euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Alazne Iruretagoyena euskaltzale eta buruzagi euskal-argentinar historikoa hil da La Pampa-ko Macachinen

2018/12/28

Alazne Iruretagoyena Peñagaricano
Alazne Iruretagoyena Peñagaricano

PUBLIZITATEA

Donostia-San Sebastian. Saminez jaso dugu berria, Argentinako Macachinen abenduaren 26ko arratsaldean hil dela, 83 urte zituela, Alazne Iruretagoyena, bere bizitza osoan euskara eta euskal kultura lagun, euskalduntasunaren eta bere erroekiko atxikimenduz sustatzaile eta ekile izan den zarauztarra; zarauztar petoa sortzez, eta bizitzak argentinaratu eta bertako euskalduna bilakatua, 67 urte baziren-eta Euskal Herria beste baldintza batzuetan zegoenean hainbeste maite zuen lurra utzi eta guraso eta anaiarekin argentinaratu zela.

Ez zuen urte hauetan guztietan euskara batere galdu, are gehiago, garatu eta euskaraz idatzi eta irakurtzeko ohitura zuen: han edo hemen, euskaldunei euskaraz egiten zien, aurrez aurre edo idatziz. Internet aroa sartu zenean, lagun izan zuen horretan internet.

Ideiak argi zeuzkan emakumea zen, langilea, ingurukoak dantzan jartzen zituena. Gogotik euskaltzale eta abertzalea, pare bat aldiz etorri zen Zarautza bertan geratu zitzaion ahizpa Arantxa bisitatzera; zirkulazio arazoak zeuzkan eta zangoek pixkanaka karga handia bilakatu zitzaizkion, eta denborarekin ibili ezinik eta Macachindik eta etxetik atera ezinik geratu zen.

EuskalKultura.com-en eguneroko irakurlea eta sustatzaile zintzoa genuen, eta maiz idazten eta deitzen zigun Argentinatik Donostiara. Lehenik sarean, edo ondotik Euskal Herrira orain hamaika urte egin zuen pare bat ostera horietako batean ezagutu genuen aurrez aurre, Zarautzen. Batean, Mikel Atxagarekin, biek Argentinan urte mordoa eman zuen Txomin Jakakortexarena apaiz eta idazlearen ezagutza elkarbanatzen baitzuten. Baina baita Macachinen ere, bertaraino iritsirik, Macachin Pampan baitago, lautada amaigabeen erdian, Buenos Airestik 625 bat kilometro barrualdera. Argentinako Euskal Aste Nazionala bertan antolatu zenean orain hiru urte, hitzaspertu ederra izan genuen bere etxean.

Eskerrik asko zure bizitza osoko  ekarpen-ibilbideagatik, Alazne!

GB



Komentarioak

  • Dolumin bizienak

    Agur Alazne eta ikus arte Beti gogoan izanen zaitut.
    Noël

    Noël Elorga (Miarritze, Lapurdi), 2018/12/31 16:59

« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia