euskalkultura.eus

euskal diaspora eta kultura

Albisteak rss

Aitor Alava dantzari arabarrak bost urte daramatza Argentinan finkatuta, euskal dantza irakasle

2009/12/14

Aitor Alava dantzari arabar argentinartua (argazkia Isa Suarez)
Aitor Alava dantzari arabar argentinartua (argazkia Isa Suarez)

PUBLIZITATEA

Euskal Herriko herriska batean, Arabako Zuhatzan, jaio zen Aitor Alava. Hamaika urterekin eta Aiara Dantza Taldean hasi zen bere lehenengo pausoak ematen euskal dantzen munduan. Oso jarduera txukuna zeraman jaioterrian, talde askorekin egin zuen dantza eta bere lekua hasia zen erdiesten. Baina berak askotan errepikatzen duenez, 'munduak bira asko ematen ditu' eta euskarak Marina, neska argentinar bat ezagutzera eraman zuen. Orain Aitor, Marina eta Maialen, bien alabatxoa, Buenos Airesen bizi dira; baina euskal kulturaren alde, batez ere euskal dantzen alde gogor lan eginez segitzen baitu arabarrak. Euskal etxe askorekin harremanetan, Euskal Echea Institutuan ari da eta bere taldea, 'Ekin Dantzari Taldea', sortu zuen iaz. 'Euskal Herriko zazpi herrialdeetako dantzak ikasiz gure herriko kultura eta nortasuna hobeto ezagutu daiteke', ziurtatzen du Argentinan jadanik bost urte eman dituen Aitorrek.

Buenos Aires, Argentina. Nire betiko taldea Aiara Dantza Taldea izan da --azaltzen du Aitorrek. 1984ean hasi zen Amurrion Amurrio eta Aiara bailara osoko kideek sortuta. Momentu hartan hiru anaia-arreba nagusiok, Edurne, Aitziber eta hirurok hasi ginen, eta gero txikiak, Maider eta Iñakitxu, bildu zitzaizkigun. Prestakuntza oso ezberdina zuten bi irakasle izan genituen, Edorta Yaldebere eta Isabel Sanchez, eta esan beharra daukat aniztasun horrek asko aberastu gintuela. Bitartean jende askorekin dantzatu nuen; baina agian nire ekimen atseginetako bat 'Malapartatuen Taldea'rekin izan zen. Lehenengo mailako dantzariekin egin izan ditut ikastaroak, eta batzuk lagunak ditut orain; baina dudarik gabe, nire ibilbidean oso une garrantzitsua Zuberoako dantzak ikastea izan zen, Santutxuko Gaztedi Dantzari Taldearekin.

-2004an etorri ziren Argentinara bizitzera, zergatik?

2003ko abuztuan euskara ikasteko erabakia hartu nuen eta erabaki horrek beste hainbat hautaketa egitera eraman ninduen. Ikastera, Lazkaoko Maizpidera joan nintzen eta han Marina Aranguren nire bikotekidea, argentinarra bera, ezagutu nuen. Marina ikastaro bat egitera joana zen eta bukatutakoan Argentinara itzuli zen. Hilabete batzuk pasa ondoren, ni neu ere Argentinara etortzea erabaki nuen. Eta hemen geratu naiz.

Aitor Alava eta Marina Aranguren

[Aitor Alava bere bikotekide Marina Arangurenekin]

-2004an heldu zinen Argentinara lehendabizikoz; ze pausoak eman zenituen hemen?

Hamar bat euskal etxe bisitatu nituen. La Platako Euskal Aste Nazionala laster izango zenez, Euskal Asteko galan taldeek dantzatuko zituzten dantza batzuk irakatsi nizkien. Urte hartan ere Eusko Kultur Etxeak ateak ireki zizkidan euskal dantzei buruzko tailerra emateko. Orduan hasi eta gaur egun jarraitzen dugu tailer horrekin.

Eusketxeko dantza tailerra

[Eusketxeko dantza tailer eta Ekin Dantzari Taldeko kideak euskararen egunean]

-Zer izan zen gehien harritu zintuena Argentinan, dantzaren munduan eta euskal etxeetan orokorrean?

Gogoan daukat oraindik zerk harritu ninduen gehien: oso baliabide gutxirekin baina taldeen lanari esker zenbat gauza interesgarri lortzen ziren. Hainbeste jende dantzatzen ikusteak ere txunditu egin ninduen. Oso dantzari onekin topo egin nuen, baita gogo biziz eta kemenez betetako jendearekin ere. Eta Euskal etxeen tamainak… zer esan dezaket… Beti esaten dut nik Argentinan gauza guztiak 'Argentinar neurrikoak' direla, handiak, alegia. Nire herrian zerumuga eta etorkizuna bat datoz mendi hurbilenean. Hemen, ordea, ez dago erreferentzia-marrarik eta hori batzuetan etsigarria da. Agian gizakiok hurbil ikus daitezkeen helmugak behar ditugu, behin lortuta, berri bat finkatzeko, baina hori Argentinako Pampan ezinezkoa da. Euskal etxeak oso ezberdinak dira haien artean, eta egia da, ez da “topiko” bat hori esatea. Hiri handietakoek ere beren nortasuna dute, elkarrengandik ezberdina.

-Erraza al da dantzari profesional batentzat Argentinako dantzen munduan sartzea? Ze nolako oztoporekin aurkitu izan zara edo aurkitzen dituzu?

Nire kasuan iritsi nintzen urtean ate asko ireki zitzaizkidan eta oso ondo hartuta izan nintzen euskal etxeetan. Ezagutu genuen elkar eta hainbatekin oraindik jarraitzen dugu kontaktuan. Alabaina pentsatzen dut mundu globalizatu honetan ateak ez direla erraz irekitzen. Zuk ateak jo ditzakezu baina lana, benetako eta eguneroko lana da bideak irekiko dizkizuna.

-Zein euskal etxetan eman dituzu eskolak?

Momentu honetan gogoratzen ditudanak --barka nazatela bat edo beste ahanzten badut-- hauek dira: Paranako 'Urrundik' eta 'Ibai Guren'; Arrecifesko 'Euskaldunak Denak Bat'; Gral. Villegasko 'Villegas’ko Euskaldunak'; Trenque Lauquengo 'Euskal Sustraiak', Chacabucoko 'Guillermo Larregui' Euskal Etxea; La Platako 'Euzko Etxea'; Jose C. Pazeko 'Toki Eder', Buenos Airesko 'Euskaltzaleak' eta 'Eusko kultur Etxea'; Rauch-ko 'Gure Txokoa'; Bolivarreko 'Danak Bat'; Lapridako 'Lagunen Etxea'; Cnel. Pringlesko 'Eusko Biltzar', Chivilcoyko 'Beti Aurrera', Suipachako 'Gure Txokoa', Euskal Echea Institutua, Carmeloko 'Ibai ondoko etxea' (Uruguain), FIVUk antolatutako Udalekuan eta FEVAk antolatutako zuzendarientzako ikastaroa.

-Eta gaur egun non aritzen zara?

Gaur egun, astero tailer bat ematen dut Buenos Airesko Mexiko kaleko euskal etxean, hau da, Mexiko kalean dagoen eta Eusko Kultur Etxea, Euskaltzaleak eta Ekin Argitaletxea batzen dituen euskal egoitzan. Tailer hau adin guztietako partaideei zuzenduta dago. Oso talde heterogeneoa da eta izan da beti. Uste dut hor ikusten dela jendearen beharra, batez ere jende helduarena: giro ludiko batean eta dantza eginez, euskal kulturan parte hartu nahi dute. Izan ere, Euskal Herriko zazpi herrialdeetako dantzak ikasiz gure herriko kultura eta nortasuna hobeto ezagutu daiteke. Beste alde batetik, duela urte eta erdi Ekin Dantzari Taldea sortu genuen eta gure lehenengo urratsak ematen ari gara. Uste dut datorren urtean sendotzea lortuko dugula. Bien bitartean Llavallolgo Euskal Echea Institutuan urtean zehar euskal jaia prestatzen laguntzen dut. Eta hilabetero joaten naiz Carmelora (Uruguai) klaseak ematera. Gauza hauetaz gain, noizbehinkako eskolak ematen ditut Villegasen, La Platan --'Zaharrak' Taldeari--, Chivilcoyn… Ezkontza batzuetan aurreskuak dantzatzen ditut, baita familia-topaketetan ere.

Ekin Dantzari Taldea

[Aitor Alava bera buru duen Ekin Dantzari Taldearekin]

-Euskal Etxeen esparrutik kanpo, Buenos Airesko plazetan euskal dantzak ikus daitezke beste dantza biribilekin batera, eta zuk zer ikusi handia duzu horrekin...

2005ean dantza biribilen koordinatzailea den Julia Martinekin jarri nintzen kontaktuan, euren elkarretaratzeetan euskal dantzak ere sartu ahal izateko, eta gaur eguneraino mota askotako ekintzak antolatu ditugu, ikastaroak, klaseak, Avellaneda Parkean urtero egiten diren topaketak… Dantza biribilen arloa oso zabala da eta gaur esan dezakegu errepertorio horretan euskal dantzak ere irakasten direla eta sartu ahal izan ditugula.

-Euskal Herrian badago halako ezer?

1998. urtean, oker ez banaiz, Tapia eta Leturia hasi ziren dantza irakasle bat sartzen erromerietan. Maisu hori Patxi Perez zen eta bere errepertorioan euskal dantzez aparte, Europa osoko dantzak ere bazituen, gehienak  biribilak. Gaur talde gehiagok egiten dute lan hori bultzatzen, horrela, plazetako dantzak.

-Aurten esperientzia berria izan duzu: zure alabatxo Maialen jaio da, nola da aitaren bizitza?

Arlo honetan ere badaude topikoak. Esaten da ume bat izaten duzunenean bizitza aldatu egiten dela, baina normalean murrizte aldera, zentzu txarrarekin. Ni ez nago batere ados horrekin. Aldatu, aldatu egiten da, baina hobera, esango nuke.

Aitor Alava Maialen alabatxoarekin

[Aitor dantzan Maialen bere alabatxoarekin]

-Pentsatzen dut denboraren poderioz aldatzen joaten direla: zeintzuk dira gaur egun zure erronkak?

Bizitzaren momentu honetan ametsak ez dira banakakoak, partekatuak baizik. Dantza arloan, nire lagun on batek esan zidan behin eliteek gero eta hobeto egiten dutela dantza, baina herriak gero eta gutxiago. Uste dut nire lagunak arrazoia zuela. Herriak dantza egin behar du, gozatu eta ezagutu egin behar ditu dantzak eta lan hori zaila da eta batzuetan ikusezina. Dantza klaseetara hurbiltzen diren batzuek esan izan didate 'Traketsa nintzela pentsatzen nuen, baina orain ikusten dut dantzan egin dezakedala”; esaldi hori entzuteak pozez betetzen nau. Nire helburu gaur egun, euskal etxeetako aretoak esku eta oin anonimoez betetzea da. Piramidean beti egongo da gailur bat, baina oinarria gero eta sendoagoa izatea da nire erronka.

-Bukatzeko, Aitor, lehen euskaldunak Argentinara etortzen ziren bizimodu bila; gaur, berriz, mugimendua alderantzizkoa da normalean. Zuk, ordea, argentinaratzea erabaki duzu, nola bizi duzu hautu hori?

Normalean gizakiok balio gehiago ematen diogu galdu dugunari edo ezin izan dugunari. Argentinak denetik dauka eta uste dut ez dela beharrezkoa kanpora begiratzea edo 'auzokoak' hobeto daudela pentsatzea. Azken finean, munduak bira asko ematen ditu. Aldi berean, gaur egungo teknologiekin, guk geuk handitu ala estutu ditzakegu distantziak, gure esku dago gauzak errazagoak egitea.

Lotura interesgarriak

Aitor Alavaren blog-a
http://dantza.blogspot.com

 

 


« aurrekoa
hurrengoa »

© 2014 - 2019 Basque Heritage Elkartea

Bera Bera 73
20009 Donostia / San Sebastián
Tel: (+34) 943 316170
Email: info@euskalkultura.eus

jaurlaritza gipuzkoa bizkaia