euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Catalan parlamentuburuak Argentina-Txileko nafar etxeetako eta espainiar federazioko bi presidenteak hartu ditu

2012/06/07

Rosa Mary Ibañez, Alberto Catalan eta Crisanto Ayanz joan den asteartean Nafarroako Parlamentuan eginiko elkarrizketan (argazkia NFP)
Rosa Mary Ibañez, Alberto Catalan eta Crisanto Ayanz joan den asteartean Nafarroako Parlamentuan eginiko elkarrizketan (argazkia NFP)

PUBLIZITATEA

Nafarroako Parlamentuko presidente Alberto Catalan-ek harrera egin die joan den asteartean Argentina eta Txileko nafar etxeen presidente Crisanto Ayanz-i eta Espainiako Nafar Etxeen Federazio Nazionaleko kargukide Rosa Mary Ibañez-i. Aurretik Gobernuko bozeramale eta Harreman Instituzionaletako kontseilari izan zelarik --bere eskumen zirela nafar etxeekiko harremanak--, Catalanek bertatik bertara eta tokian tokiko nafar etxeak eta bazkideak ezagutzeko parada izan zuen, Txile-Argentinan eta baita Espainian ere, eta beraz bildutakoek ez zuen elkar aurkeztu behar izan. Catalanek Nafarroako Parlamentuaren sostengua adierazi zien kanpoko nafarrei eta nafar etxeek daramaten lanari.

Iruña-Pamplona. Nafarroako parlamentuburu Alberto Catalanek bera buru duen erakundean errezibitu zituen asteartean, ekainaren 5ean, Argentina eta Txileko nafar etxeen federazioko eta Buenos Airesko Nafar Etxeko presidente ere baden Crisanto Ayanz eta Espainiako nafar etxeen federazio nazionaleko eta aldi berean Zaragozako Nafar Etxeko presidente den Rosa Mary Ibañez, kanpoan dauden nafar gizataldeetako bi ordezkari behinenek Nafarroako mundu instituzionalean Barcina presidentearen ondotik bigarren kargu garrantzitsuena denari eginiko bisitan.

Bisitaren xedea, elkar agurtzea eta nafar etxetan antolatuta dagoen nafar diasporaren egoeraren eta nafar etxeen kezken, iritzi eta planen berri ematea zen. Hiru ordezkariek aspalditik ezagutzen dute elkar, sarritan bidaiatu izan baita Catalan azken urteotan bere aurreko karguan zegoenean Zaragoza eta Buenos Airesko nafar etxeetara eta baita Espainiako eta Argentina-Txileko gainerako nafar elkarteetara, eta kontrako bidea ere maiz egin baitute Ibañez eta Ayanzek Iruñera etorririk.

Bileraren ondotik Nafarroako Parlamentuak kaleratu oharrak dioenez, Catalan parlamentuburuak berak ordezkatzen duen ganbararen eta Nafarroaren izeneko sostengua eman zizkien kanpoko nafarren bi ordezkariei euren elkarteetan Nafarroaren eta nafar izen onaren alde egiten duten lanari dagokionez eta animatu egin zituen lan horri eutsi eta Nafarroa marka zabaltzen segitzera deitu zituen, eta "funtzio sozial eta instituzional berriekin" euren elkarteak "birfundatzera" deitu zituen, "garaiotara egokituz, Nafarroarenganako konfidantza transmitituz eta Foru Komunitatearen irudi ekonomikoa, berrikuntzari, ekimenari eta aukera-sortari lotua, hedatuz".

Buenos Airesen 1948an jaioa, izen-deitura bereko nafar aitona izan zuen Crisanto Ayanz-ek eta jaio zenetik, bere aita eta aitonaren bideari segituz, lotu zitzaion argentinar hiriburuko Nafarroako Etxeari, izan ere jaio zen egun berean bazkidetu baitzuen bere familiak. Kari horretara, urteak ere San Fermin bezperan betetzen dituen diasporako nafar hau, abokatua bera, mende erdi bete zituenean biziarteko bazkide izendatu zuen Nafarroako Etxeak eta geroztik da elkarteko presidente. Aipatu ardura horiez gain, beste zenbait karguren artean, Argentinako Espainiar Elkarteen Federazioko batzordekide ordezko ere bada eta kargu bera atxikitzen du Buenos Airesko Euskal Echea Elkarte Ongile eta Kulturalean, izan ere azken honetako kide fundatzaile izan baitzen 1904an Buenos Airesko Nafarroako Etxea.

Rosa Mary Ibañez Zapatero, berriz, duela hamabi urtedanik da Zaragozako Nafarroako Etxeko presidentea. Aragoiko hiri horretako nafar elkartean du egoitza Espainiako Nafarroako Etxeen Federazio Nazionalak eta bertako presidentea estatu mailako nafar etxeen presidente ere badelarik, bi kargu horiek uztartzen ditu Ibañezek. Izan ere urteurren urtean daude Zaragozako Nafarroako Etxekoak, aurten mende erdia betetzen ari baita elkartea.

 



« aurrekoa
hurrengoa »

Erlazionatutakoak

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

PUBLIZITATEA

Irakurrienak

Azken komentarioak

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia