K. C. / Reno, AEB. Zinez nahigabetuta dakartzuet Alan Kingen heriotzaren berri. Alan Roy King (1954-2019) Ingalaterran jaio zen eta oraino gazte zelarik hurbildu zitzaion euskarari, euskaltzaletu, euskaldundu eta euskal hizkuntzalaritzaren munduan baneratu arte, berezko izena irabaziz nazioartean alor horretan. University of Nevada Press-ek 1994an argitaratu zion The Basque Language: A Practical Introduction, eta liburu eta metodo hau luzaroan izan zen ingelesetik euskarara hurbildu nahi zutenen erreferentzia bakarrenetako bat.
Bere bigarren liburuak, Basque grammar, Colloquial Basque --euskara ikasi nahi zuten ingelestunentzat hau ere, Begotxu Olaizolarekin batera idatzia-- begirada askoz praktikoagotik heldu zion hizkuntzari, lehenengoan gramatikak pisu handiegia baitzeukan hasiberrientzat. Alan bere arlo hori maite zuen hizkuntzalaria baitzen, besteek honela errekonozitua. Nork ez dauzka gogoan urte haietan euskara ikasteko metodoaren lagungarri atera zituen kaseteak
Euskaraz aparte beste hainbat hizkuntza ere mintzatzen zituen, tartean galegoa, hawaiiera, hebraiera, lenca, nawat, galesa eta arbasoen idish-a. Alanek ez zuen hizkuntza bat ikasten aztertzeko edo mintzatzeko besterik gabe, kultura horretan murgiltzeko baizik. Horrek hainbat hizkuntza eta kultura minorizatuen defendatzaile bilakarazi zuen.
Bere ibilbidea euskararekiko luzea da oso. Eta ez da beste hizkuntza eta kultura batzuetan egin zuena baino laburragoa. Bere lagun Jose Miguelek ez zuen hobekiago azaldu ahal izan:
"Munduak ez du gaur soilik egundoko hizkuntzalari bat galdu, gizaki eder bat baizik. Munduko hizkuntza minorizatuen eta euren hiztunen aldeko borrokatzaile nezaezina, loriatzeko moduko eredua zen, eleaniztuna, egile, pedagogoa, hizlari eta dibulgatzailea. Jatorriz anglo-judua, hainbat bezain euskaldun eta elsalvadortarra zen bihotzez. Gizarte ekintzaile eta indigenista, eta batez ere lagunen laguna zen eta familiazalea. Sekula pertsonalki ezagutu dudan hizkuntzalaririk handiena. Zaila izango da utzi diguzun hutsunea betetzea. Gales, Euskal Herria, Katalunia, El Salvador, Honduras, Hawaii, Kolonbiako zati bat eta munduko komunitate eleaniztun osoa hunkituta utzi gaituzu"
Estatu Batuetatik, euskal amerikar komunitate osoaren eta NABOren izenean, eta Euskal Herriaren eta bere Diaspora osoaren izenean, geure doluminik zitzoena bere alaba Maier, ama Celia, anaia Selwyn eta familiari. Goian Bego.
Bere webgunea: www.alanrking.info