik gora daramatzagu lanean elkarrekin. Orain semeak, Pablo, Mariano eta Nacho, lantegian dauzkat; Betina, alaba, berriz, Belgikan bizi da'.

Eta horren saria

Egun hauetan, Alberto eta Betty Euskal Herrian daude euren familiak bisitatzen. 'Gure amak beti mantendu zituen harremanak bai bere familiarekin baita aitarenarekin ere. Izan ere, behin baino gehiagotan joan zen Baigorrira senideak ikustera. 1951an bere besoetakoa, Emile Larre Oxoby, gurte askotan Herria aldizkariaren zuzendaria izan dena, apaiz ordenatu zutenerako bidaiatu zen lehenengo aldian. Gure kasuan bigarren aldia da, eta berrogei bat senide ikusiko ditugu'.

Alberto Ospitali ez zioten Euskal Herriari buruz hitz egin etxean. Ez zioten euskara eta euskal kultura irakatsi, agian lan egiteko baizik denborarik ez zegoelako, edo agian herrialde berri batera bilduak zirenez, gurasoek ez zutelako horren beharrik ikusi. Baina Diasporan hainbat kasutan bezala, Albertok berak berreskuratu eta biziarazi ahal izan du bere euskal nortasuna, ahaleginduz, ikasiz eta, bere emaztea bidelagun, beste euskaldunekin bizitza konpartituz.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia