euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Aitzpea Leizaola, antropologoa: "Oso diaspora bizi eta anitza topatu dut Argentinan egin berria dudan egonaldian"

2022/12/21

Ezkerrean, Sabrina Otegui UNLPko irakurlea, eskuinean, Aitzpea Leizaola antropologo donostiarra La Platako Unibertsitatean abenduaren 2an emandako hitzaldi irekian
Ezkerrean, Sabrina Otegui UNLPko irakurlea, eskuinean, Aitzpea Leizaola antropologo donostiarra La Platako Unibertsitatean abenduaren 2an emandako hitzaldi irekian

PUBLIZITATEA

Buenos Aires, Argentina. Aitzpea Leizaola antropologo donostiarrak bisitatu berria du Argentina azaro amaieran eta abendu hasieran hiriburuko UBAn (Universidad de Buenos Aires) graduondo mintegi bat ematearren 2019an Etxepare Euskal Institutuak eta CONICETeko (Consejo Nacional de Investigaciones Científicas y Técnicas) IMHCIHU institutuak sortutako 'Amale Artetxe' katedraren baitan. Leizaolak bilera bat izan zuen baita ere REVA (Red de Estudios Vascos en Argentina) izeneko sareko ikertzaileekin eta hitzaldi bat eman zuen azkenik, publiko zabalari irekia, La Platako Unibertsitate Nazionalean (UNLP).

Behin bakarrik izana zen aurretik antropologoa Argentinan, orain zazpi urte, ikerketa testuinguru batean, eta kontatzen dio EuskalKultura.eus-i oso harrera ona eskaini diotela, oso ikasle inplikatu eta motibatuekin aritu baita, eta izan ere berak ere haiengandik ikasi duela, "gai batzuetan fokoa lekuz aldatu eta beste begirada mota bat ekarri baitzidaten, eta hori eskertzeko modukoa da beti, " Taldea txikia baina trinkoa izan da, interes handia agertu dute eta beren artean bazegoen bat Montevideotik propio etorri zena ikastarorako, eta beste bat egunero etortzen zena Buenos Airesera La Platatik".

Iritzi eta eskarmentu trukea REVAkoekin

"Nik antropologiako graduan ematen ditut eskolak Euskal Herriko Unibertsitatean, eta urte askotan, gehienbat euskal kultura gaietan, diasporari buruz tokatu izan zait hitz egitea, gai-zerrendako parte zelako. Ez da orain arte bereziki landu dudan gai bat baina ikusita aurtengo esperientzia ezin uka oso gai tentagarria iruditzen zaidala, ertz askotatik heldu dakiokeelako eta, bestalde, hemengo euskal komunitatea bizia eta anitza iruditu zaidalako, gutxienez Buenos Aires eta La Plata aldean, eduki dudan kontaktu laburrean ezagutu ahal izan dudana", esan digu.

La Platako UNLPn eskaini zuen hitzaldi irekia ere "oso aberasgarria izan zen, publiko aldetik oso eskertua", agertu du, "eta ondoren ere La Platako Euzko Etxea ezagutzeko eta bertako euskal komunitateko jardueren berri izateko aukera izan nuen” gaineratu du. "Buenos Airesen, REVA sarean lanean dabiltzan ikerlariekin ere bildu eta elkarrekin iritziak, informazioa eta esperientziak trukatzeko parada izan nuen". “Oso esperientzia polita izan zen, diziplina ezberdinetatik euskal gaiak aztertzen dituzten ikerlariekin gure lanez eta proiektuez jardutea". Ez du baztertzen, honakoa bezalako beste aukeraren bat sortuko balitzaio, itzultzea, "gustura gainera", aitortu digu.



« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia