Bahía Blanca, Argentina. Joan den larunbatean amaitu da Bahia Blancan FEVAk eta Etxepare Euskal Institutuak antolatutako Euskara Munduan programako lau urteko aldi honetako zortzigarren barnetegia. Topaketa uztailaren 15etik 22ra arte egin zen, eta egungo promozioa osatzen duten Argentina, Txile eta Uruguaiko 22 irakasle-ikasleetatik 16k parte hartu dute aurrez aurre. Barnetegia, Ameriketan egiten duten azkena izan da talde honentzat. Dena den, ikasleek abuztuan berrekingo diete Internet bidezko ikasketei, eta abenduan amaituko dute euren trebakuntza. Ondoren, aukera eman zaie datorren urtarrilean Euskal Herrian barnetegi bat egiteko.
Eskolak Bahia Blancan, Buenos Airesko Anabel Jaureguiberryk eta Gabriel Arcek eman dituzte. Koordinazio lanetan FEVAko Gabriela Mendia aritu da eta Etxepare Euskal Institutuaren partez 'Euskara Munduan'eko arduradun Kinku Zinkunegi. Barnetegiaren garapenari buruz galdetuta, Zinkunegik oso gustura bukatu dutela adierazi dio EuskalKultura.eus-i, “oso harrera ona izan dugu Euskal Etxearen aldetik, oso ondo zaindu gaituzte eta baliabide guztiak eskuratu dizkigute”, azaldu du.
Afalorduan, barnetegiko partaideak eta Union Vascako lehendakari Iñaki Ederra (zutik)
Bahia Blancako Unión Vasca Euskal Etxe anfitrioiko lehendakari Iñaki Ederra ere pozik agertu da. “Harro egoteko modukoa da barnetegia hemen izatea. Ikasle hauek egiten duten ahalegina ikusten dugu eta benetan motibagarria da, etxean edukitzea gustatzen zaigu. Elkartrukean denok ikasten dugu, oso esperientzia suspergarria da” esanez.
Barnetegia Lazkaon 2024ko urtarrilean
Berri pozgarria jaso dute Bahian ibilitako ikasleek. Zinkunegik jakinarazi dienez, laster Euskal Herrira joateko aukera izango dute euskalduntze prozesua biribiltzeko. “Talde honen ibilbidea oso gogorra izan da eta oso bakartia, kontuan hartuta 2020ko urtarrilean hasi zutela prozesua eta abiatu orduko COVIDak itxi gintuela. Beraz, lehenengo bi urteetan hiru barnetegi jarraian egin zituzten online. Egoera ezin zitekeen konplikatuagoa izan, ez baitzegoen aurrez aurrekorako inolako aukerarik".
Ikasgelan, Argentina, Txile eta Urugaiko zenbait ikasle, Anabel Jaureguiberry irakaslea erdian
"Azpimarratu nahi nuke jendearen ahalegina eta inplikazioa bereziki txalotzeko modukoa dela. Oso harro nago egin duten bilakaerarekin. Taldearen euskalduntze prozesua abenduan bukatuko da, eta gure asmoa da urtarrilean eta otsailean Maizpiden barnetegia egiteko aukera ematea, ikasprozesua han buka dezaten”, adierazi du Etxepareko arduradunak.
Partaideak Bahía Blancan
Honako hauek izan dira Bahía Blancan, 8. eta azkeneko barnetegian parte hartu duten ikasle/irakasleak:
- Begoña Tisera, Euzkal Etxea, San Nicolás (Argentina)
- Beatriz Poumé, Gure Etxea, Tandil (Argentina)
- Brian Williams, Eusko Kultur Etxea, Buenos Aires Hiria (Argentina)
- Christian Echeverria, Santiago, Chile (Txile)
- Irma Biscaychipy, Bahía Blanca (Argentina)
- Maite Salsamendi, Centro Basko Azuleño, Azul (Argentina)
- María Silvia Soloaga, Euskal Jatorri, Posadas (Argentina)
- Mincha Miro, Euzkal Etxea, San Nicolás (Argentina)
- Natalia Urcola, Euskal Etxea, General Belgrano (Argentina)
- Noé Fernández, Gerora, Córdoba (Argentina)
- María Noel Abella, FIVU, Montevideo (Uruguay)
- Nora Huici, Unión Vasca, Bahía Blanca (Argentina)
- Santiago Benavidez, Gure Etxea, Tandil (Argentina)
- Sara de Salterain, FIVU, Montevideo (Uruguay)
- Susana Siccardi, Anaitasuna, Maipú (Argentina)
- Virginia Argañaraz, Aberri Etxea, Viedma (Argentina)
Zorionak!!!