Gardnerville, Nevada, AEB. Aitor Berruetak eta Philip Elicagaray-k osatutako bikoteak irabazi du joan den larunbatean, Gardnervilleko Mendiko Euskaldun Cluba antolatzaile, Mindengo Carson Valley Inn kasinoaren aretoetan jokatu den NABOko Mus Txapelketa Nazionala. Gogora dezagun Estatu Batuak herrialde oso aktiboa direla nazioarteko musari dagokionez, eta bertako NABO euskal etxeen federazioa motore, Pierro Etcharren mus 'chairperson edo arduradun dela, jende asko mugitzen duela joko honen inguruan, aurtengo AEBko txapelketak 574 bikote bildu dituelarik herri mailako txapelketetan, joan den asteburuko finaletara 41 iritsi arte.
2023ko AEBko Txapeldunak, Aitor Berrueta eta Philip Elicaray, Mendiko Euskaldun Clubaren ordezkari
Bigarren gelditu zen bikotea, Chris Bonson and Maurice Negueloua
Mindengo Carson Valley Inn kasinoko aretoa, bertan lehian aritu ziren 41 bikoteak jo ta ke
Asteburuan AEBko txapela irabazi ondoren, Aitor Berruetak eta Philip Elicaray-k lortu dituzte urrian,Txileko Mus Federazioa eta Mundukoa antolatzaile garatuko den Euskal Gizataldeen arteko Munduko Mus Txapelketaren finalean Estatu Batuetako ordezkari aritzeko txartelak. Musa, joko bat baino gehiago, erlijio bat ere bada mundu osoko hainbat muslarientzat, eta Estatu Batuetako finalean eta, aurretik ere, sailkatzeko hamaika txapelketetan, goizean goizik hasi, zazpietan edo zortzietan, eta hamaika orduz buru belarri jokatzen edo jokoa segitzen mantentzeko gauza den jarduera du jende askok. AEBko finala jokatu den Gardnerville-Minden eta bertako Mendiko Euskaldun Cluba, berez euskal elkarte txikia izanik, musari dagokionez potentzia da Estatu Batuetan, jokalari andana ederra biltzen baitu bertako tokiko mus txapelketak.
Zorionak irabazleei eta parte hartutako guztiei, eta, bistan da, NABOko eta Mendiko Euskaldun Clubeko antolatzaileei!