San Juan ontziaren erreplika egiteko proiektua Filipinetaraino heldu da, Albaola Faktoriaren eskutik. Filipinar hiriburuan, Manilan, "The Global Impact of the Manila-Acapulco Galleon Trade: an International Conference Celebrating 450 years of Urdaneta´s voyage" egin zen azaroaren 14 eta 15ean eta bertan izan zen Albaolako Xabier Agote Ternuako euskal baleazaleen ondareari buruzko proiektua azaltzen.
Manila, Filipinar Irlak. Euskal itsasgizon baten balentria gogoratu zuten Manilan, azaroaren 14 eta 15ean, "The Global Impact of the Manila-Acapulco Galleon Trade: an International Conference Celebrating 450 years of Urdaneta´s voyage" mintegian. Izenburu luzeak aipatzen duen Andres Urdaneta ordiazarra zen eta bera izan zen Filipinetatik Mexikorako itzulbidea egiten lehena.
Aurkikuntza honi esker, martxan jarri zen historiako ibilbide komertzial luzeenetako bat: Manila-Akapulko-Manila delakoa eta bi mende eta erdi bizirik egondakoa. Ibilbide hori egiteko erabiltzen zuten itsasontzia, Manilako galeoia, kostalde kantauriarran egindako ontzien diseinuetan oinarrituta zegoen, San Juan baleontzia kasu.
San Juan aurkezten
Hau guztia dela eta, Xabier Agote, Albaolako presidentea eta ontzigintzan eta euskal itsas historian aditua, gonbidatuta izan zen bertan hitzaldi bat ematera. Agotek hainbat gai jorratu zituen: ozeanoan zeharreko karga ontzi hauen eraikuntza, euskaldunen eragina nazioarteko itsas historian eta San Juan baleontziaren eraikuntza proiektuaren aurkezpena, Pasaiako Albaola Itsas Kultur Faktorian bisitatu daitekeena.
Kongresuaren irekiera Filipinerako senatariaren, Edgardo J. Angararen, eta Mexikoko embaxadorea Filipinetan, Julio Camarena Villaseñor-en eskutik izan da. Hizlarien artean, nazioarteko gonbidatuak izan ziren, esaterako Txinako Renmin Unibertsitateko Manuel Perez-Garcia doktorea edo Ian Christopher Alfonso, Filipinetako Historia Batzorde Nazionaleko kidea.
Nazioartean
Filipinetako hitzaldia kanpo sustapena bilatzen duten ekintzen programa baten barne kokatzen da. Hori dela eta, Albaolak San Juan baleontziaren eraikuntzaren proiektua hainbat lurraldetan aurkeztu du 2015.urtean zehar: AEBetan (Boise eta Maine), Finlandian, Frantzian, Kanadan, Puerto Ricon eta Danimarkan besteak beste.
Era berean, guzti honek euskal itsas historia eta Pasaiako eskualdea mundu mailan ezaguna egiteko helburuan laguntzen du; izan ere Pasaiako portuak itsas industrian izandako garrantzia azpimarratzekoa da, eta egun erreferentziazko puntu bat bilakatzen ari da euskal itsas ondarearen mantentze eta hedapenari dagokionez.