euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Alberto Echaniz, Arrecifesko EEko lehendakari ohia eta Itxarkundiako aurreneko dantzari izan zena hil da

2012/01/23

Omenaldia Alberto Echaniz eta bera bezala Itxarkundiako lehenengo dantzariak izan zirenei (eta Ugarritrzakoei) Arrecifesko EWuskaldunak Denak Bat-en, 2010ean (irudia EuskalKultura.com)
Omenaldia Alberto Echaniz eta bera bezala Itxarkundiako lehenengo dantzariak izan zirenei (eta Ugarritrzakoei) Arrecifesko EWuskaldunak Denak Bat-en, 2010ean (irudia EuskalKultura.com)

PUBLIZITATEA

Argentinako Arrecifestik zenbait lagunek mezuak bidali dizkigute oharrarazteko igande honetan, 2012ko urtarrilaren 22an, gauerdi t'erdietan, hil dela herri argentinar honetan Alberto Echaniz. Bertako Euskaldunak Denak Bat-eko eta FEVAko idazkari den Marta Abarrateguik aipatu du azkeneraino agertu izan dela, bere emazte Carmenekin, Alberto Echaniz euskal etxeak deitutako festa zein kultur hitzorduetara. "Gaur igandea, arratsaldeko seietan egingo diogu azken agurra aurresku batekin, Facundo Araguz Alustiza irakaslea dantzari eta Juan Ignacio Saez Abarrategui txistulari". Bere aldetik, Juan Lucio Agote Etxanizek lerro batzuk idatzi eta bidali dizkigu bere osaba zenaren ohoretan, haren gorazarre.

Arrecifes, Argentina. Honela dio Juan Lucio Agoteren idatziak:

Igande honetan, urtarrilaren 22an, 0,15ak zirela hil da Arrecifes herrian Alberto de Echaniz.

"Itxarkundia"ko lehenengo dantzarietarik izan zen, taldea 1944an sortu zenean, bere aita, don Lucio, buru. Euskaldunak Denak Bat elkarteko lehenengo bazkideetarik izan zen, bertako presidente 1986an eta beste zenbaitetan elkarteko batzordekide.

Alberto Echaniz Arrecifesko "Ricardo Gutierrez" gizarte eta kirol klubeko fundatzaileetakoa izan zen. Izan ere 1 zenbakidun bazkidea izan zen eta elkarteko presidentea 1941ean. Kirolalorretik atera gabe, Arrecifesko Futbol Ligako lehendakaria ere izan zen.

Baina euskaldun baten seme zen honek utzi zigun garrantzitsuena bere herentzia izan zen, bere familia hazteko balio izan ziona: onestasuna, apaltasuna, zuzentasuna, begirunea, fideltasuna, leialtasuna, lana duintasuna, sinesmena, lankidetasuna eta gizatasuna; laguntasunaz gain, Herri osoaren apreziopean.

Gaur... utzi egin gaitu, betikotasunareako trena harturik, Jaungoikoaren ondoan egoteko, argentinar egiazko gizaki puska, euskaldunaren seme.

Eskerrik asko izan zinen bezalakoa izateagatik eta zurea zen guztia emateagatik, osaba Alberto!



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia