euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Akordioa telefono konpainia eta fabrikatzaileekin euskara hizkuntz-menuko aukera bat gehiago gisa eskain dezaten

2007/10/18

Telefono mugikorrak (arg. Wikipedia.org)
Telefono mugikorrak (arg. Wikipedia.org)

PUBLIZITATEA

Eusko Jaurlaritzak akordioa sinatu du aste honetan telefonia arloko konpainiekin eta mugikorren fabrikatzaile nagusiekin, euskararen presentzia bermatzearren eta euskara hizkuntz menuko bat gehiago gisa ager dadin terminaletan eta oro har Euskadiko telefonia zerbitzuetan. Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordeak sinadura ekitaldian azpimarratu zuenez, 25 urte azpiko gazteen %50etik gora elebidunak dira, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan bederen eta 30 urtetik beherakoen artean %77,3 gauza da mugikorra euskaraz erabiltzeko. Akordioa, mugikorra euskaraz erabili nahi duten hiritar guztiei eskubide hori bermatzearren sinatu da.
Herenegun Bilbon sinaturiko akordio honen arabera Eroski, Euskaltel, Telefónica, Vodafone eta Yoigo operadoreek, eta Alcatel, Nokia, Samsung eta Sony Ericsson fabrikatzaileek konpromisoa hartu dute euskara progresiboki, pixkanaka, sustatzeko telefonia mugikorraren esparruan, Patxi Baztarrikak azaldu duenez. Hizkuntza Politikarako sailburuordeak oroitarazi duenez, azken 20 urteotan 200.000 hiztun irabazi ditu euskarak Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; eta gaur egun biztanle guztien artean “heren batek” daki euskaraz.

Fabrikatzaileen konpromisoak

a) Euskara ezarriko dute progresiboki Euskadin merkaturatzen dituzten terminaletan
b) Pantaila interaktiboen bidezko teknologia-produktuetan euskara jarriko dute menu eta aplikazioetako hizkuntza-aukeren artean
c) Euskara ezarriko dute erabiltzaileen eskuliburuetan eta webetik jaso ditzakegun euskarri elektronikoko gida azkarretan ere

Operadoreen konpromisoak

a) Terminalak fabrikatzen dituzten enpresei egindako eskaeretan eskatuko diete euskara izan dadila menuetako eta aplikazioetako aukerako hizkuntzetariko bat. Eskaera hori oso mugatua izango da 2007ko Gabonetako eta Errege kanpainetarako (gauden datetan gaudelako), zabalagoa 2008ko udako kanpainarako, eta orokorra izango 2008ko Gabonetako eta Erregeenetako kanpainarako
b) Beren komunikazioetan, kanpainak egingo dituzte beren bezeroek euskararen aukera ez daukaten telefonoak berritu edo alda ditzaten, aukera hori duten terminalak eskuratzeko bidea izan dezaten hala nahi badute
c) Publizitatean, banaketa-guneetan eta web orrian argi adieraziko dute zein terminalek duten euskara-aukera
d) Hala nahi duten bezeroek enpresarekin harremana euskaraz izateko aukera bermatuko dute, indarrean dagoen legeria betez

Jaurlaritzaren konpromisoak

a) Eusko Jaurlaritzak babes instituzionala emango die hitzarmen hau sinatu duten enpresek euskara edo euskal kultura sustatzea helburuarekin bultzaturiko ekintzei
b) Eusko Jaurlaritzak doaneko hizkuntza-aholkularitza eskainiko die hitzarmen hauen sinatzaileei euskarazko bertsioen egokitasuna eta terminologia-zuzentasuna bermatzeko
c) Eusko Jaurlaritzak gizartean urtero sustatu eta jakinaraziko ditu telefonia mugigarrian euskaraz gertaturiko berrikuntzak, bereziki Gabonetako eta Erregeenetako kanpainetan, operadoreen izenak publikoki jakinaraziz, noski

Baztarrikak amaitu zuen esanez konpromiso hauen ondorio praktikoak, batez ere, “datorren urteko udan eta Gabonetan atzemango” direla. Eta aurreratu Kultura sailburuak hil honetan bertan, eta berak eskatuta, “agerraldia egingo” duela Legebiltzarrean hitzarmen hauei buruzko xehetasunak azaltzeko.


Lotura interesgarriak

Hiztegiak online
EuskalKultura.com webgunean

Mantxut, segapoto SMS hiztegia
Argia.com webgunean


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia