Hamar urte bete zituen, iaz, San Frantziskoko Basque Educational Organization-ek antolatzen duen Basque Film Series zinema programak. Hasieran jarraipenik bako film saio legez planteatu bazen ere, harrera onak segida ekarri zion eta, gaur egun, udaberrian eta udazkenean saio bana antolatzen dute. Philippe Acheritogaray da programaren arima, eta berak aukeratzen ditu filmak. Duela urte batzuk filmak aurkezteko jendea gonbidatzen hasi ziren. Hor izan dira Pedro Oiarzabal, Xabier Irujo, Oscar Alvarez, Emily Lobsenz edota Marcia Barinaga, izen batzuk aipatzearren. Zerrendako azkena, baina, Itxaso Cayerorekin batera NABOko euskara koordinatzailea den Aitor Inarra dugu.
Ander Egiluz Beramendi, AEB. Uztailaren 25ean beteko dira hamar urte Aitor Inarra (Donostia, 1971) AEBetara ailegatu zela. San Frantziskora heldu zen eta bertan geratzea deliberatu zuen, behe-lainoaren hiriaren xarmak atrapaturik, zelanbait. Hainbat lanetan ibilia izan bada ere, aktore lanak egiten hasi zen orain hiru urte. Titulurik aipagarriena, dudarik barik, Clive Owen eta Nicole Kidman-ekin batera egin zuen Hemingway and Gellhorn (2012) filma.
-Zeu zara aurten ere Basque Films Series-eko aurkezlea eta, berehala, apirilaren 10ean, eskainiko duzu bigarren filma. Zer nolakoa dabil izaten esperientzia?
Oso ona. Askatasun osoa daukat filmak nahi dudan erara aurkezteko eta, alde teknikoa baino, kontestua interesatzen zaidanez, horri buruz hitz egiten dut: historia, egoera sozio-politikoa, istorioa inguratzen duen dena… Adibidez, iaz, Bilbon garatzen den Bypass komedia jarri genuen eta, osasun sistemari buruz hitz egiten dutenez bertan, nik hiriaz hitz egin nien, baina baita Osakidetzaren inguruan ere, eta konparatu egin nituen hango eta hemengo osasun sistemak.
-Horrelako aurkezpenak prestatzen ere asko ikasten da.
Bai, asko ikasten ari naiz. Gainera uste dut jendeak oso gustuko dituela azalpen horiek. Iaz, Bigarren Mundu Gerrari buruzko filma eman aurretik, gerra osteko Frantziaren egoera azaldu nuen eta pilo bat ikasi nuen. Gainera, hemengo euskaldun gehienak Iparraldekoak direnez, interes handiarekin entzun zuten.
-Emanaldiaren ostean eztabaida moduko bat egiten duzue ere. Erraza da jendea parte hartzera animatzea?
Egia esan, ez (barre egiten du). Hasieran kostatzen zaie, baina nik galdera pare bat botatzen ditut eta, orduan, iritziak ematen hasten dira. Askok, baina, dena bukatu arte itxaroten dute zoriontzeko edo komentarioren bat egiteko.
-Badaude gai korapilatsuagoak jorratzen dituzten filmak, politika kontuak lantzen dituztelako, aste honetan emango duzuen 'Jostunak' bezala. Zailagoa da lan horien aurkezpena egitea?
Egia da AEBetako euskaldun askok distantziarekin begiratu dutela euskal gatazka, baina egia da ere ETAren desagerpenaren ostean gauzak aldatu egin direla hemen eta aldarrikapenak entzuten direla Euskal Herriko bertsolarien saioetan, edota kontzertu eta hitzaldietan. Argi dago ez dela gauza bera Bypass aurkeztea edo Gazta zati bat aurkeztea, askoz emozionalagoa baita bigarrena. Eta Jostunak-ekin berdin gertatzen da, oso gai polita delako. Esperantza ematen du, gizarte zibila, inongo tentsiorik gabe, mugitzen ari dela ikusten dugulako. Gainera, konturatu naiz, gaien inguruko neure ikuspuntua ezagutzea gustatzen zaiela, gerturatu egiten ditudalako.
-Zer jende mota hurbildu ohi da emanaldietara?
Oso profil nahasia dago ikusleen artean, baina egia da ere, dokumentaletara jende edadetu gehiago hurbildu ohi dela. Basque Cultural Center-a nahiko urruti dagoenez, ez da bakarrik inguruko jendea etortzen eta, nahiz eta gehienak euskaldunak diren, esaterako errusiarrak ere izan ditugu, bai eta alemanak ere. Izatez, Una esvástica sobre el Bidasoa eman genuenean, laurogei urte inguruko Alemaniako emakume bat zoriontzera hurbildu zitzaidan eta esan zidan beraien talde kulturalean ez dituztela horrelako gauza interesgarriak egiten. Oso gauza polita da hain jende desberdina hurbiltzen dela ikustea.